Monika Lekunberriri bere lana aitortu diote

Zabalea parkea Monika Lekunberri bihurtu da Galdakaon. Aho batez hartu du erabakia udalbatzak. Jadanik izen berria dauka berdeguneak. Espainiako II. Errepublika garaian sortu zen herriko lehenengo ikastolaren sustatzailea izan zen Lekunberri, eta kultur alorrean erreferentea. Ehun urte bete berri dira hura jaio zenetik; 27 igaro dira hil zenetik. Aldaketa horrekin, bada, hiru dira Galdakaoko kale izendegiak jasotzen dituen emakumeen izenak.

Sixta Barrenetxea eta Maria Nieves Gallastegi dira beste biak. Biak ala biak irakasleak ziren, Lekunberriren antzera, Berdintasun zinegotzi Begoña Ormaetxek gogora ekarri duenez. Gizonezkoen kaleen izenei erreparatuta, aldea handia da. Hainbeste aipatu ditu: Pontzi Zabala, Juan Bautista Uriarte, Juan Sebastian Elkano, Estanislao Gallastegi, Loiolako Inazio, Agirre Lehendakaria, Tomas Larrinaga, Jose Iragorri, Joxe Migel Barandiaran, Pedro Castillo zein Simon Linaza….

Azken boladan, Monika Lekunberri andereñoaren oroimenez zenbait jarduera antolatu ditu Eguzkibegi ikastolaren barruan sortutako lantalde batek. “Eurek emandako informazioa ikusita, pentsatu genuen kale baten izena ipintzea egokia izan zitekeela, kontuan hartuta, gainera, oso emakume gutxik daukatela halako aitortzarik gurean”.

Dokumentalak, sarean

1914. urteko maiatzaren 4an jaio zen Monika Lekunberri. Bere senide eta lagunek haren bizitzari buruzko liburua osatu dute, eta aurki aurkeztuko dute. Herriko lehenengo ikastola sortu zeneko 80. urteurrenaren harira hainbat ikus-entzunezko lan osatu dituzte, gainera. Izan zirelako gara: Galdakaoko ikastolako oroimenak izenburupean aurki daitezke Interneten. Dokumental labur batzuen bitartez aitzindaria izan zen ikastola hartako giroa eman dute ezagutzera. 1930eko hamarkadan euskararen egoera zein zen ere jaso dute. Horrez gain, Lekunberriri berari eta Karmelo Leizaolari buruzko informazioa ere bildu dute.

Plazakoetxe auzoan zegoen Leizaolatar Karmel Euzko ikastolan egin zituen hastapenak Monika Lekunberrik. Espainiako II. Errepublika garaian kulturaren dinamizatzaile lanetan ibili zen. Euzkadi egunkarirako kolaborazioak ere idatzi ohi zituen, tarteka.

1936ko gerraren ostean, Galdakaon bertan geratzeko hautua egin zuen. Abertzalea izanik, jazarpena jasan zuen. “Espainiako aberriaren kontrako eskolan” jardun izana leporatu zioten. Klandestinitatean ekin zion eskolak emateari, beraz. Urte batzuen buruan berriz ere ekin zion eskolak emateari. Juan Bautista Uriarte kaleko bere etxean norbanakoei irakasteko akademia pribatua ere sortu zuen.

Andreen ekarpenak

Lekunberriren antzera herriaren alde lan egin arren aitorpenik jaso ez duten beste hainbat andre badaudela jakinik, 2014 eta 2017. urteen arteko emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. planean “helburu moduan” jaso dute “Galdakaoko emakumeen ekarpen historiko eta kulturala ikusgarri egitea”. Horretarako, “ikerketa historikoa eta hedapena” baliatuko dituzte.

Hau da, emakumeen izenik ez dute hartuko Galdakaoko leku publikoek, oraingoz; ezta gizonezkoenik ere. “Printzipioz ez dago aurreikusita. Joera da izen toponimikoak ipintzea; ez andrazkoen edo gizonezkoen izen-abizenak”.

Halere, “emakumeen ekarpena ikusgarri egiteko hamaika modu” daudela dio Ormaetxek. Kasuz kasu bilatuko dute horretarako “modu onena”. Oraingoz, asmoa da “ikerketak egitea ikusarazteko emakumeek gure historian egin duten ekarpena eta izan duten eginkizuna”. Zenbait modu otu zaizkio: “Liburuak argitaratuta —hori egin dugu behin— edo argazki erakusketen bitartez. Jarduera asko egin daitezke, baina hori aztertuko dugu apurka”.