Ainhoa Larrabe Arnaiz
Garaiz heldu diote txarribodari larrabetzuarrek. San Martin egunarekin batera, usainen dantza hasten da herri erdigunean. Eta etxetik ateratzen denak berehala nabaritzen du txerrikiak prestatzen ari direla herrian. Zehazki, Aretxabala kultur elkartean. 26 urte dira elkartea osatu zenetik, eta 25 urte dira elkartean auzolanean txerri hilketa egiten dutela. Txerrikiak eskatzen dituzten herritarren artean banatzen dituzte gero. Baina aurtengo ekitaldia azkena izateko zorian dago, eta ez elkartea itxi egingo dutelako soilik —Espainiako Auzitegi Gorenak ixteko agindu duen herriko tabernen artean dago Aretxabala elkartea—; belaunaldi berriek ez diote eusten txerrikiak prestatzeko tradizioari.
Berezia da Aretxabalako txarribodaren kasua. Auzolanean egiten dute txerri hiltzea, norbere etxerako ez, herriarentzako prestatzen baitituzte odolkiak. Dozenaka boluntarioren artean egiten dituzte lan guztiak, eta txerrikia banatu egiten dute gero. San Martin egunarekin batera hasi dituzte, aurten ere, prestaketa guztiak. Txerrikiekin herri afaria zuten larunbatean, eta hartarako odolosteak prestatzen aritu ziren ostiralean. Gainontzeko txerrikiak Aretxabalan jartzen duten zerrendan izena eman duten herritarren artean banatzen dituzte.
Harrera ona du egitasmoak herrian, eta asko dira elkarteko txerrikiak noiz egingo zain izaten diren larrabetzuarrak. “Pena bat da erreleborik ez egotea, herrian eskaera egon badagoelako. Asko odoloste gabe geratzen dira”, dio Garbiñe Etxebarriak eskuak odolosteak egiteko orean sartuta dituela. Ondoan ditu beste bost emakume ere, lan berean; tartean, Ana Mezo. Hura izan zen, beste herrikide batzuekin, duela 25 urte Aretxabalako txarriboda hasi zutenetako bat. “Edadeko jendea bildu genuen txarriboda egiteko. Haiek erakutsi ziguten txarriboda nola egiten zen, eta guretzako ikasketa prozesuak izan ziren lehen urteak”. Beraiek jaso duten jakintza hori gazteei transmititzea nahiko lukete orain.
Gaur zortzi egin zituzten odolosteak. Jai eguna hartzen dute boluntario lanetan aritzen diren guziak horretarako. Baina lan handia dago odolosteak egiten hasi baino lehen. “Txerria hiltzen denerako denak egon behar du prest”. Azken urteetan harategian eskatu dute txerria, baina bestela egiten zuten lehen. “Lehen erosi egiten zen, txarriboda baino hiru hilabete lehenago, eta denen artean hiltzen zen gero”, azaldu du Mezok.
Odolosteak egin baino lehenagoko zerrenda luzea aipatu du Etxebarriak, txerrikia bera eskuetan duela: “Egun askotako lana da hau”. Porruak eta tipulak garbitu eta su txikitan prestatu, piperrak beratu eta azala eta mamia banatu, txerriaren koipea txikitu eta arroza prestatzea aipatu ditu, tartean. Azaldu du larunbatean herri afarian batu ondoren txorizoak egiteko elkartuko direla berriz igandean.
Auzolana. Hori da Aretxabala elkarteko txarribodaren oinarria. Gazte bat ala beste laguntzera joaten da, noizean behin. Baina ardura hartzea da, beteranoen arabera, ohiturari eusteko falta dena.