Urtaroari eusteko bizigaiak

Ate-joka ari da negua. Laburtu da eguna, eta hainbat baserritan prestatzen hasiak dira gogorrena izaten den urtaroari aurre egiteko. Gero eta etxe gutxiagotan egiten da, baina sutarako egurrak moztu eta jakitegiak betetzeko garaiak izan ohi dira hauek. Eta, hala, egutegian marka berezia du San Martin egunak. Baina uda giroko sasoiak atzeratu egin ditu azaroaren 11ri lotutako ohiturak; txarribodak, kasurako. Azken asteko eguraldiarekin, etxe gutxitan egin dituzte txarribodak ala txerri hilketak.

Artzainak menditik herrira jaisteko garaiaren hasiera izan da San Martin eguna; hotzetik epelerako jauzia emateko seinalea zen. Eta etxean ardirik ez zuenak orduan erosten zizkion artzainari, neguan jateko. Berdin txerriarekin ere: neguko hotzari aurre egiteko jakiak eman dizkie baserrietan bizi izan diren hainbat eta hainbat belaunaldiri. San Martin eta San Anton bitarteko aldia da, tradizioz, txerria hiltzeko garaia. “Bostak eta iluna, txerria hiltzeko eguna”, dio esaera zaharrak. Baserrien beherakadarekin batera, behera egin du animaliak etxean hiltzeko ohiturak ere. Baina badira tradizioarekin jarraitzen dutenak. Gaur egun, asko dira etxean txerririk eduki ez arren odoloste eta txorizoak egiteko txerrikiak harategietan erosten dituztenak ere.

Etxekotutako basurdea da txerria. Eta etxe eta sabel asko alaitu dituen arren, ez du ospe onik bildu. Txerri hitza tartean agertzean, gauza onik ez da adierazten. Berdin txerrikeria ala txerritokia. Baina konnotazio hori eman zaion arren, aberastasunaren ikurra ere izan da animalia, urte luzez, familia kontsumorako oinarrizko elikagaia izan baita. Erraz gizentzen da, eta, gainera, errendimendu handia ateratzen da txerrikietatik: urdaila, odolosteak, urdaiazpikoa, txorizoak eta solomoa, botatzeko ezer gutxi du. Eta sabel zorri asko kendu du hainbat etxetan. Bitxia da txerriarena: zikintasunaren ospea du, eta aberastasunaren ikurra izan da. Eta utzi ditu horrek ere esamoldeak: “Ezkondutako urtea eta txerria hildako astea, onenak”, eta “txerria hiltzen den lekura ezkondu da” gisakoek ematen dute animaliak duen balioaren berri.

Txerria gizentzeak ere ez du buruko min handirik eragin baserrietan, etxeko zabor eta baratzeko hondakinekin elikatu baitituzte ia beti. Eta horrekin konformatu da txerria, jateko ezeri muzin egin gabe. Baina nahiagoko luke, kortan baino, basoetako ezkurrak lurretik jaten ibili. Esaera zaharrak dioenez, “txerri goseak ezkurra amets”.

Etxean hiltzea debekatuta

Heldu zaie San Martin txerriei. Eta urtarrila bitarte, hilketa egiteko prestaketak egiten hasita egongo dira etxe askotan. Auzolanean ere egin izan dira maiz txarribodak. Baserri batek animalia hiltzean, senide eta auzokideak joaten ziren laguntzera. Emandako laguntza horren trukean, txerrikiak ematen zitzaizkien auzokideei. Eta ohitura horri erreferentzia egiten dion esaera mantendu da Bizkaian. “Odolosteak ordeaz” erabiltzen da norberak zer egin besteek ere horixe jasoko dutela adierazteko.

Baina, izatez, legez kontrakoa da etxean animaliak hiltzea. 1989an etxean jateko txerri hilketaren inguruko arauak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak, “hilketa moduen garapena eta baldintzak arrisku bide larri” izan daitezkeela argudiatuta. Sailaren arabera, “trikinosia eta parasitosiak” kutsatu ditzake txerriak, baita “izurrite bide” izan daitezkeen gaixotasun batzuk ere; salmonelosia eta tuberkulosia, kasurako.

Txerriak hiltzeko hiltegietara jo behar da, legearen arabera. Etxean txarribodak egiteko baimena baldintzen zerrenda luze baten ondoren ematen dute: albaitero bat bertan izatea, azterketa mikrografikoa egitea eta araketak egiteko gailuak izatea, besteak beste. Edonola ere, araua eta errealitatea ez datoz bat txerri hilketen kasuak. Erakundeek badakite hainbat tokitan txerribodak egiten direla, urte luzez egin dituzten bezala. Hiltegira eraman behar dira txerriak hilketarako, baina paradoxikoki, Bizkaian ez dago hiltegirik orain, 2012an itxi baitzuten lurraldean zegoen bakarra: Durangoko Erralde.