Gailurretako ikuspegiak lur arrasean

Gailurretako ikuspegiak lur arrasean

Mendia, gailurrak, elurra, arriskua, adrenalina, horma bertikalak, poza, hobetzeko nahia lortzea… Sentipen horiek guztiak eta beste asko daude mendia eta abentura kirolak pasio eta zenbait kasutan ogibide ere bihurtu dituzten kirolarien barrenetan. Ez da erraza pantaila handi batean proiektatzen diren filmen bitartez sentimendu horiek ikusleari helaraztea. Baina bada mendiaren bihotza proiekzio aretoetara eramatea lortzen duenik; irudi ikusgarriak eta ezin imajina daitezkeen planoak baliatuta, ikusleak liluratzen dituzte. Mendi Film Festival da lorpen horren erakusleetako bat. Gaur hasiko da mendi eta abentura kirolen inguruko zortzigarren zinemaldia.

Meru filmak egingo du inaugurazioa. Europan lehenengoz emango dute pelikula era horretako jaialdi batean. Jimmy Chin eta Elizabeth Chai Vasarhelyik zuzendutako lan horrek dokumentalik onenaren saria eskuratu zuen publikoaren eskutik AEBetako Sundanceko jaialdian. Donostiako Zinemaldian ere izan zen, Savage Cinema sailean. Eliteko hiru eskalatzaileren istorioa kontatzen du. Himalaiako gailur arriskutsuenari aurre egiteko saialdian, hiru zailtasuni egin beharko diete aurre: euren iragana, barne deabruak eta naturaren elementurik latzenak izango dituzte aurrez aurre.

Denera, 133 lan aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino hamar gehiago. Horien artean, 43 aukeratu dituzte. Lau Euskal Herrian ekoitzitakoak dira, eta, horien artean, bi euskaraz emango dituzte, jatorrizko bertsioa errespetatuta. Aurtengo jaialdiaren asmoetako bat zen bertako ekoizpena sustatzea eta euskara nabarmentzea. Horretarako oinarria jarria dute, beraz.

Mendi Short

Jaialdiaren barruan, beste hainbat jarduera izango dira. Iaz abiatu zuten film labur amateurren Mendi Short lehiaketa, eta jarraipena izango du aurten ere. Hori ere nazioartea da, eta Mendi Film jaialdian lantzen diren gai berberak jorratzen dituzte horra aurkeztutako lanetan: alpinismoa, eskalada, abentura kirolak, eskia, ekologia, ingurumena eta etnografia, besteak beste. Gehienez, bost minutu irauten dute denek.

Filmen emanaldi eta lehiaketarekin batera, hainbat jarduera prestatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak eta mahai inguruak. Lehen mailako profesionalak izango dituzte protagonista jarduera horiek guztiek. Bihar bertan izango da hitzaldi horietako bat. Hiru Michelin izar dituen Eneko Acha sukaldaria eta hamalau zortzimilako egin dituen Alberto Iñurrategi mendizalea izango ditu protagonistak. Erronka izango dute hizpide; biek ala biek ondo baino hobeto ezagutzen dute gaia hori. 11:30ean abiatuko dute saioa, BBK aretoan.

Arratsaldean, eskalatzaile baten bizimoduari buruzko azalpenak entzuteko aukera izango da. Slideshow – Eskalatzaile baten bizitza izeneko hitzaldia emango du Adam Ondrak. Munduko eskalada txapeldunak bere hastapenak izango ditu hizpide. Lehiaketan aritutako azken zortzi urteei buruzko gorabeherak ere kontatuko ditu. Patxi Usobiaga izan zuen entrenatzaile urte horietan.

Bestalde, proiektuak protagonista izango dituzte Mendi Talks saioek. Trebakuntza eta dibulgazio hitzaldi horietan parte hartzeko aukera dute ikus-entzuleek, galderak zein zalantzak planteatuz eta iritziak emanez. Domekan, National Geographiceko espedizio batzordeko zuzendari Rebecca Martinek erakunde horrek eskaintzen dituen bekaldien berri emango du. Esperientzia hori bizi izan du, adibidez, Eñaut Izagirrek, eta Patagonia ezezaguna bere proiektua zertan datzan azalduko du.

Saria

Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen dituen WOP fundazioaren saria ere banatuko dute jaialdian, hilaren 19an. Hainbat jarrera saritzea du helburu garaikurrak; besteak beste, honako hauek: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde lana; fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa; eta mendi, eskalada eta muturreko kirolekin lotutako ekintzak familiarekin uztartzen jakitea. Josep Manuel Angladari aitortuko dizkiote aurten ezaugarri horiek. XX. mendeko alpinismoaren historiako erreferente nagusietako bat da.

Saria emateko ekitaldiaren ostean, Walk On Project fundazioak ekoitzitako 2T on Chamlang filmaren mundu mailako estreinaldia egingo da. Urriaren 19an Nepalgo mendia igo zuen WOPeak espedizioa du ardatz. Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek eta Juanjo Otazu kamerariak osatu zuten espedizio hura.

Filmak ez ezik, liburuak eta literatura ere sarri baliatu dituzte mendizaleek ingurumenarekiko maitasuna irakurleari transmititzeko. Liburuon egileek eta irakurleek bat egiteko aukera izan dezaten, topaketa bat antolatu dute abenduaren 19rako. 11:00etan izango da, BBK aretoko atondoan. Ostean, Imanol Marrodan artista eta argazkilariak Anboto bere azken lanean oinarritutako Anboto, mundu higikor baten irudia hitzaldia emango du.

Hitzaldi eta mahai inguruez gain, hiru ikastaro ere eskainiko ditu jaialdiak. Lehenengoa bihar eta etzi egingo dute: eskaladako patologiei eta entrenamendu metodoei buruzko ikastaroa. Hilaren 19an eta 20an bi emango dituzte: mendi lasterketetako entrenamendu eta teknikari buruzko clinic-a eta Mendiklik mendi-argazkilaritza tailerra. Bestalde, Mikel Alonsoren Karakorum erakusketa urtarrilera arte izango da Rekalde aretoan.

Jaialdiaren azken egunean, hilaren 20an, Piugaz eskalada zentroa doan zabalduko dute, eskalada denei gerturatzeko. Eta, 12:00etan, lehiaketan saritutako pelikulekin Non-Stop saioak izango dira ikusgai. 17:15ean egingo dute sari banaketa.