“Ez dut nahi nire semea era horretako arriskupean egoterik”

Solokoetxeko BHIko guraso elkartean kezkatuta daude inguruko telefonia antenek euren seme-alabengan izan ditzaketen ondoriok direla eta. Europaren gomendioei kasu egiteko eskatu diete administrazioei. Protestak egin dituzte, eta ez dute baztertzen gehiago egitea, Josune Barrenetxea (Bilbo, 1963) lehendakariordeak iragarri duenez.

Europako Parlamentuak gomendatzen dituen erradiazio mailak baino askoz handiagoak dituzue institutuan. Zein da egoera egun?

Institutuko eremu handi batean zuhurtzia printzipioak gomendatzen duen maila baino askoz handiagoa daukagu. Patioan, esaterako, gomendatutakoa baino ehun aldiz handiagoa da erradiazioa. Eta alde horretara ematen duten geletan, beste horrenbeste.

Administrazioetatik zer esan dizuete?

Teleoperadoreak estu hartu dituzte uhinen maila jaisteko. Udalak konpromisoa hartu zuen Bilboko beste eremu batzuetan monitore bidez kontrolatuta dauzkaten guneen batez bestekora parekatzeko gure erradiazio maila.

Hala ere, gure neurgailuak aurrean sare metaliko bat du. Ekainean, teknikaria etorri zenean neurketak egitera, konturatu ginen sare metaliko horren kanpoko aldean neurtuz gero bikoitza zela erradiazioa. Beraz, neurgailua kanpoaldean jartzeko eskatu diogu udalari, neurketak fidagarriak eta zuzenak izan daitezen. Bilboko batez bestekoa metro koadroko 1,2 volt ingurukoa da, eta, gurean, bitik gora neurtzen du, nahiz eta sarea aurrean izan.

Udalak al du eskumena?

Udalak esan zigun erradiazioa gutxitzeko pantailak jartzeko eskumena Jaurlaritzari dagokiola. Irailaren 8an Bizkaiko lurraldeko ordezkari Ana Isabel Ferrigaz batzartu ginen. Argi esan zigun ez zutela ezer egiteko asmorik. Legebiltzarrak atxikimendua eman zion Europako gomendioari, eta, beraz, denentzako izango den beste bide bat garatu arte, Osasun Sailekoek esan diote guretzat ez dagoela arriskurik eta, beraz, ez dutela esku hartuko.

Asko haserretu ginen, noski. Ibaiondoko ikastetxean, Gasteizen, pantailak jarri zituzten iaz, nahiz eta erradiazio maila gurea baino askoz txikiagoa zen. Gurean ere gauza bera egiteko ahozko konpromisoa hartu zuten.

Beraz, Osasun Sailak dio erradiazio hori ez dela arriskutsua.

Gu ez gara hasiko zientzialarien artean dagoen adostasun falta epaitzen. Europako Kontseiluaren gomendioa baino ez daukagu. Kontuan hartu behar da ikasleek pairatzen dituztela erradiazioak, adingabeak. Beraz, eskatzen dugu gurean ere babes neurriak jar ditzatela.

Beldur zarete antena horiek zein ondorio izan ditzaketen?

Osasunari kalte egin diezaiokete. Erradiazioa metatu egiten da gorputzean. Ez da momentuan nabaritzen. Ez dut nahi nire semea era horretako arriskupean egoterik. Zazpi ordu egiten dituzte gelan. Zerbait gerta dakieke edo ez, baina ez dut nahi era horretako arriskurik.

Gomendioa badago, zerbaitengatik izango da. Erretzeak hil egiten duela dioen gomendioa bezalakoa da hau. Denek ez dute minbizia garatzen erretzeagatik, baina batzuek bai. Eta kasu honetan badaude arriskuen zantzuak.

Zein neurri eskatzen dituzue?

Babes neurriak, hesi fisikoak deritzenak: pantaila batzuk leihoetan, hormetarako pintura bereziak… Udalak aurrekontu bat ere egin zuen neurri horiei aurre egiteko.

Aurrekontuan baino ez dira geratu, beraz.

Legebiltzarreko aurrekontuetan diru sail bat horretara bideratzeko eskatuko dute EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, udaleko mozioa bertan behera geratu ostean. Hori da geratzen zaigun itxaropena.

Protestak egin dituzue.

Bai, joan den astekoa oso arrakastatsua izan zen. Familien %75ek seme-alabak ez zituzten bidali eskoletara. Jaurlaritzak ez badu ezer egiten, mobilizazioekaz jarraituko dugu.