Enpresa berriztatzaileen plataforma berria, abian

Kabi 612 enpresa berritzaileen sehaska zabaldu dute asteon Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Hogeita hamar proiektu berritzaile inguru har ditzake plataforma berriak. Gehienez, sei urte egin ahal izango dituzte bertan. Hala ere, salbuespenak ere aurreikusi dituzte bioteknologia, nanoteknologia eta mikroteknologia proiektuentzat. Kasu horietan, posible izango dute egonaldia luzatzea.

2005. urtean Zientzia eta Teknologia Parkeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako Biokabi biosehaskatik eratorritako bost proiektu hartuko ditu Kabi 612k. Gainerakoak proiektu berriak dira, eta plataforma berri horretan garatuko dituzte dagozkien enpresek.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanean sortu duten azpiegitura eraikitzeko lanak 2009an hasi zituzten, eta 2013an amaitu. BEAZ foru sozietate publikoa arduratuko da plataforma berria kudeatzeaz. Eta Eusko Jaurlaritzaren SPRI sozietateak, foru aldundiak eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak koordinatuko dute.

Joan den eguaztenean egin zuten inaugurazio ekitaldia, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia bertan zirela. Beste hainbat agintari eta enpresa ordezkari ere elkartu ziren, besteak beste, Derioko eta Zamudioko alkateak, Arantza Tapia Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Imanol Pradales Sustapen Ekonomikorako diputatua, Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea eta Alexander Arriola SPRIko zuzendari nagusia.

Aholkularitza eta babesa

Enpresen sehaska izateko modu horretako zentroek aholkularitza eta babesa eskaintzen dizkiete ekintzaileei, negozio ideiaren definizioan, proiektuaren garapenean eta enpresaren sorreran zein konpainiaren lehen urteetako jardunaren garapenean. Horregaz batera, ekintzaileen beharrizanetara egokitutako azpiegiturak eskaintzen dizkiete.