Sostengu beharrizanez

Sostengu beharrizanez

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Meari lotutako ibarra da Trapagarangoa. Mearen ustiaketak higatu du haren paisaia, eta historikoki burdinak ezaugarritu du ingurua. Paisaia hori aukeratu zuen Guillermo Olmo eskultoreak, duela hamar urte inguru, Euskal Herriko sortzaileen erakustokia jartzeko. Eskulturen parkearen egitasmoa abiatu zuen hala. Hasiera hartan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan zuen. Ordutik, zeresan handia eman du Meatzalde Goikoa parkea gisa izendatu denaren kudeaketak.

Gaur- gaurkoz, Meatzalde Goikoa elkartearen ardurapean dago parkea, baina defizita sortzen du egitasmoak, eta ika-mika eragin du horrek Bizkaiko Batzar Nagusietan. Artisten elkartearekin akordiorik lortu ezean, aldundiaren esku geratuko da egitasmoaren kudeaketa.

2007tik dator eskultura parkearen auziaren soka. Euskal Herri osoko eskultoreak biltzeko sortu zen orduan Meatzalde Goikoa elkartea. Europan zehar dauden eskultura parkeen ideia Trapagarango Zugaztieta auzora eraman nahi zuen elkarteak. Antzina meategien kokalekua zena Euskal Herriko artisten lana ezagutarazteko erreferentziazko gune izatea zen asmoa: artea eta natura uztartu, eta arloa herritarrei hurbiltzeko egitasmoa.

Diputazioaren lurrak dira Zugaztietakoak, eta, egitasmoak aurrera egiteko, aldundiak baimena eman zion Del Olmo eskultoreak gidatutako elkarteari. Akordioa sinatu zuten alde biek, eta, ordutik hona, kritikak jaso ditu, parkearen mantentze lanen gabeziagatik eta azken urteetan izan duen defizitagatik.

Parkea diruz laguntzen du aldundiak. Hala ere, 30.000 euroko zorra du 2014tik, Nestor Basterretxearen eskultura jarri zenetik, alegia. Horrez gain, egitasmoaren garapenean aldundiak “irregulartasunak” sumatu ditu elkarteak laguntza ekonomikoak justifikatzeko egindako kontuetan.

Kudeaketa, auzitan

Parkearen egoerak eztabaida piztu du aldundiko alderdi politikoen artean, eta Euskara eta Kultura Batzordean eztabaidagai izan dute auzia aste honetan. Datozen egunetan egitasmoa bideragarria egiteko Meatzalde Goikoa elkartearekin akordiorik lortu ezean, aldundiak hartuko du Trapagarango parkearen ardura.

EAJk eta PSE-EEk egin dute proposamena batzordean, eta babestu egin du PPk. Jeltzaleek eta sozialistek lurraldeko turismoa areagotzeko aukera gisa ikusten dute, eta artearen, naturaren eta herritarren artean “sinergiak” lortzeko egitasmo gisa dute eskultura parkea. Proiektuaren iraupena bermatzearen aldeko apustua egin dute alderdi biek, eta, horregatik, artista elkartearekin auzia konpontzeko saioak egingo dituzte orain.

Abstentzioaren aldeko jarrera izan dute Ahal Dugu-k eta EH Bilduk, “argitu gabeko kontu asko” dagoela argudiatuta. Koalizio abertzalearen arabera, artisten elkartea entzuteaz gain, beharrezkoa da parkeko auzokideekin ere hitz egitea. Izan ere, Meatzalde Goikoa parkearen kontra azaldu dira La Reineta eta Burdin Herria auzokideen elkarteak. Meategien eremuaren eta tokiko ondarearen alde ari dira lanean bi horiek. Eta eskulturak lekualdatzea eskatu dute; izan ere, haien ustez, mea paisaiari protagonismoa kentzeaz gain, ez dute harremanik mearen historiarekin. “Hain zuzen, hori da sustatu behar dena”. Erakunde publikoek elkarte pribatuen zorrak ordaintzearen aurka ere agertu dira auzokide elkarteko kideak.

Meatzalde Goikoaren bultzatzaile nagusiaren arabera, aldundiari dagokio egitasmoaren etorkizunaz erabakitzea, “orain arteko gastu ekonomikoa berak ordaindu duelako, eta lursaila ere berea delako”.