Ainhoa Larrabe Arnaiz
Urrun daude Espainiako Kongresuaren eta senatuaren egoitzak. Bilbotik 400 kilometro ingurura. Baina han hartzen diren erabakiek Bizkaian eragina dutela eta, Madrilen ahalik eta eserleku gehien lortzeko lehian aritu dira alderdi politikoak azken hilabetean. Hautagaiek zalantzati dauden herritarrak konbentzitu ala mobilizatzeko azken eguna dute gaurkoa; Espainiako 350 diputatuetatik zortzi eta 261 senatarietatik lau aukeratuko dira Bizkaian igandean.
Alderdi guztiak bat datoz: ahalik eta ordezkaritza zabalena nahi dute Madrilen. Hori bai, nork bere helburuei eusteko. EAJ eta EH Bildu Euskal Herriaren interesak defendatzera doaz Espainiako Gorteetara. Ez dute Espainiako agintea helburu gisa, eta, nork bere aldetik, ahalik eta indar gehien eraman nahi dute. PP, PSE-EE, Podemos-Ahal Dugu eta Ciudadanosen helburua ordezkaritza lortzetik harago doa, ordea. Moncloan gobernatzea da lau alderdi horien xede nagusia, eta hori lortzera begira kokatu dute lehia azken asteetan.
2011ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan hiru diputatu lortu zituzten jeltzaleek, bina koalizio abertzaleak eta sozialistek, eta ordezkari bakarra popularrek. Mapa politiko horri Podemos-Ahal Dugu gehitu behar zaio oraingoan. Lehen aldia du alderdiak Gorteetarako bozetako hautagai gisa, eta badirudi Bizkaiko ordezkari banaketan ere eragina izango duela hautagaitza berrienak. Maiatzeko foru hauteskundeetan, indartsu sartu zen Gernikako Juntetxera: sei eserleku lortu zituen Batzar Nagusietan. Eta ikusteko dago indar horri eutsiko dion igandean ere.
Zalantzati dago Bizkaia
Podemos Ahal Dugu-ren agerpen hori da, hain zuzen, azken asteetako zenbakien dantzan gehien azpimarratu den aldagaia. Aztiker taldeak Gara egunkariarentzat egindako ikerketaren arabera, Bizkaiko bigarren indarra izateko lehian alde estua dute Podemos Ahal Dugu-k eta EH Bilduk. Hamarren gutxigatik, aurre hartzen dio Eduardo Maurak Onintza Enbeitari. Aurreikuspen hori beteko balitz, Bizkaitik eserleku bi lortuko lituzke Podemos Ahal Dugu-k Madrilen, eta aulki bat galduko luke EH Bilduk.
Edonola ere, zalantzati daude bizkaitarrak, ikerketa taldearen arabera. Azaroaren bigarren hamabostaldian elkarrizketatu zituzten 600 herritarren artean, %48,6k soilik zekiten norentzat izango den botopapera. Beste era batean azalduta: Aztikerrek egindako elkarrizketen arabera, lurraldeko herritarren %51k ez dute argi zein alderdiri emango dioten botoa. Botopaperen arteko zalantzak bi multzotan banatzen dira. Bat: botoa EAJ ala Podemos Ahal Dugu-ri eman zalantzan daudenak; eta bi: EAJ ala EH Bilduren artean daudenak. Dudan dago biztanleriaren erdia. Eta ehuneko horren bozak asko alda dezake ordezkaritzaren balantza.
Paradoxikoa bada ere, Espainiako Gorteetako hauteskundeetan abstentzio kopuruak ez du gora egiten Bizkaian. Kontrara. 2012ko Eusko Jaurlaritzarako eta aurtengo maiatzeko foru eta udal bozetan baino abstentzio gutxiago izan zen 2011ko Espainiako Gorteetako hauteskundeetan, baita 2008ko bozetan ere. Espainiako Gobernua osatzeko azken hauteskunde bietan, antzeko kopurua mantendu du abstentzioak: %30 inguru.
Espainian ematen den bi alderdi nagusien arteko lehian dago gakoa. PPk eta PSOEk gobernuaren presidentetza hartzeko lehiak polarizatu egiten du herritarren boza. Eta eztabaida bien artean kokatzeak botoa beraien alde aktibatzea lortzen du. Hauteskundeen emaitzetan hala ageri da: Foru eta udal bozetan ala Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeetan baino emaitza hobeak lortzen dituzte bi alderdiek Espainiako Gorteetarakoetan. 2011ko bozetan 113.021 boto lortu zituen PPk, eta 136.426 PSE-EEk. Maiatzeko foru hauteskundeetan, ordea, 46.354 boto jaso zituzten popularrek, eta 70.361 sozialistek. Edonola ere, ikusteko izango da oraingoan nola banatuko diren alderdi espainiarrek jasotzen dituzten botoak, Podemosek eta Ciudadanosek kongresuan eragingo duten lautarako jokaleku berrian.
Boto abertzaleei dagokienez, ezker abertzalearen kasuan, ez du hauteskunde guztietan parte hartu, eta, Gorteetan ere, parte hartze mugatua izan du. Alderdi jeltzalea, aldiz, Espainiako Gobernuko erakundeetan izan da azken 37 urteetan, eta Madrilen eragin izan du hainbat gobernuren proiektuen bideragarritasuna bermatzeko. Edozein kasutan kosta egiten da, oro har, abertzaleak mugiaraztea eta han izan behar dela konbentzitzea.
Autogobernua, euskal herritarren ongizatea eta garapena. Hiru lan lerro horiek eramango ditu EAJk Madrilera. Aitor Esteban da Espainiako Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu jeltzalea, eta Madrilen gobernatzea baino, Espainiako Gorteetara “Euskadiren interesen ahotsa eraman eta defentsa egitea” du helburu. Ildo horretan aukeratu dute hauteskunde kanpainarako leloa: Lehenik Euskadi. Jose Maria Cazalis du Estebanek alboan; hura da senaturako hautagai nagusia.
Jeltzaleen biltegi segurua da Bizkaia, eta indartuta atera zen alderdia maiatzeko bozetan. Kopuruari eustea zail izango duen arren, nahiko ziurra da igandean Bizkaian gehien bozkatua izango dela. Edonola ere, alderdia higa dezakete Podemos Ahal Dugu eta EH Bilduren hautagaitzek.
Madrilera ez doaz ezer eskatzera, “Euskal Herriarentzat askatasuna eta demokrazia” aldarrikatzera baizik. Burujabetzaren aldeko mezua da koalizio abertzaleak Espainiako Gorteetara daramana, eta politikagintzako moldeak apurtzen jarraitu nahi du Onintza Enbeita EH Bilduko Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak. Erabakitzeko eskubidearen alde lan egin nahi dute Madrilen.
Ahoan legarrik gabe, garbi hitz egiten jarraitu nahi du azken lau urteetan Amaiurreko diputatua izan denak. Sona handia izan dute Enbeitaren hitzartzeek, horien artean, abortuaren legearen harira egindakoak. Irantzu Varela da Bizkaitik senatuko zerrendaburua. Feminismoa ardatz hartuta lan egingo dute hautagai biek, eta ildo horretan kokatu dute hauteskunde kanpaina bera ere. Aipatzekoa da EH Bildu dela Kongresurako zerrendaburu gisa emakume bat proposatzen duen alderdi bakarra.
EAJ eta Podemos Ahal Dugu-rekin du lehia nagusia Bizkaian koalizio abertzaleak. 2011ko Espainiako hauteskundeetan indartsu sartu zen, bi diputatu lortu baitzituen Amaiur koalizioak.
Mariano Rajoy eta Pedro Sanchezen arteko lehian kokatu dute eztabaida nagusia sozialistek. Gehiengoaren etorkizuna goiburupean, Espainian aldaketa berma dezakeen alderdi bakarra dela lau haizeetara zabaldu du hauteskunde kanpainan, eta mezu berean egin du indar Patxi Lopez PSE-EEk Kongresurako Bizkaian duen zerrendaburuak ere. Isabel Zelaa da sozialistek Senaturako proposatzen duten hautagaia. Espainian ez bezala, Bizkaian ez dute erronka erraza izango sozialistek.
Maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan nabarmen egin zuten behera sozialistek. Podemos Ahal Dugu-ren agerpenak higatu egin du PSE-EE. Eta ikusteko dago beheranzko joera horri buelta emateko gai den ala ez.
Bizkaitik Leopoldo Barreda da Kongresurako popularren zerrendaburua, eta Raquel Gonzalez Senaturakoa. Rajoyren politikan “eragiteko” duten gaitasuna azpimarratu dute bertoko popularrek hauteskunde kanpainan. Baina ez dute erraza izango igandean. Azken urteetan behera besterik ez du egin PPk Bizkaian. Maiatzeko foru eta udal bozetan jaso zuten azken kolpea: boto kopurua erdira jaitsi zuten popularrek. Eta Arantza Quirogaren dimisioak are gehiago higa dezake alderdia.
Ez dirudi PPren lehiakide zuzen direnek —Ciudadanosek eta UPDk— Bizkaian emaitza esanguratsurik lortuko dutenik.
Eduardo Maura da Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua, eta Miren Gorrotxategik du senatari izateko hautagaien artean lehen postua. Ezker botoa bereganatzeko borrokan dago alderdi berriena.
Foru hauteskundeetan sei eserleku lortu zituen Gernikako Juntetxean Podemos Ahal Dugu-k. Baina Espainiako Kongresurako hauteskundeetako zerrenden osaerak desadostasunak eragin zituen alderdian. Ondorioz, dimisioa aurkeztu zuten azaroan Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak eta zuzendaritzako beste hemeretzi kidek. Ikusteko dago alderdi berriaren gorabeherek igandeko hauteskundeen emaitzetan eraginik izango duten ala ez. Edonola ere, orain arte kaleratu diren inkestek emaitza onak eman dizkiote alderdiari.