Agurtu den Oskorri, biziko den Oskorri

Joan dira, baina geratuko dira. Biak batera. Bilboko Arriaga antzokian eskainitako azken kontzertuan esandako azken esaldian eman zuten pista Oskorri taldekoek: “Gero arte, hurrengora arte, betira arte”. Erabateko agurrik ez, beraz, agurrean, eta asma daiteke zergatik; alde batetik egia delako lau hamarkadako ibilbidean sortutako abestiek iraun egingo dutela, baina beste aldetik ezin ukatu agur izan dela agurra. 1971n sortutako taldeak 2015ean erabaki zuen bere ibilbidea etetea, eta Hauxe da despedidea deitutako zazpi emanaldiko bira eskaini zuen horretarako. Bilbon azken-azkenekoa. Euskal musikagintzaren ikur nagusietariko baten despedida urtea izan zen horregatik 2015ekoa.

Eta zergatik agurra? Azalpen zehatzik ez zuten eman taldeko kideek. Utzi egingo zutela esan zuten, eta listo. Baina aurreratu zituen balizko motiboetariko batzuk Natxo de Felipe abeslariak BERRIA egunkariari bi urte lehenago eskainitako elkarrizketan. Ordurako bazebilen taldearen agurrari buruzko hotsa, eta onartu zuen estutasuna musikariak. “Gu ez gaude bukatzeko asmotan. Egoera dago gu akabatzeko puntuan”. Eta hitz horiek esan, eta bi urtera agurra.

Euskal kulturgintzaren historia biltzen du neurri handi batean Oskorriren historiak. Zuzenekoak eta bildumak ere kontuan hartuz 44 diskoko ibilbidea egin zuen lau hamarkadatan, milaka kontzertu eskaini zituen Euskal Herrian zein nazioartean, eta herrikoi izatera heldu diren kanta sorta luze bat ere sortu zuen. Furra-furra, Gora ta gora beti edota Guretzat horren froga, eta luza daiteke zerrenda nahi beste. Musikari sorta pasatu zen taldetik urte horietan guztietan, eta eskola moduko bat ere osatu zuen horregatik. Izenak gora eta izenak behera, ordea, hiru izan ziren hasieratik amaierara arte taldearen oinarrizko hankak: Natxo de Felipe, Antton Latxa eta Bixente Martinez.

Ezagutu zuten Madrilgo zentsura, eta jasan zituzten abertzaleen irain eta laidoak ere “espainol” zirela egotzita. Atentatu saioak ere izan zituztela kontatua du, adibidez, De Felipek. Azken urteetan inor gutxik jarri zuen zalantzan taldeak egindako lanaren erreferentzialtasuna, ordea. Izan ere, bi norabidetan aritu ziren beti Oskorrikoak. Gai garaikideko folk kanta propioak sortu zituzten, batetik, eta euskal kantagintza zaharraren harribitxiak berreskuratzeko saioa ere egin zuten, bestetik. De Feliperen hitzak berriz. “Abesti zoragarriak daude hautsa nork kenduko zain”.

Arestiren hitzekin osatutako kanta berriz osatutako bilduma bat kaleratu zuten 1979an, esaterako. Horra beren sorkuntza lanaren adibide bat. Eta landutako beste ildoaren emaitza dira Euskal Herriko dantza ezagunen bertsioak biltzen zituen 1991n kaleratutako Hi ere dantzari diskoa eta kanta zaharrak berreskuratzeko sortutako The Pub Ibiltari proiektua, esaterako.

Akabo da Oskorri, beraz, baina iraungo du Oskorrik halere.