“Egindakoarekin konforme gaude, baina asko dugu egiteko”

Natalia Salazar Orbe

Bilboko Kafe Antzokiak sorreraren 20. urteurrena ospatu zuen asteartean, merezitako jaialdiarekin. Axular Etxaburu (Ondarroa, 1974) kultura arloko arduraduna da. Ibilbide luzearen errepasoa egin ez eze, etorkizuneko erronkei buruz ere mintzatu da. Besteak beste, antzokiaren espazio fisikotik harago eragina izan gura dutela azaldu du.

Hogei urteko ibilbidearen ostean, zer sentitzen duzu atzera begiratuta?

Ibilbidea luzea izan da. Batetik, egindako lanagatik pozik gaude. Gauza asko egin ditugu. Bestetik, sinetsita gaude ez garela lokartu behar, eta helburuak ez ditugula guztiz betetzat eman behar. Gauza asko daude egiteko. Bilbon eta Euskal Herrian euskal komunitatea trinkotzeko eta euskara eta haren erabilera indartzeko helburuarekin sortu ginen. Lan handia egin dugu. Hala ere, desoreka handi bat dago ezagutzaren eta erabileraren artean. Egindakoarekin konforme gaude, baina asko dugu egiteko.

Beraz, hasierako asmo eta helburuei eusten diezue.

Nola ez. Gizartean hogei urtean egon diren aldaketak kontuan hartuz, formetan moldatu gara, baina oinarriak sendo mantenduz.

Euskaldunentzat ez ezik, denentzat ere erreferente bihurtu da Kafe Antzokia. Zelan lortu du hori?

Harro egotekoa da. Onarpena orokorra izan da. Bilboko erdal hiztunek Kafe Antzokiarekiko maitasun sentimendu bat ere badute, gainera. Jabetu dira antzokiak egiten dituen lan eta esfortzuez. Ikusi dute mundu osora zabalik dagoen proiektu honek euskara izan duela erdigunean.

Zer ekarri zuen Bilbora zuek ereindako haziak?

Bilbo hiriari oihartzun bat eman dio. Gurea bozgorailu bat izan da hiriarentzat. 2015ean 320 ekitaldi egin dira hemen; 85.000 ikusle izan ditugu, eta 370.000 bisitari. Hogei urtean 5.000 ekitalditik gora egin ditugu. Ezin ahaztu komunikabideetan duen oihartzuna. Erreferentzia bilakatu da.

Belaunaldi aldaketa batean murgilduta zaudete. Tradizioei eutsiz garaikideak izan gura duzuela esan duzue. Zelakoa izaten ari da trantsizioa, eta zer ekarriko du?

Urteak pasatzen dira, eta modu naturalean aldatzen dira gauzak; batzuetan, oso kontzienteki, eta, besteetan, oharkabean. Belaunaldien joan-etorriak bizitzaren parte dira. Gure kultura eta identitatearekiko helburu eta erro nagusiak mantenduta, beti egokitzen ari gara. Modernitatea garaikidetasun moduan ulertzen dugu.

Aldaketa asko izan dira. Besteak beste, sarrera kobratzeari ekin zenioten 2009an. Zer-nolako ondorioa izan zuen horrek?

Aforoa kontrolatzeko behartuta hartutako neurri bat izan zen. Plaza ireki bat izan gura genuen, eta gazteei sarrera erraztu, baina neurri hori hartu behar izan genuen. Hala ere, sarrerak bost euro balio du, eta harekin edari bat eskura daiteke. Beraz, helburua ez da dirua lortzea. Dena den, jendeak normaltasunez hartu du.

Zeintzuk dira aurrera begirako erronkak eta helburuak?

Kafe Antzokiak dituen lanei eutsiko diegu, ez dira-eta txikiak. Autokritiko ere bagara, ordea, eta idea berriak ekartzen saiatzen gara beti. Horien artean, antzokiaren espazio fisikoa gainditzen duten proiektuak gauzatu gura ditugu. Proiektuaren helburua ez zen kafe antzoki bat egitera mugatzen. Hori erreminta bat baino ez da kulturarekin, hizkuntzarekin eta identitatearekin lotutako helburu handiei begira. Bilbon eta Euskal Herrian beste modu batzuetan eragin gura dugu.

Aurrerantzean ere Benito Lertxundiren Zenbat gara kantak gogoraraziko du antzokia ixteko ordua iritsi dela?

Bai, noski. Hori etxeko marka da. Ixteko ordua dela gogorarazten die bertan daudenei, baina kantuaren mezua bera ere gogoraraztea gura dugu: alegia, bideak eraiki behar direla, eta lan egin behar dela herria aurrera ateratzeko.