Betidanik piztu izan dit interesa gizakiak sufrimenduari aurre egiteko duen moduak, batik bat sufrimendu horrek norbera ukitu ordez ondokoa ukitzen duenean. Nola nahi izaten dugun bestearen tripako mina ohoratu, baina gure egunerokotasunean tripako min hori ez sentitu. Nola gustatzen zaigun “hau denon borroka da” esaldia, baina borroka horrek konpromiso pertsonala eskatzen duela usaintzen dugun unean, “gehiago ezin dugu egin” edo “bizitzak aurrera darrai, aizu” esaldiak hartzen ditugun lelotzat. Munduko injustiziez ez ahaztea baina aldi berean ez gogoratzea zen bilatzen genuena, eta aurkitu genuen formula perfektua: kausa bakoitzerako Nazioarteko Egunak asmatu genituen.
Ideia bikaina da. Garrantzitsutzat jotzen ditugun arazoak, gaixotasunak eta ahultzat sailkatzen ditugun giza taldeak egunka sailkatu ditugu egutegian zehar, eta honela badakigu noiz kontzentratu gure aldarri, bertso, aurpegi triste, alai edo haserretu, profileko argazki eta kolore anitzetako kamisetak, kausaz nahasi gabe. Eta are hobea dena, biharamunean ez daukagu zertan gai horri bueltaka segi, atzo poltsan edo nikian jarri genuen pinak urte osorako balioko digulako.
Jakin-minak azaroko Nazioarteko Egunen zerrenda irakurtzera bultzatu nau, jabetzeko hilabete honetan nor ez dudan gogoratu. Azaroaren 2a, adibidez, kazetarien aurkako krimenetan zigorgabetasuna desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izan zen. Hau da, krimen hauek zigorgabetasuna berezkoa dutenez, bi aldarriak egun bakarrean batzea erabaki zuten, jendeari gogoeta errazteko. Azaroaren 8a Hirigintzaren Nazioarteko Eguna izan den arren, etxegabeez oroitzeko egun bat existitzen da oraindik, azaroaren 23a. Gaur Umeen Eguna da, eta bihar Telebistarena, eta bertako iragarki denak irentsi ondoren, 28an Ezer Ez Erosteko Eguna ospatzeko asmoa du munduak. Azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Biolentziaren aurkako Eguna, bere burua azaltzeko bi izenondo negatibo behar dituen aldarriarentzat 24 ordu aski direla sinetsita.
Eta ba al dakizue ze egun izan zen atzo, azaroak 19? Ba Komunaren Mundu mailako Eguna, komunera joateak denok berdintzen gaituela uste dutenak jabetu daitezen komunik ez daukaten milioika pertsonen egoeraz. Beraz, atzo kaka disgustura egitea zegokigun. Baina ohartu ez bazineten, lasai, eguneroko arazoak arazoen egun bilakatu direnetik askoz errazagoa da kontzientziazioa; ahaztu zaizkizuen kausa guztiak baliozkotuko dizkizuete Giza Eskubideen Egunean, datorren abenduaren 10ean.