Agendak

Nerea Ibarzabal

Umetan eskolako agendaren azken orrira iristea oporren seinale zelako edo, oraindik ere isilpeko gozamena sorrarazten dit urte osoan zehar erabilitako agenda amaitzeak. Berri usaina guztiz desagertuta, tapa ertzak gastatuta, orriak puztuta euri zaparradaren batek harrapatu ostean, sarrera, tiket eta udazkeneko hosto gorri ugari aste eta aste bitartean ezkutatuta, agenda are gehiago lodituz… Bizitzak bortxatu dituen abenduko agendak gustatzen zaizkit.

Amaitzen diren gauzei zor zaien nostalgia momentua errespetatuz, aurtengo agenda horixka eskutan hartu, lehenengo orritik zabaldu eta egun bakoitzean idatzitakoa irakurtzen hasi naiz berriro, amaitu berri duen etxerako lan astuna gurasoei erakusten dien haurraren harrotasunarekin. Kolore urdinez, gorriz zein arkatzez zirriborratutako oharrez beteta dago, dagoeneko oroitzen ez ditudan betebeharrez; “inprimatu”, “itzuli pen drive-a”, “bazkaria”, “ama”. Azterketen datak eta bertso saioenak biribilduta, urtebetetzeak tarta baten marrazkiz adierazita, medikuaren txandak harridura markekin. Orri batzuei ertzak falta zaizkie, momenturen batean beste zerbait idazteko paper txatalen bat beharko nuelako; horregatik, orain ez dakit zer egin nuen martxoaren 15ean, ezta falta den paper zatia zertarako erabili nuen ere.

Agendak gordetzen hastea erabaki nuen behin, nagusitan zabaldu eta urteotan gertatutakoak gogoratu ahal izateko, nire gurasoek 1900etapikuan egindakoa deskribatzen duten zehaztasunarekin deskribatzeko 2015a. Baina ez dakit ba, ideia ona ote den. Agenda horixka honek hogei urte barru esango dit urtarrilaren 10ean Bilbon egon nintzela, agenda guztietan enkistatutako zitan, eskuan argitxo fluoreszente bat hartuta, baina ez dit emango gerora izandako abokatuen atxiloketen berri; esango dit martxoaren 1ean Donostian egon nintzela Lilatoian, eta martxoaren 5ean, 6an eta 13an emakumeon eskubide eta askatasunaren inguruan kantatu nuela Usurbilen, Larrabetzun eta Anoetan, baina ez dit esango zenbat emakume bortxatu edo eraso zituzten martxoa ez diren gainerako hilabete matxoetan; esango dit apirilaren 18an Errekaldeko gaztetxean kantatu genuela Kukutza defendatu zutenen alde, baina agian ez dit esango Kortxoenea eraisten hasi zirela udazkenean, eta Iruñean gaztetxe berria okupatu zutela abenduan. Paradoxikoa izango da ilea urdintzen zaidanean agendan idatzitako ezertaz ez gogoratzea eta idatzi gabekoaz gogoratu nahi izatea. Amnesia tomoak artxibatzen nabil orduan, agendak gordetzen ditudanean.

Dena den, neure burua imajinatzen dut etorkizunean guraso plantak egiten, eta gaurdanik dakit mahai bueltan aurtengo urteari buruz emango dudan zehaztasunezko datu bakarra (eta eternoki errepikatuko dudana) honakoa izango dela: “nik 2015ean gidabaimena atera nuen, lehenengora”.