Bilboko Zorrotzaurre auzoa lehen planoan, eta atzeko aldean Guggenheim museoa eta Euskalduna jauregia. Argazki nagusi hori eraman zuen Bizkaiko Hitza-k bere lehen zenbakiko azalera 2010eko azaroaren 5ean. Zorrotzaurren egin asmo duten hirigintza plana zuen hizpide aldizkariaren estreinako azalak eta barruko erreportajeak, eta gaur egun gai horri buruz idatzi beharko balu “antzeko testu bat” izango zela adierazi du Maite Asensio Lozano aldizkariaren lehen zuzendariak eta artikulu hori idatzi zuen kazetariak. Azaleko argazkia ere ez zen oso ezberdina izango. “Proiektu enblematiko bat izan da Zorrotzaurrekoa, eta krisiak aldaketa batzuk eragin baldin baditu ere, gaur egun antzeko egoeran dago”. Horregatik dio testua ez zuela asko aldatuko, ordutik ia bost urte igaro baldin badira ere eta Bizkaiko Hitza-k 200 zenbaki argitaratu baditu ere.
Hain zuzen ere, denbora honetan guztian hirigintza proiektu horrek zeresana izan du astekarian. “Orri dezente izan ditu Bizkaiko Hitza-n, auzo guztiari eragiten dion proiektua delako eta adierazgarria delako nolako albo kalteak utzi dituen”, Asensio Lozanoren arabera. Bilbon zeresana duen gaia da. Baita Bizkaian ere. Asmo horrekin jaio zen agerkaria, lurraldean garrantzia zuten gaiei lekua emateko. BERRIA egunkarian tokirik izan ez, eta, hala ere, garrantzitsuak ziren gaiei eusteko. Astean behin, eta sakontasun handiagorekin. “Egunerokotasunaren zurrunbilotik ihes egin eta garrantzitsuak ziren bestelako gaiak lantzeko aukera eman du Hitza-k”. Eta horrela izan da astez aste. Herrialdeko gaiak landu dira 200 zenbaki hauetan, baina gaiek eskatzen duten sakontasunarekin.
Hainbesteko sakontasuna, Asensio Lozanori behin baino gehiagotan esan ziotela aldizkaria oso “serioa” zela. “Gizarte sailetik nentorren astekariaren ardura hartu nuenean, gai trinkoagoak landuta, hain zuzen”. Eta horrek bere eragina izan zuela onartu du. Ostera, Ibai Maruri Bilbao kazetariak hartu zuen Bizkaiko Hitza-ren ardura, eta hark aldizkarira “aire freskoa” eraman zuela azaldu du hastapeneko koordinatzaileak.
Aldizkariko gaiak lantzeko garaian, tokian tokiko hedabideekin ere harreman estua dute. Hain zuzen, Mutriku, Lea-Artibai eta Busturialdeko Hitza-ko kazetariek eskualdeko gai bat lantzen dute astero. Baina hortik aparte herri mailako hedabideak informazio iturri gisa “oso erabilgarriak” direla azaldu du Asensio Lozanok. “Udaletako prentsa zerbitzuak ez dira batere objektiboak, eta herri mailako kezken berri izateko modu on bat da”, lekuan lekuko arazoei erreparatzeko.
Euskarazko kontsumoa
Lurralde mailako informazioa eskaintzeko beharraz aparte, euskara Bizkaia osora zabaltzeko asmo garbia erakutsi zuen hasieratik BERRIA Taldearen egitasmoak. Mutriku, Lea-Artibai eta Busturialdeko Hitza-ren eragin eremutik kanpoko euskaldunak euskarazko prentsara erakartzeko bide izan nahi zuen. Bilbon, Arratian, Durangaldean eta Txorierrin eskualde mailako herri aldizkariak badaude, baina gainontzean, Bizkaia mailako prentsa gaztelerazkoa da. Eta gabezia hori betetzeko alternatiba gisa sortu zen Bizkaiko Hitza. Eta hain zuzen, ordutik lurralde mailan euskaraz argitaratzen den euskarazko astekari bakarra da. Urtean 47 zenbaki argitaratu dira, eta horietako bakoitzean 10.000 aleko argitaraldia izan du. Bizkaiko txoko guztietara .
Baina Bizkaiko Hitza ez zen bakarrik sortu, harekin batera sortu ziren gainerako herrialdeetako astekariak ere: Gipuzkoako Hitza, Nafarroako Hitza, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Arabako Hitza. BERRIAn gai lokalak jorratzeko leku faltari eman zitzaion horrela irtenbidea, eta gaurko zenbakiarekin, astekari denek argitaratuko dute 200. zenbakia, Arabako Hitza-k izan ezik. Hain zuzen, joan den urtarrilaren 16tik Araban Alea aldizkaria argitaratzen ari dira BERRIA taldea, Goiena eta Geu elkartea. Lekukoa hartuta, baina Arabako Hitza-ren lekukoari helduta.