“Euskara ikusezin dutenen etxeetara ere iritsi gura dugu”

“Euskara ikusezin dutenen etxeetara ere iritsi gura dugu”

Natalia Salazar Orbe

Kalean da Binke! aldizkaria. Atzo eman zuten argitara Galdakao eta Usansoloko etxe guztietara hilean behin iritsiko den euskara hutsezko hilabetekaria. Babes handiarekin eratutako proiektua da, eta adin eta esparru askotako jendeak bultzatu du. Denera 30.000 biztanle dituzten herriotan denbora luzean egindako aldarrikapenaren emaitza da. Pozik aurkeztu du proiektua Jon Gomez Garai koordinatzaileak (Galdakao, 1990).

Zeri esaten dio Binke! zuen aldizkariak?

Ondoko galdera egin diogu elkarri sarri: “Ez duzu uste euskara hutsezko komunikabide bat izateko garaia badela Galdakaon?”. Eta erantzuna beti izan da bera: “Binke!”; hau da, bai, horixe; benetan be. Bizkaierazko berba da, laburra, eta erraz gogoratzeko modukoa. Gure inguruan erabiltzen da, baita Txorierrin ere. Eta, Galdakaon asko erabili izan da. Hala ere, gero eta gutxiago entzuten da. Faktore horien guztien batuketatik dator. Roberto Perez kazetariak proposatu zuen izena, eta proposamen guztien artean politena eta aproposena zela erabaki genuen.

Denena izango den aldizkari gisa aurkeztu duzue. Nola bermatuko duzue hori?

Atzean dagoen elkartearen isla da aniztasuna: adin, genero eta iritzi askotako euskaltzaleak elkartu gara. Denaren gainetik euskara dago. Hainbat esparru eta arlotako jendea gara; 60 urtetik beherako norbanakoak, eta kolore askotakoak. Aitu elkarteak batzorde lanak egingo ditu. Horrek bermatuko du Binke!-ren aniztasuna. Denei egingo diegu lekua. Hainbat herritarren kolaborazioak izango ditugu. Kolaborazio horiek edo landuko ditugun gaiak askotarikoak izango dira. Uste dugu euskara eta profesionaltasuna eskutik joan daitezkeela. Askotan entzun da euskaraz egiten den zerbait ezin daitekeela profesionala izan. Guk ere posible dela frogatuko dugu.

Papera duzue euskarri. Adin guztietarako euskaldunengana iritsi ahal izateko asmoz hartutako erabakia izan al da?

Eustaten azken datuen arabera, Galdakao eta Usansoloko biztanleen %66 euskaldunak edo ia euskaldunak dira. Bistakoa da, beraz, euskaraz dakien jende asko dagoela. Hala ere, euskara ikusezin egon da. Eta, batez ere, euskaraz ez dakitenentzako euskara ez da existitu herrian. Hala, euskara ikusezin dutenen etxeetara ere iritsi gura dugu. Horregatik jo dugu paperera. 14.000 ale banatuko ditugu hilero; hemen sekula egin den banaketarik indartsuena da. Euskaraz bizi den komunitatea badagoela erakutsi gura dugu, euskaldunak ez direnei agerrarazteko hau euskarazko herri bat dela.

Interneten aritzea aurreikusten duzue?

Hasierako hileetan ez. Bagaude Facebooken eta Twitterren, apurka lekua egiten ari gara sare sozialetan. Baina asmoa da oraingoz paperean aritzea. Webgunea izan gura dugu, hor egon behar dugula jakin badakigu, baina oso garestia da. Horrez gain, webgune batera hala gura duena sartzen da, eta guk jendearen eskuetara iritsi nahi dugu. Inork ez dezala gure ateari joka ibili behar; guk joko ditugu euren ateak.

Harpidetzak lantzeko asmorik baduzue?

Hiru diru iturri izango ditugu. lehenik, diru laguntza publikoak. Bereziki azpimarratu behar dugu Galdakaoko Udalaren diru laguntza: 15.000 euro eman dizkigute, eta urte osoan gehiago emateko asmoa iragarri dute. Bigarrenik, ohiko publizitatea salduko dugu. Hirugarrenik, harpidetzak baino gehiago, Binkekideak izango ditugu. Egiten ari gara, pixkanaka. Urtean 36 euro ordainduta, bazkideak izango dira. Autogestioan gero eta indartsuago izan gura dugu, gero eta askatasun handiagoa izan nahi dugu, iraunkortasuna eta editorialaren askatasuna bermatzeko. 70.000 euroko aurrekontua du proiektuak urtero, eta, zati handi bat Binkekideek jarriko dute.

Zein euskara mota erabiliko duzue?

Erredakziotik landutako testuetan euskara batua erabiliko dugu. Kolaboratzaileek euskara batuan edo bizkaiera estandarrean bidal ditzakete. Lehenengo atalean bitxikeria bat gertatu zaigu: Kontxi Belandia amama Kontxi elkarrizketatu dugu; 80 urtetik gorako andrea. Oso ezaguna da herrian. Guztiaren gainetik euskaltzale sutsua da, eta jende askok maite du, haren kolore politikoa kontuan hartu gabe. Erredakzioan egindako galderak euskara batuan daude, eta haren erantzunak bizkaiera estandarrean jaso ditugu. Hura euskara batuan entzutea arraro samarra izango litzatekeelako hartu dugu erabaki hori.

Zer dakar Binke!-ren lehen zenbakiak?

Amama Kontxik, besteak beste, kontatu digu Francoren garaiaren ostean ere mutilak 24 orduz txakurtegira eramaten zituztela zigortuta euskaraz hitz egiten zutenetan, eta emakumeei ilea mozten zietela. Lehenengo erreportajea Binke!-ri eta euskal komunitatearen bilakaerari buruzkoa da. Nagore Ferreira eta Asier Martinen iritzi artikuluak jaso ditugu. Osasunaren inguruko atalean, herriko hainbat medikuk idatziko digute. Lehenengo zenbaki honetan, Vidal Salcedo mediku ezaguna daukagu. Teknologia berrien atalean Whatsapp aplikazioa zelan instalatu ordenagailuan azaldu dugu.

Aldizkariaren funtzionamenduari eta edukiei buruzko erabakiak zelan hartuko dituzue?

Esan bezala, Aitu elkarteak egingo du batzorde lana. Hala ere, hiru hilerik behin aholku batzordea ere egingo dugu. Bertan gura duten pertsonek har dezakete parte. Batzorde horren lana aholkatzea izango da. Aurreko zenbakien kritika eta balorazioa egitea izango dute eginbehar, eta, aurrera begirakoei dagokienez, aukera izango dute irizpide batzuk ezartzeko, ekarpenak egiteko edo erreportaje bati edo besteari zer-nolako trataera eman behar diogun ebazteko. Lerro editoriala bideratzeko modu bat ere izango da. Beraz, oso proiektu herrikoia da gurea, herriari zabalik dagoena. Galdakaok eta Usansolok merezi zuten era horretako egitasmo bat. Historian behingoagatik euskarazko komunikabide bat izango dugu. Eta herriaren esku utzi behar dugu; hau ezin daiteke esku pribatuetan egon. Horixe izango da gure filosofia.

Hileko zein egunetan izango dute aldizkaria postontzian herritarrek?

Hileko hirugarren ostegun eta ostiraletan banatuko dugu. Bi egun beharko ditugu. Galdakaon hiru hilabetekari daude, batere herrikoiak ez direnak. Ale gehien banatzen duenak 10.000 ateratzen ditu. Lehen hilabeteetan ikusiko dugu banaketa zelan egiten dugun, eta benetan zenbat ale behar ditugun. Etxez etxe banatzeaz gain, taberna, saltoki, liburutegi eta bestelako guztietan ere izango gara eta. 14.000 alerekin nahikoa ez bada, gehiago aterako ditugu.