“Ez nuen esaten handitan makinak gidatu nahi nituenik”

Zein umek ez du amestu handitan kolore horiko induskatzeko makina bat gidatzearekin? Kabinan sartuta, palankei eragin, eta pala luzeak lurra nola zulatzen duen ikusi. Batzuen ametsa besteen lanbide bihurtzen da maiz. Eta halaxe gertatu zen Jon Andoni Murgoitiorekin (Bilbo, 1977): gaztetatik, obrak barrutik nola egiten diren ikusi du. Eta, urtez urte esperientzia hartzearekin batera, hasieran ikasle zena lantalde oso baten arduradun bilakatu da.

Txikitatik ezagutu du eraikuntzaren sektorea aitari esker, obra askotan ibiltzen baitzen lanean. Gaztetan, lagunekin oporretan joan ahal izateko, udan beharrera joaten zen aitarekin. “Udako oporrak heltzen zirenean, obretara joaten nintzen dirua irabazteko”, gogoratu du. Lan xumeekin hasi zen, lanbide berri bati ekiten dion edozeinen antzera. Baina, apurka-apurka, era bateko eta besteko makinak nola erabili ikasi zuen, eta erantzukizun handiagoak lortuz joan zen. Hasieran udako lana baino ez zena ogibide bihurtu zitzaion azkenean. “Txikitan, makinak gustatzen zitzaizkidan arren, ez nuen esaten handitan makinak gidatu nahi nituenik. Baina amaieran, bizitzaren baldintzak direla eta, pixkanaka obraren munduan murgiltzen hasi nintzen, eta nire lekua egin nuen”, dio Murgoitiok.

Duela hamahiru urte hasi zen lanean Galdakaoko De Diego Indusketa eta Obrak enpresan. Lehenengo urratsak peoi moduan egin bazituen ere, makinak gidatzeari ekin zion ondoren, eta, gaur egun, arduradun moduan aritzen da. Askotariko makinak gidatzeaz gain, lantaldea antolatzen du obretan. “Nahiz eta arduraduna izan, ahal dudan guztietan langileei laguntzen ahalegintzen naiz, eta makinak gidatzen ditut”.

“Makina bat gidatzea ez da zaila”. Induskatzeko txikiak eta handiak eta dumper materialak garraiatzeko makinak gidatzen ditu, besteak beste. Haren ustez, ezinbestekoa da urteekin esperientzia lortzea beste ardura batzuei heltzeko. Hala ere, ez da beti erraza proiektuak aurrera eramatea: “Gainetik duzun nagusiaren arabera, obrak modu batean edo bestean egiteko proposamenak onartzen dizkizute, edo, bestela, haien lan egiteko eredura moldatu behar duzu”.

Batetik bestera ibiltzen da Murgoitio obretako makinekin. Astelehenean, Beasaingo hilerriko (Gipuzkoa) berrikuntza lanak amaitu zituen. Eta bukatu bezain laster, asteartean, Mungiako osasun etxeko urbanizazioko lanei ekin zien. “Planoei begiratu, ondo aztertu eta lantaldea antolatu ostean, obrekin hasi gara”. Taldeak hilabete eta erdi izango du obrak amaitzeko. “Erritmoa ondo badoa lehenago amaitu dezakegula pentsatzen dut”, gaineratu du. Mungiako lanak bukatuta, beste udalerri batzuetan hasiko dira lanean. Hala ere, esan du makinekin egiten den lana eraikuntzaren sektoreari lotuta dagoenez nabaritu dutela krisialdia eta behera egin duela lan eskaerak: “Asko igarri dugu krisia, baina azkeneko urtean edo urte eta erdian ez dugu hainbeste nabaritu”.

Merkatuaren egoerari moldatu, eta obretan denetik egiten dute. “Lana egin ahal izateko, makinen beharra badugu, makinetara igo behar dugu; bestela, lan mota ezberdinak egiten ditugu”. Murgoitio, adibidez, zintarriak jartzen eta hodiak sartzen ibiltzen da.

Onetik eta txarretik

Bere lanaren alderdirik motibagarriena obra aurrera doala ikustea dela iruditzen zaio. Eraikuntzaren sektorean, lan bat bukatu ahal izateko, epe luzeak behar dituzte. Hori dela eta, zaila da eguneroko lana aurreratzen ari dela igartzea. “Poz handia ematen dizu zure beharra ondo egiten duzula eta obra bat amaitu duzula ikusteak”. Ordea, Murgoitioren ustez, zenbait egoeratan alderdirik zailena jendearekin komunikatzea da. “Zure lantaldea ondo ezagutzen duzu, eta haiek ere badakite zelan egin behar diren gauzak. Baina, gremio berri bat datorkizunean, erritmoak edo lan egiteko moduak ezberdinak izan daitezke, eta horrek arazo ugari sorrarazten ditu”. Eguraldiak ere lana oztopatzen duela azpimarratu du. “Badakigu zein den geure beharra, eta beroa ez bada, hotza, euria edo elurra egiten du, eta horrekin lan egin behar dugu”.

Gremioen arteko komunikazioaz eta eguraldiaz gain, obra batzuetan bat-batean suertatzen diren oztopoak ere izaten dira Murgoitioren ogibidearen zailtasun handienetakoak.

Santurtzin “erronka polit bati” aurre egin behar izan zion duela hiru urte. “Oso gustura ibili nintzen, eta oso giro polita egon zen lan egiteko, bai langileekin bai auzokideekin”. Kabiezes auzoan urbanizazio obra bat bukatu behar zuten, eta ura garraiatzeko hodiak sartu, baina materialak sartzeko arazoak eduki zituzten, eta egoerari buelta eman behar izan zioten lanak amaitu ahal izateko. “Batzuetan, asko pentsatu behar da bat-batean sortzen diren oztopoei aurre egiteko”. Oztopoak oztopo, Murgoitio kabinan sartuko da, eta palankei eragiten jarraituko du, pala luzeak ia oharkabean lurra nola zulatzen duen ikusten.