Bolintxu: Bilboko altxor ezezaguna

Bolintxu: Bilboko altxor ezezaguna

Mendeak dituzten haritzak eta ehunka haritz gazte. Lizarrak. Urritxak. Haltzak. Sahatsak. Zuhandorrak. Zerua estaltzen duten itzelezko landare bobedak. Edonor barnera bildu, harrapatu eta kondairazko mundura eramaten dutenak. Txorien kantuak. Oreinak, urtxintxak eta basurdeak. Errekaren doinu leunak. Ur gardenak. Ur-jauzia. Zelaiak. Berde kolore biziak udaberrian, edonor pizteko modukoak. Bizitza borborka. Berdea da nagusi udazkenetik aurrera ere, tonu ilunagoetan, marroi eta gorrixkekin tartekatuta. Basoa da. Ametsetako irudiak uzten dituena. Porlan eta zaratazko hiriguneak ber-bertan duena, eta bertokoentzat ere erabat ezezaguna dena. Bilboko azken basoa da: Bolintxu.

Errepidea bertan du. Abusu auzotik Buiara doan Bi-3723a. Ondoan, A-8 autobidea. Are; autobide horren eta A-68aren artean dagoen guneko zati batek osatzen du Bolintxu ibarra. Eta, gezurra badirudi ere, isiltasuna da nagusi ezkutuko altxorrean barneratutakoan, autoen azken tutu hotsa entzun eta segundo gutxira.

Bost bat kilometroko ibilbide borobila du Abusu, Seberetxe, Buia aldetik joanez gero. Ezkerraldean geratzen den malda arbolatsura begiratuta, ez da zaila oreinen bat urratsen soinutik ihesi saltoka ikustea. Basurdeen aztarnak ere nonahi antzematen dira. Eskuinaldean, behealdean, erreka dago; Bolintxun agertu, eta basoa igarotakoan berriz ezkutatzen dena.

Ibilbidean barrena dagoen ur-jauzi ederra baino metro batzuk lehenago agertzen dira Pagasarri aldetik lurpean datozen lehen urak, haitz artetik. Ur-jauzirako tamaina mardula hartzen dute, eta ibar osoa zuhaitzen itzalpean igaro ondoren, lurpean sartzen da berriz erreka, eta A-8 autopista azpitik igarota Abusu aldean urtsu agertzen.

Urak desegin eta berpiztu

Urak, hain zuzen, zeresan handia izan du Bolintxuren bizitzan. Pagasarri eta Arnotegiren oinetan egonik, mendialdetik edaten du, ugari. Horregatik da horren gune aberatsa landare, narrasti eta anfibioetan. Eta horregatik eten izan zaio lasaitasuna: XIX. mendearen amaieran Bilbo ur edangarriz hornituko zuen azpiegitura erraldoia egin zuten bertan, Bolintxu erreka mozten zuen presa eta guzti. Mende batez eman zion edateko ura Bilbori, 1923an ur araztegia egin zen arte.

Utzia geratu zen Bolintxuko azpiegitura orduan, eta presa aisialdirako gune garrantzitsu bihurtu zen bilbotarrentzat. 1983ko uholdeek, ordea, suntsitu egin zuten ibarra eta erreka ingurua. Presa harri eta lokatzez bete zuten gainezka egiten zuten uriolek, eta horma, ezin eutsita, lehertu egin zen.

Baina suntsipenaren lokatzetatik bizi berria sortu da, eta porlanez hesitutako presa zena baso gazte bihurtu da. Uholdeek harresian egin zuten zuloak ur-jauzi polita utzi du, eta azpian, bainua hartzeko moduko putzua.

Errepide berrien mehatxua

Ezagutzen dutenek ez dute alferrik esaten Bolintxu Bilboko paradisu txikia dela. Ezagutu beharrekoa dela, eta lehenbailehen, gainera. Beste errepidetzar batek desagerraraz dezake. Bilboko hegoaldeko saihesbidearen bigarren faseak errepidea basoaren gainetik igarotzea aurreikusten du; eremu babestua dena zeharkatzea. Hasi zituzten lanak basoan, duela urte batzuk. Hasi, eta eten. Geldirik jarraitzen dute, baina ezin jakin noiz arte.