Usain goxo-goxoa iristen da sukaldetik nire logelara Laurak eta Mariek kozinatzen duten aldiro. Elikadura beganoa hartzen du batak, eta begetarianoa besteak, nerabezaroan irmoki erabaki zutenetik beraien erruz ez zuela animalia gehiagok sufrituko. Mariek, barazkiez gain, esnekiak eta arrautzak ere gordetzen ditu bere hozkailuko apalean, Laurak ez, ordea; barazki, fruta, lekale eta zerealez elikatzen da. Elkarrekin bizitzen hastea erabaki genuenean, nire barruko euskaldun belarri-zabal musugorria “ze bizitza tristea, neska!” esaka hasi zen bere baitan, eta ziur naiz ahots altuan ere ihes egingo ziola “txoriek bezala jaten duzue”-ren tankerako sagardotegikeriaren batek, inork iritzirik eskatu ez arren.
Gogoan dut hirurok elkarrekin egin genuen afari bat (elkarrekin jan bai, baina bere kontura kozinatu zuen bakoitzak berea). Mariek erremolatxa eta patata purea prestatu zuen, gaztarekin; Laurak, arroza kurri erara eta algen zopa; nik, berriz, ikaskide espainiar bati familiakoek Turkiara ezkutuan ekarritako txorizoa eta hirugiharra, arrautza frijitu batekin. Inork epaitu gabe, inork ezer esan beharrik gabe, une horretan jakin nuen nire ideien eta ekintzen artean disonantzia edo kontraesanen bat dagoela (idisonantzia eta kontra, nire barruko itzainaren alabak eta harakinen ilobak esango luketen moduan). Bat-batean noizbait izandako ume animalista hasi zitzaidan plateretik oihuka, ordura arte hirugiharraren azpian lozorro koipetsuan egona zena.
“Ei! Nolatan jaten duzu haragia, animalien sufrimenduaren aurka bazaude? Txikitan ez zenituen jan nahi izaten baserrian hazten ikusitako untxi eta bildotsak”. “Bai, badakit, baina zaporea gustatzen zait, eta orain ez dugu etxean animaliarik hiltzen”. “A, hortaz, zure plazera ikusten ez duzun baina existitzen dela dakizun sufrimenduaren gainetik dago. Ba al dakizu supermerkatuan erosten duzun haragia nondik datorren? Eta nola tratatu dituzten animaliak haztegi horietan?”. “Ez, baina aizu, aukera merkeena da, ez daukat dirurik belar-denda garestiei oparitzeko, eta, gainera, seguru bitamina edo mineralen baten faltan daudela begeta denak!”. “Zuk uste? Ikusi al duzu Laurak zenbat gauza prestatzen dituen? Sojazko enpanadillak, pizzak, sushia, irabiakiak… eta zuk, kebab bat janda mineral denak dituzulakoan al zaude?”. “Ez, baina etxetik ere ezin dira atera, zer jango dute kalean?”. “Ohitura zabalduko balitz aukerak ere ugarituko lirateke, eta ba al dakizu zenbat kutsatzen duen ingurumena haragi ekoizpenak, ekologista?”. “Ba… bai, baina nik animaliarik ez jateak ez du hori aldatuko”. “Ui, eta zu feminista izate hutsak patriarkatua suntsituko al du ba?”. “Ez, baina ikusten? Badaude animaliena baino borroka garrantzitsuagoak”. “Bai, gauza bera esango dute askok feminismoari buruz, bigarren mailako borroka dela, beste ideal guztiak bete eta gero egin beharrekoa… baina badakizu zer?”. “Zer”.
“Pribilegio egoeran dagoenarentzat beti da bigarren mailako borroka bere mende daudenen askatasuna”.