Bihar

Gizarte amnesiko eta miope batean bizi gara. Hori horrela da. Egunerokoan itota, atzokoa gogoratzeko ezgauza gara, eta apenas daukagu denborarik inguruan gertatzen denaz jabetzeko. Nahiko lan izaten dugu bihar zer egingo dugun pentsatzen.

Urte akabuan komunikabideek egiten dituzten jazoeren zerrendak gure amnesia eta miopia hori zelanbait arintzera datoz; bakoitzak bere erara nabarmenduz nabarmengarri zaiona, jakina. Eta eman digute oraingoan ere hedabideek, ohiko eran, iragan urtean zehar gertatutakoen berri. Jokatuko nuke “a, bai, egia da!”; “ene, aurten izan da hori, ala?”; “azkenean, zertan geratu zen hori?” eta antzekoak bota direla, galdera erretoriko gisara, etxe askotan. Eta hor geratzen da kontua. Bestela ere arrapaladan eta azaletik irentsi ohi ditugu albisteok, eta, zer espero dezakegu, bada, Gabon zaharreko edo Urteberri-eguneko horietaz? Horixe, afalaurreko edo bazkalosteko komentarioa, besterik ez. Baina aurten nire kasuan desberdina izan da, zerbaiterako balio izan dit hedabideek eskaintzen diguten amnesiaren kontrako pilulatxoa.

Akorduan neukan, lerrook idazterako, euskal preso eta iheslarien alde egin ohi den urte hasierako manifestazioa. Baina akorduan, gehiagorik ez; harik eta BERRIAk 2015ean gehien irakurri ziren albisteen zerrenda publikatu zuen arte. Halako aupada bat sentitu nuen gehien irakurri ziren albiste horietako baten berri izatean, ez bainintzen horretaz gogoratzen: iaz, euskal presoen eskubideen aldeko ohiko manifestazioa egin eta bi egunetara, aldarri horren aurkako polizia operazioa izan zen. Hamasei lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, gehienak abokatuak, eta presoen alde bi egun lehenago egindako manifestazioan bildutako dirua eraman zuen. Era berean, albisteari tiraka jakin dut, gaurko egunean —urtarrilak 8—, baina duela bi urte, egin zuela Guardia Zibilak euskal presoen abokatu askoren aurkako operazioa. Eta gogoratu dut, Xake jarri ziotela izena duela bi urtekoari, eta Mate iazkoari. Bada, amnesiaren kontrako ariketak eman dit, zeri buruz idatzi ez ezik, zer idatzi.

Seguru nago polizia operazioaren biharamunean beste manifestazio bat egin izan balitz, are jende gehiago bilduko zela Bilboko kaleetan. Baina 365 egun pasa dira harrezkero, nahiz eta izan diren 365 egun presoen urruntze eta sakabanaketekin, isolamendu eta bakartze egoerekin, preso gaixoekin, familia eta lagunekin errepideetan. Horregatik, ez dago txarto gogoratzea duela urtebete zer gertatu zen, egunero gertatzen denaz ohartarazteko. Edozelan ere, zer predikatzetik urrun nago ni, ez pentsa. Kontrara, ni ere egunerokoan itota dabilen horietakoa naiz, ez naiz ez ezeren ez inoren eredu. Gura nuke sarriago amnesiaren eta miopiaren aurka egin. Hala ere, bihar zer egingo dudan argi daukat. Bihar, urteroko zitara gogoberrituta joango naiz. Bihar Bilbora joango naiz presoen eskubideen alde, eta peoi bat gehiago izango naiz guk jokatu gura ez genukeen xake partida honetan.