Gaur egungo kulturaren hazitegi

Gaur egungo kulturaren hazitegi

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Dantza eta antzerki garaikidearen aterperik ez zegoela eta, sortzea erabaki zuten Luque Tagua eta Laura Etxebarriak 1986an. Fundiciones Ligeras del Norte enpresarena izandako eraikina eskuratu eta kultur aretoa sortu zuten: Fundicion jarri zioten izena. 30 urte betetzen ditu aurten aretoak, eta erreferentzia gune garrantzitsua da gaur egun gune alternatiboen zirkuituan; dantza eta antzerki garaikideen esparruan, batez ere.

Europan ikusiak zituzten horrelako aretoak Fundicion aretoko arduradunek, eta imitazioz-edo Bilbon antzeko zerbait egitea erabaki zutela azaldu du Taguak. “Europan nahiko hedatuta zeuden kultura garaikidea bultzatzeko espazioak, eta, hemen genuen gabeziaz jabetuta, eredu hori Bilbora ekartzea pentsatu genuen”. Baina orduko Bilbo ez zen gaur egungoa. Itxi berria zegoen orduan Euskalduna fabrika, eta langile borrokak utzitako arrastoak agerian ziren oraindik. Hiriburuan apenas ziren egokitutako ikuskizun aretoak. Eraiki gabe zegoen Euskalduna jauregia, eta urrun zen oraindik Guggenheim museoaren itzala. Egoera horretan ireki zituen ateak Bilboko Ramon y Cajal kaleko bigarren solairuko aretoak.

Arte eszeniko garaikideak biltzeko aretoa zen sortzez Fundicion. Baina ez edonolakoa. Elkartzeko lantegi gisa definitu du Taguak hasieran buruan zuten egitasmoa. “Ez genuen dantza areto soil bat eraiki nahi; ideia eta pertsonak elkartzeko espazioa nahi genuen. Dantza eta antzerki garaikideari baldintza eta kimu berriak sortzeko gune bat, alegia”. Bere ibilbidearen lehen urteetan Euskal Herriko artistak eta nazioartekoak elkartu zituzten bertan, eta Bizkaiko lehen dantza garaikidearen konpainia ere sortu zuten lehen urte haietan. “Berrikuntzarako espazioa izan zen, eta jende asko elkartu genuen gurean”.

Aldaketak filosofian

Baina artistak elkartzea ez zen nahikoa, Fundicioneko kideen arabera. Eta hartutako bide hori aldatzea erabaki zuten aretoa ireki eta hamar urtera. Dantza eta antzerki sorkuntza albo batera utzi, eta arreta arte eszenikoen garapenaren kudeaketa lanetan jartzea erabaki zutela azaldu du Taguak. “Hizkuntza administratiboa ikasi eta babesleen kontuari garrantzia ematen hasi ginen orduan. Arte garaikideak baliabideen hazitegia behar zuela ohartu ginen, eta bide horretan jarri ginen, aretoa sortu eta hamar urtera”.

Filosofia aldaketa lekualdaketa fisikoarekin uztartu zuten. 1996an, Francesc Macia kaleko eraikinera egin zuten jauzi, ibai ertzera. “Hor zegoen Guggenheim museoa eraikitzeko egitasmoa, eta hiriaren ardatz kulturala bertan kokatzen genuen orduan”.

Ordutik hona, hiru dira Fundicion aretoak dituen lan ildo nagusiak: urte osoko egitaraua, Guggenheim eta Euskalduna aretoetara heltzen den Dantzaldia jaialdia, eta dantza ikuskizunak kaleetara eramaten dituen Lekuz Leku jaialdia. Dantza eta antzerki garaikidea era askotan erakusten dituzte hiru lan ildoen bitartez, aretoko arduradunaren arabera. Dantzaldiak areto itxietako ikuskizunak biltzen ditu, eta museoetara joan ohi diren herritarrak erakartzen ditu. Hamazazpigarren jaialdia egingo dute aurten.

Lekuz Leku jaialdiaren helburua hiriko pasieran dabiltzanentzako ikuskizuna egitea dela adierazi du. Hamabost minutuko lanak aurkezten dituzte Euskal Herriko zein atzerriko artistek jaialdian. “Bete egiten da itsasadarraren ingurua. Oso harrera ona izaten du, eta, gainera, beste tokietan ikusi ezin daitezkeen piezak ikusteko aukera izaten dute herritarrek. Berezia izaten da”. Uda giroari ongietorria emateko jaialdia da Lekuz Leku, eta ekain erdialdean antolatzen dute.

Unean uneko jaialdiez gain, urte osoko egitaraua du Fundicion aretoak. “Zirimiriaren antzekoa da aretoaren eskaintza. Dosi txikietan ematen da, baina etengabekoa da”. Ohiko programaziotik kanpokoak dira Fundicion aretoak antolatzen dituen eskaintza artistikoak, Taguaren arabera; “arrisku pittin bat dutenak”, alegia. Baina emanaldiak eskaintzetik haragokoa da Fundicionek egiten duen lana. Behin eta berriz egin du indar ideia horretan. “Sorkuntza garaikideak gehiago behar du aurrera egiteko. Sortzaileek beren lana areto batean aurkeztu baino lehen, lan handia egin behar dute. Ibilbide luzea eta gogorra da hori, eta urrats horiek gurekin egitea proposatzen diegu”.

Artistentzako egonaldiak

Egonaldiak antolatzen dituzte pauso horiek ematen laguntzeko. Sortzaileei beharrezkoa duten laguntza praktiko guztia eskaintzen dietela azaldu Fundicioneko kideak. “Beren lana prestatzeko lokala, material teknikoa eta lanaren hedapenerako laguntza eskaintzen diegu”. Laguntzea da, sinple esanda, egiten dutena; sortzaileen eskutik joatea, alegia. Euskal Herrian gabezia handia dago horri dagokionez, Fundicioneko kidearen arabera: “Euskal Herrian ditugun azpiegiturak izan daitezke oso profesionalak agertokiaren gainean, baina oso hauskorra da haren inguruko egitura”.

Gaur egun enpresa gisa funtzionatzen duten egitasmo indartsu gutxi daudela dio Taguak, eta dantza zein antzerki garaikideko egitasmo gehienak pertsona bakarraren gain dauden egitasmoak direla. “Sorkuntza garaikidea egiten arduratzen den jendeak oso azpiegitura hauskorrak ditu. Zabalkunde lanaz ari naiz, programatzaileekin egin beharreko kontaktu lanaz… Horixe hartzen dugu gure gain. Helburua ez da saioak lortzea soilik, programatzaileekin konplizitatea lortzea baizik”.

Ikusleen, programatzaileen eta sortzaileen artean konplizitate hori eraikitzen 30 urte daramatza Fundicion aretoak. Eta asko dira konplizeen sarera atxiki zaizkien artistak, Taguaren arabera: Rodrigo Garcia, Damian Muñoz, German eta Jorge Jauregi, La Ribot artista, Asier Zabaleta… “Euskal Herrikoa nahiz kanpokoa, mundu guztia pasatu da hemendik”. Kukairen aterpe ere izan da Fundicion aretoa, esaterako. “Ezagunak dira orain, baina hastapeneko lehen urrats horiek gurekin batera egin zituzten Kukai konpainiakoek. Gure aretoan egin dituzte entseguak, eta gu arduratu gara dantza ikuskizunen programazioan beren lana txertatzen”.

Kukai bezala, asko izan dira 30 urteotan aretoari eskua emanda hazi eta ezagun egin diren artistak. Horregatik dio hazitegia dela aretoa. Eta hazitegi horretan kimu berriak etengabe sortzeko lanean jarraituko dutela. “Euskal Herrian sortzaile handiak ditugu, eta, laguntzen ez baditugu, nekez egingo dute aurrera”.

Konpainiako kidearen arabera, funtsezkoa da, bertakoekin ez ezik, atzerriko sortzaileen eta bertakoen arteko harremanak ere lantzea. “Joan eta etorrikoak dira sortzaileekin lantzen ditugun harremanak”. Euskal Herrira ekartzen dituzte nazioartekoak, eta bertakoei nazioarteko aretoen ateak irekitzen dizkiete. “Hemengo sortzaileak ezagutzera ematea berebizikoa da guretzat”. Taguak argi du, egiten diren inbertsio ekonomikoak kontuan hartuta, oso errentagarria dela Euskal Herriko dantza eta antzerki garaikidea.

Garai zailetan ireki zituen ateak Fundicion aretoak, 1986an, eta 30 urte igaro ondoren, gaur egungoak ere zailak direla dio Taguak. Ekonomikoki arte eszenikoek ez dute erraza bizirik irautea. “Gutxiengo bat gara. Gureak ez dira kontsumo espektakuluak, eta ez dira horren ikusgarriak. Baina bizirik irauteko beharrezkoa dugu. Erakundeek ulertu beharko lukete kultur eskaintza handiek eta txikiek osatzen dugula Bilbo, eta horrelako proiektuak beren politiketan sartu beharko lituzkete. Baina horretarako apustua egin behar da, eta ausarta izan behar da”. Zailtasunak zailtasun, baikor ageri da Tagua, eta duela 30 urteko ilusio berarekin jarraituko dute lanean aurrerantzean ere.