“Haurrari dislexia antzeman baino lehen lan egin daiteke”

Haurren irakurketa zailtasunei aurre egiteko euskarazko software bat diseinatu du ikertzaile bermeotarrak. Bizkaiko zazpi ikastetxetan frogatu du programaren eraginkortasuna, eta orain itzultzen ere ari da.

Olaia Zabalondo

Ainara Romero Andonegi (Bermeo, 1982) Haur Hezkuntza eta Psikologian lizentziaduna da, eta ikertzailea ere bada. Irakurketa zailtasunei aurrea hartzeko software didaktiko baten diseinu eta ebaluazioari buruzko doktore tesia egin du euskaraz.

Zertan datza softwarea?

Berni software didaktikoa, dislexiaren zeinu lasterretan esku hartzeko programa da. Izan ere, dislexia diagnostikatu aurretik, haurrek zenbait zeinutan zailtasunak islatzen dituzte; kontzientzia fonologikoan, izendatze automatiko arinean, hitzezko oroimenean, kontzientzia alfabetikoan, idatzitakoaren kontzientzian eta hartze hizkuntzan, hain zuzen ere. Zailtasun horiek hobetzen lagunduta, irakurketaren bereganatzean azalduko dituzten zailtasunak gutxitzen direla frogatuta dago. Bestalde, software honen bidez, irakurketa-aurreko abileziak lantzen direnez, ikasle guztientzat da; etorkizuneko irakurketaren bereganatze prozesua errazteko. Beraz, prebentzioan oinarritzen den software didaktikoa da, Haur Hezkuntzako geletarako.

Irakurtzeko zailtasunei aurrea hartzeko software didaktikoa izanik, zer aurkitu daiteke?

Irakurtzeko zailtasunei aurrea hartzea da, oraindik irakurketaren irakaste-ikaste prozesua ez delako hasi. Gainera, Haur Hezkuntzan ezin dugu ziurtasunez jakin ume batek dislexia duen ala ez, irakurketa prozesua ez delako hasi, eta, definizioz, dislexia irakurtzen ikasteko zailtasuna delako. Beste ikerketa batzuek diote, baina, dislexiaren zeinu lasterrak Haur Hezkuntzan antzematen direla. Hala, zeinu laster horietan esku hartuta, haurren zailtasunak minimiza daitezke; dislexiaren identifikazioa aurreratzea ahalbidetzen da, eta esku hartze arina egiteko aukerak zabaltzen dira. Beraz, haurrak dislexia duela diagnostikatu aurretik, irakasleok prebentzio moduan zeinu laster horiek hobetzen lagundu dezakegu. Aurretik lan egin daiteke, dislexia izanez gero, abantailak ugariak baitira. Gainera, dislexia duten haurren identifikazio eta esku hartze berantiarrek, kalte handiak eragiten dituzte maila kurrikularrean, eta baita haurren maila emozional eta sozialean ere.

Zein adin tartetan antzematen da dislexia?

Dislexiak oinarri neurobiologikoa du, beraz, zeinu lasterrak txikitatik antzeman daitezke. Hala ere, diagnostikoa ez da irakurketaren irakaste-ikaste prozesua garatu arte egiten, oro har. Kasu gehienetan, Lehen Hezkuntzako lehen zikloa bukatzean haurrak irakurketaren bereganatzean zailtasunak azaltzen baditu, orduan hasten dira martxan neurriak. Horrek esan nahi du kasurik hoberenetan, 8, 9 edota 10 urtera arte ez direla hasten esku hartze espezifikoa hartzen.

Zertan eragiten die ume eta gazteei dislexiak?

Gure hezkuntza sisteman edukien bereganatzea eta espresioa, nagusiki, hizkuntza idatziaren bitartez gauzatzen da. Beraz, irakurtzeko zailtasunak izanez gero, arlo kurrikular ia guztietan zailtasunak islatzea ekarriko du, nahiz eta ez den erreala. Hau da, dislexia duen ume batek ez luke eduki beharko arazorik ingurunean edo bestelako arloetan lantzen diren edukiak ulertzeko eta menperatzeko. Horien guztien lanketa, baina, irakur-idazketaren bitartez egiten denez, arlo guztietan izango ditu zailtasunak.

Software honen bitartez hori aurreikustea posible al da?

Nire ikerketan aipatutako zeinu lasterren identifikazioa, irakasleek gauzatu zuten. Horretan laguntzeko, galdeketa bat prestatu nuen, eta eskola batzuetan zeinu horien gaineko formazio saioak ere eman nituen. Gaur egun, identifikazio hori egiteko baliabideeak lantzen ari gara, baina oso zaila da Haur Hezkuntzan frogen bitartez zailtasun horiek detektatzea. Gainera, kontu handiz ibili behar dugu; izan ere, zailtasun horiek aurkezten dituen ume batek ez du zertan dislexia eduki behar. Beraz, softwarean aurre-irakurketa abilezien hobekuntza lantzen da, baina identifikazioa tutoreek egin beharko lukete, beraien susmoei kasu eginez eta prebentziozko neurriak hartuz.

Non aurkitu daiteke?

Berni.dalata.net-en. Dislexia, ikerketa eta niri buruzko informazioa aurkitu daiteke hor, bai eta softwarean jolasteko sarbidea ere. Baina, lehenik eta behin, izena eman behar du irakasle-ikasleak. Eskaera asko jaso ditut, eta pixkanaka noa, beraz, pazientzia eskatu behar diet irakasleei.

Berni-ren eraginkortasuna ere ebaluatu duzu.

Bai, Bizkaiko zazpi ikastetxetan frogatu da softwarearen eraginkortasuna. 417 ikasletik 43 haurrek aipatutako zeinu lasterretan zailtasunak azaltzen zituzten. Erdiak Berni-rekin jolasten aritu ziren, eta besteak ez. Softwarearen erabilera horren aurretik eta ondoren irakurketa-aurreko abileziak ebaluatu ziren. Aurreko eta ondorengo ebaluazioaren konparaketak islatzen du Berni-rekin jolasten aritu ziren haurrek irakurketa zailtasunen agerpenarekin erlazionatzen diren aldagai printzipalak hobetzen dituztela; batez ere, kontzientzia fonologikoa eta izendatze automatiko arina. Hartze hizkuntza eta idatzitakoaren hizkuntza ere hobetzen dituzte. Kontzientzia alfabetikoa, ordea, haurrek gelan lantzen duten abilezia izanik, ezin dezakegu jakin hobekuntza hori gelaren ikaskuntza prozesuaren edo Berni-ren ondorioa den.

Zein ondorio atera dituzu?

Alde batetik, Berni eraginkorra dela irakurketa-aurreko abilezien zailtasunak hobetzeko; batez ere, dislexiarekin erlazionatzen diren aldagai nagusiak direlako hobekuntza garrantzitsuenak islatzen dituztenak. Beste alde batetik, nire ustez, Haur Hezkuntzako tutoreentzako baliabideak beharrezkoak dira, prebentzioan oinarritzen direnak eta haien egoera eta baliabideak kontuan hartzen dituztenak. Askotan, irakasleak baitira lehen zeinuak antzematen dituztenak, eta beraiek jar ditzakete lehen neurriak. Hemen aipatzen diren zeinu lasterrek ez dute dislexia bat dagoela ziurtatzen, baina arriskua islatzen dute, eta, horrekin, haur horien garapenaren jarraipen hurbilagoa egin dezakegu.

Zergatik erabaki zenuen gai horren inguruko tesia egitea?

Aholkulari ibili nintzen hezkuntzan, eta dislexia zuten haur ugariren diagnostikoa eta esku hartzea aztertzeko aukera izan nuen. Bereziki, haur biren kasuek hunkitu ninduten. Berandu identifikatu zieten dislexia, eta haien zailtasunak ez ziren maila akademikokoak soilik; emozionalki, jota zeuden, eta, sozialki, arazoak zituzten. Orduan, dislexia arinago detektatzea posible litzatekeen aztertzen hasi nintzen, bai eta hezkuntzan zer egin genezakeen haurrak egoera horretara heltzea saihesteko.

Beste zerbait ikertzen ari zara?

Carlos Castaño doktoreak zuzendutako ikerketa taldean nabil lanean, eta, orain, dislexiaren zeinu lasterrak identifikatzen laguntzeko baliabideen diseinuan ari gara lanean. Berni beste hizkuntzetara itzultzen eta beste testuinguruetan frogatzeko bideak zabaltzen ere banabil.