Nola bete Durango

Erdi beteta edo erdi hutsik egin daiteke balantzea Durangoko Azokak mende erdia bete duen urtean. 50 urte joan dira frankismopeko gizarte estuan Gerediaga elkarteko kideek euskal liburuari eta diskoei azoka bat eskaintzeko ametsa izan zutenetik, eta erdi itsu egon behar azokak mende erdian izan duen arrakasta ez ikusteko. Asmatu du sasoiz sasoiko egoera eta beharretara egokitu, eta euskal herritarrei erakargarri eta ezinbesteko zaien hitzordu bat antolatzeko. Euskalgintzarekin, erakundeekin eta sortzaileekin batera egin du bide hori azokak. Grafikoki esatearren, denen artean lortu dute euskal kultura vietnamitetatik emotikonoetara eramatea.

Bada urteurrena erdi hutsik ikusteko motiborik, ordea. Izan ere, bost eguneko salbuespena da oraindik euskal kulturarena. Durangoko Azokak iraun bitartean irauten du ikusgarri euskal kulturak Euskal Herrian, eta zailtasun handiak ditu urtearen gainontzeko 360 egunetan jendearen begietaraino heltzeko. Hori izan liteke mende erditik mende betera doan biderako erronka, eta elkarrekin aritu beharko dute elkarte, sortzaile zein erakundeek. Elkarrekin eta esfortzu betez, erdibidea ez baita helburu.