“15 urterekin erabaki nuen euskara ikasi behar nuela, nahitaez”

Natalia Salazar Orbe

Txeru Garcia Izagirre (Barakaldo, 1947) historialaria eta euskaltzalea da. 40 urtetik gora zituela abiatu zituen goi mailako ikasketak UNEDen. Grina betidanik izan zuen, baina gazte garaian langileen borrokan zein arlo politiko eta sozialean aritu zen buru-belarri. 1980ko hamarkada osoan gau eskoletan eskolak ematen aritu zen, Ezkerraldeko AEKn.

Egun barakaldar askori gertatzen zaion bezala, euskara etxetik kanpo ikasi zenuen. Zelan gogoratzen duzu prozesu hura?

Gogoa eta giroa bazeuden etxean. Aitona euskalduna zen, eta amak ere bazuen euskal kulturarekiko interesa, nahiz eta euskaraz jakin ez eta gazteleraz mintzatu. Segur aski hortik zetorkidan niri euskararen aldeko grina. 15 urterekin planteatu nuen nahitaez ikasi behar nuela. Eta, pausoz pauso, lortu nuen.

Bermeon eta Ondarroan aritu zinen, besteak beste, euskara praktikatzen.

Lehenago, soldaduska egin ondoren, lanik gabe nengoela, Elgoibarko Geminis enpresara joan nintzen, mekaniko gisa. Soldata bat irabaztea ez eze, euskara praktikatzea ere banuen helburu. Gure eskualdean ez geneukan-eta euskaraz mintzapraktika egiterik egunerokoan. Hala ere, sartu nintzen lantaldean inork ez zekien euskaraz. Beraz, egun osoan gazteleraz ari ginen.

Kostaldean aurkitu zenuen gero euskaraz egiteko aukera.

Bai, Ondarroan eta Bermeon oso ondo egon nintzen. Ondarroan esaten zidaten: “Barakaldokoa izanik, euskara ikastera etorri zara?”. Garai hartan ez zuten ulertzen. Ez zioten behar beste garrantzirik ematen euskarari.

Zelan moldatu zen barakaldar gazte euskaldun berri bat bi herriotako hizkerekin?

Gogoan daukat Bermeon geundela gu baino nagusiagoa zen gizon bat gerturatu zitzaigula lagun taldera, eta ondokoa bota zidan, kostaldeko jendeak izan ohi duen aldarte alaiarekin: “Zu trankil egon! Hemen dena e letraz bukatuta esanez gero, ondo ibiliko zara: txitxarrue, bentanie,…”.

Euskara batuaren arauak Ezkerraldean oso baliagarriak izan zitzaizkizun, beraz.

Gure eskualdean berreskuratu egin behar genuen euskara. Beraz, euskara estandar bat aplikatzea baliagarria izan zen, erraztasunak emateko. Hasiera batean gu bizkaieraz hasi ginen ikasten. 1963an hasi ginen gau eskoletan euskara eskolak ematen, era erdi klandestinoan. Urte hartan 60 ikasle inguru ginen. Ostean, gau eskolak beste auzo batzuetara zabaldu ziren. San Bizenteko apaizari eskatu genion baimena, eta ni, laugarren mailan nengoela, euskarazko eskolak ematen hasi nintzen. Ez neukan nahikoa mailarik horretarako, baina grina bizia eta borondate handia genituen, eta aurrera egin genuen. Gure helburua euskara berreskuratzea zen.

Zelan galdu zen euskara Barakaldon eta Ezkerraldean?

Joseba Altube San Bizenteko Laguntasuna dantza taldeko presidenteak esan zidan behin Barakaldon beti egon dela euskara presente. Hori egia da, Barakaldora beti etorri baita inguruko herri euskaldunetako jendea. Hala ere, euskara hizkera arrunt gisa XVIII. mende aldera galdu zela uste dugu. Barakaldon hitz egiten zen, baina gero eta gutxiago. XX. mendearen hasierarako euskararen oso arrasto gutxi geratu ziren.

Zergatik gertatu zen hori?

Gure eskualdeak gazteleraren eragin handia izan du. Erromatarren garaitik gertatu da hori. Hasiera-hasieratik hasi ginen galtzen, seguruenik. Koldo Mitxelenak zioen zelten garaian hasi zela galtzen, merkataritzaren bidez.

Berreskuratze lana noiz hasi zen?

Barakaldo akademian egin ziren lehenengo eskolak, era guztiz klandestinoan, 1950 eta 1952 urteen artean. Esteban Irastorzak gogoan du 16 urterekin joaten zela akademia horretara eskolako orduetatik kanpo, ezkutuan erabat. 80 urte inguru ditu egun. Hala ere, ez daukagu beste informaziorik. Horregatik ezarri dugu lehen gau eskolaren data 1963an.

Hortik aurrera prozesuak aurrera jarraitu zuen.

Bai, 1960ko hamarkada euskararen aldeko gogoa zabaltzeko garaia izan zen. Garai hartan ez zegoen irakasleentzako prestakuntzarik. Dena zegoen egiteke. 1970eko hamarkadan irakasleentzako prestakuntza ikastaroak egiten hasi ziren. Sozialki zein politikoki bi hamarkada horietan guk bizi genuen prozesua izugarria izan zen. Segur aski hortik etorri zitzaigun kultura eta euskara berreskuratzeko giro bizia. Giro baikorra zegoen, eta euskal kulturak giro hori baliatu zuen.

1976tik aurrera Babcock, Naval zein Labe Garaietako hitzarmenetan euskarazko eskolak izateko eskubidea jaso zuten. Hori gaur egun pentsaezina da. Zer gertatu da gogo bizi horrekin?

Gaur egunetik begiratuta bitxia da, bai, enpresa batzordeetan euskara ikastearen beharrizana planteatzea. Oso presente egon zen hainbat enpresa handitan. Grina hori langileen borrokekin eta alde guztietan zegoen giroarekin batera zihoan. 1980ko hamarkadan Babcock Wilcoxen 60 euskara ikasle zeuden. 1936ko gerra galtzeak izugarrizko etena sortu zuen, eta, 1960ko hamarkada horretan zerotik hasi beharra zegoen. Hala ere, lehendik ere, euskara egon zen Barakaldon.

Gaur egun zein da euskararen egoera Ezkerraldean?

Barakaldon aurrerapauso ederrak egin behar ditugu oraindik. Egunerokoan euskara praktikatzeko aukera gehiago sortu behar dira. Pixkanaka gero eta gehiago daude. Berbalagun taldeek lan handia egiten dute, eta jende asko gerturatzen da horietara.

Zein pizgarri behar du jendeak ezagutza eta erabilera eskutik joan daitezen?

Erronka horri ere heldu behar diogu. Gure garaian euskal kultura bizitzeko modurik ez zegoen. Frankismo garaian elizaren babesean zeuden dantza edo mendi taldeek halamoduz mantendu zuten piztuta euskal kultura. Gaur egun, neska-mutilek denetarik daukate, arlo guztietan. Dena den, jo eta ke jarraitu behar dugu euskara berreskuratzeko eginahalean.