“Ez dugu amorerik eman behar; borrokan jarraitu behar dugu”

“Ez dugu amorerik eman behar; borrokan jarraitu behar dugu”

NATALIA SALAZAR ORBE

Beduino bat Karibe aldean liburuaren idazlea da Ali Salem Iselmu (Dakhla, Mendebaldeko Sahara, 1970). Bera eta bera bezalako ume askoren bizipenak jaso ditu oraintsu euskaratu duten lanean. 11 urterekin atera behar izan zuen Saharatik Kuba alderantz, ikastera. Haurtzaroa familiarengandik urruti pasatu zuen. 14 urteren ostean itzuli zen ia ezagutzen ez zuen herrialdera. Interes hegemonikoek maneiatzen duten munduaren barruan bere etorkizuna libre eraikitzeko eskubidea duen herrialdearen aldeko aldarria egin du.

Zer aurkituko du irakurleak Beduino bat Karibe aldean liburuan? Izan ere, ez duzu Saharako gatazka politikoari buruzko historia kontatu.

Mendebaldeko Sahararen subiranotasunaren inguruan sortzen den gatazka armatuak haurtzaroa baldintzatzen dion haur txiki baten historia da. Erbesteratutako ume hori errefuxiatuen esparru batera iritsiko da. Gero, Kuban denbora luzea emango du. Eta, urteak pasatuta, kanpamentuetara itzuliko da. Orduan, askoz ere begirada sakonagoa eta arrazoituagoa izango du bizitzan egin duen bidaldi txiki baina luzeari buruz.

Autobiografia bat al da?

Bai, hala esan daiteke. Narrazio txikiz osatuta dago. Egilearen bizitzaren zenbait fase jasotzen ditu. Hala ere, beste gai batzuei buruzko narrazioak ere badaude.

Nola gogoratzen duzu Kubara iritsi zineneko unea?

Gauez iritsi ginen Habanako Mariel portura. Ozeano Atlantikoa 14 egunez zeharkatu genuen errusiar ontzi batean; sobietarren ferry handi baten itxurakoa zen. Dena zen desberdina. Bereziki harrituta utzi gintuen baso berdeak. Ordura arte ez genuen horrelakorik ikusi. Landare eta zuhaitz mordoa zeuden. Eskolatik jaisten ginenean ere, pomelo eta larajondoz inguratuta zegoen dena. Kanpalekuak zeuden Aljeriako hamadatik gentozen gu. Hango paisaia biluzira ohituta geunden.

Zelakoa izan zen kulturen arteko talka?

Handia: hizkuntza, kubatarren izaera, janaria… Guretzat gauza asko erabat aldatu ziren bat-batean.

Anekdota asko jasoko zenituen.

30 istorio laburrek osatzen dute liburua. Horietako batean, urtebetetzeak ospatzeko moduei buruz ari naiz. Irakaslearen etxera gindoazen ikaskide bat eta biok, oinez. Gorriz margotutako egurrezko ate bat gure begien aurrean ireki zen. Atzean ile hori, begi berde eta begirada alaiko emakume eder batek agurtu gintuen, eta ongi etorria eman zigun. Etxean sartuta, egutegi bat ikusi nuen; ni galaxia honetara lurreratu nintzeneko eguna markatuta zuen. Mahaiaren erdian, txokolatezko tarta bat zegoen, 15 kandela zituena. Hunkituta begiratu nion guzti hari. Orduan jakin nuen Kuban urteak piztu eta itzaltzen diren kandelei lotuta doazela. Saharan urteak gure aitona-amonen memoria historikoan eramaten dira, mitoen eta gertaeren bitartez. Sahararrok ez dugu urtebetetzeak ospatzeko ohiturarik.

Zelan bizi zenuen zure herriaren sufrikarioa urrunetik?

Urte asko igaro nituen nire herrialdetik kanpo. Saiatu naiz prozesu hori azaltzen, kontuan izanik, ume hark ez zukeela handik atera beharko; kanpoko arrazoiek behartuta egin behar izan zuen alde. Basamortura bueltatuta, hegazkineko eskailera jaisten hasi nintzen, baina aire bero masa batek astindu ninduen. Barrura itzuli nintzen. Azkena izan nintzen ateratzen. 14 urteren ostean, ama, aita, aitona-amonak eta neba-arrebak ikusi nituen. Kubatar arimarekin egin nuen nire sustrai beduinoetan barrena bidea.

14 urte. Denboraldi luzea da.

Bai, ez zen 30etik 40ra arteko garaia, gainera; 11tik 25era artekoa baizik. Oso etapa garrantzitsua da hori pertsonaren bizitzan.

Urte asko pasatu dira orduz geroztik. Hala ere, badirudi mundua ez dela garatu. Zer sentitzen duzu errefuxiatu siriarrak ihesi ikusten dituzunean?

Zoritxarrez, mundua bidegabe berreraikitzen ari da. Ikusten edo entzuten dugun informazio guztia ez da egia. Gainerakoan, ezin uler daiteke Siriako egoera. 2010 eta 2011 artean bizitza maila ona zuten. Gogoan ditut Damasko eta beste hiri batzuetako irudiak. Diktadura bat zen, baina herrialdea lasaia zen. Demokrazia bat ez da inposatu behar armadaren, bonbardaketen eta gerren bitartez. Siriarrek ez dute merezi herrialdean gertatzen ari dena. Herrialde askoren interes ekonomiko eta politikoak daude atzean. Herrialdea suntsitzen lagundu dute horiek guztiek. Giza eskubideak eta demokrazia bezalako hitzekaz betetzen zaio ahoa politikari askori. Baina atzean hegemonia, domeinua zein baliabide naturalen kontrolerako nahia daude. Baita arerioa ideologikoki, politikoki eta ekonomikoki ahultzeko nahia ere.

Saharara itzulita, zeintzuk dira kanpamentuetako beharrizan nagusiak?

Baldintza prekarioetan jarraitzen dugu 40 urteren ostean. Zailtasun ugari ditugu. Etxeak lasto-buztinez eginda daude. Euria eta uholdeak iristean, eraikuntza horiek suntsitu egiten dira, eta berriz altxatu behar izaten ditugu. Kalte handia egiten die horrek sahararrei.

Zer-nolako etorkizuna iragartzen diozu zure herriari?

Ez dugu amorerik eman behar. Borrokan jarraitu behar dugu. Munduan beste botere mota bat artikulatuko den itxaropena dugu. Borroka politiko, diplomatiko eta bestelakoetan jarraitu behar dugu. Natur baliabideak bidegabe ebasten dizkigute, legez kontra sinatzen dituzte kontratuak… Gertakari horien guztien salaketa egiten jarraitu behar dugu.