Igor Elordui
Bezperan sobratu den arroza atera du hozkailutik, hotza kentzeko, Anderrek. Tomate apur bategaz jango du gaur, bazkaltzeko. Telebista aurrean jarri da berriro. Beti dago piztuta telebista Anderren etxean; konpainia egiten diote soinuek eta berbotsak, nahiz eta sarri ikusten ere ez den jartzen; edota etxeko beste zeregin batzuetan galtzen den.
Sofan jesarri da eta telebista gainean dagoen erlojuari begiratu dio. Ordu bata da. Begirada pixka bat makurtu eta telebistan adi pausatu ditu begiak. Andreari buruz ari dira, endekapenezko gaixotasuna daukan Santiago de Compostelako hamabi urteko haurrari buruz. Atzo izan zuen albistearen berri Anderrek. Hasieran notiziaren izenak eman zion atentzioa: “Andrea kasua”. Institutuan, Grekoko irakasle batek azaldu zion Ander -bere izena-, Andres -aitarena-, eta Andrea, adibidez, grekoko izen beretik datozela, andros-etik, alegia; eta bizi-indar esan gura duela, besteak beste.
“Bada ba gero, izena”, atera zitzaion, etsipen tonuagaz, madarikazio isil baten modura, Andrea kasua zer den jakin zuenean: Andrea ospitalean ingresatuta dago, ez dauka sendatzeko aukerarik eta zunda baten bidez ematen dioten elikagaiek mantentzen dute bizirik. Andrearen gurasoek auzitara jo dute, beraien alabari ospitaleko medikuek zunda hori ken diezaioten; sedazioa eman, mina kendu, eta duintasunez hiltzen utz dezaten. Albiste berria da ospitaleko medikuek onartu dutela, azkenean, Andrearen gurasoen eskaria eta zunda kenduko diotela. Andrearen ama ari da hitz egiten telebistan. Anderrek eskuak belaunetan jarri eta gorputza telebistarantz inklinatu du. Harro dagoela dio amak, ez diolako alabari hutsik egin eta haren eskubideen alde egin duelako. Begiak bustitzen zaizkio Andrearen amari berbako eta haren begietara inkatuta egon da Ander, berak ere begiak malkotan, heiagora batek suspertu duen arte.
Malkoak sikatu, zutitu, telebista amatatu, eta aitaren logelara joan da Ander.
Han dago Andres. Sabaiari begira, aieneka. Semeak berba egin dionean begiratu dio, baina aspaldi ez daukate bere begiek batere distirarik. Oraintsura arte antzinako argazki zaharrari bezala begiratzen zion, argazkiko hain ezaguna zitzaion aurpegi hura norena den iragarri guran bezala. Baina argazki zaharreko aurpegiak lausotzen joan dira. Ja ez dago ezer argazkian. Zuria da guztia, beti begira dagoen sabaia bezala.
“Bai, aita, laster bazkalduko dugu”, diotso Anderrek, eskua esku gainean. Fardela aldatu dio, eta hori egin duen bitartean, amarekin akordatu da. Goizegi joan zen. Aita “joaten” hasi orduko, hain justu. Seguru berak baino hobeto jagongo lukeela aita, eta ez zukeela, gainera, aste barruan tabernan lan egiteari utzi behar izango; ezta asteburuetan lan egin ahal izateko auzokoari aita zaintzeko ordaindu beharko ere. Baina hori pentsatu eta atoan Andrearen amarekin akordatu eta pentsatutakoaz damutu da.
Arrozari tomatea botatzera joan denean, munduko epaile, mediku, abade, politikari eta enparau guztiak bazkaltzera gonbidatzeko gogoa sartu zaio Anderri, begietara begira azal diezaioten duin jaiotzea, duin bizitzea eta duin hiltzea zer den.