Kukutza gaztetxea itxi izanaren ondorenak oraindik iristen ari zirela, beste eraikin oso bat okupatu zuten Bilboko Errekalde auzoan bertan: OihuK. Hainbat fabrika biltzen zituen eta utzia zegoen ehunka metro eta bost solairuko eraikin batera sartu, eta gune autogestionatua bihurtu zuten. Aurretik okupatutako eremu guztien aldean desberdina da, ordea: emakumeek emakume feminista, lesbiana eta transentzat hartutakoa da, eta ez mistoa. Gizonezkoek ez dute sartzerik. Euskal Herri osoan inoiz izandako halako lehen esperientzia da, eta sustatzaileek antzeko gehiago sortuko diren esperantzaz begiratzen diote etorkizunari.
Baina ez zuen hasiera erraza izan OihuK esperientzia berriak. Batetik, ertzainak zelatan izan zituzten lehen momentutik. Eraikina herentzian jaso zuten jabeek salaketa jarri zuten, eta okupatu zutenak identifikatu nahian aritu ziren, hilabeteetan, ertzainak. Bilboko Epaitegiak emana zuen husteko agindua. Emakumeak, kaleratze aukera ikusirik, prestatzen hasi ziren. “Autodefentsa da gure oinarria eta autodefentsa egingo dugu”.
Bestetik, gizartean, kalean, gertukoenak izan zitzaketenen artean, askok ez zuten ulertzen proiektua. Batez ere, mistoa ez izateagatik. Ez zutela inor diskriminatzeko asmorik azaldu zioten OihuKren sustatzaileek Bizkaiko Hitza-ri.
Helburua ez dela inor baztertzea azaldu zuten. Emakumeek berek genero ikuspegia landu eta emakume gisara indartzeko beharra dutela, eta, behin ahaldunduta, gizonezkoekin ere berdintasunean lan egin eta borrokatzeko aukera izango dutela. “Azpian dagoenak lanketa indartsu bat egin behar du, gero berdintasun erreala egon dadin”.
Izan ere, proiektuan ari diren emakumeak ez dira berriak gune autogestionatuetan. Ibiliak ziren aurrez ere gaztetxeetan edo okupatutako espazioetan. Baina gabezia nagusi bat sumatzen zuten: emakumeen ahotsa ez zela entzuten, ez zitzaiola garrantzirik ematen, gutxietsi egiten zela edo modu paternalistan tratatzen zela. Botere jarrerak sortzen zirela ere bai, eta gizonezkoek zutela, beti, boterea.
Euren esperientzietan bizipen horiek izan dituzten emakumeak batu ziren botere harreman hori hausteko premiak bultzatuta. Eta, haustura hori izan zedin, lehenengo, eurek beren burua formatu eta indartu behar dutela ebatzi zuten. Bide hori egingo bazuten, bakarrik egin behar zutela.
Batzuek ez zioten bide luzerik aurreikusten abuztuan inauguratu zuten guneari. Are gutxiago, kaleratze arriskua izanik. Baina abendua amaitzeko gutxi falta dela zutik jarraitzen du, lanean dihartute.