Lekeitioko erdigunean badago ere, hormatzar handien babespean isilik egon da Abaroa jauregia. Garaiek aurrera egin dute, baina harentzat denbora ez dela pasatu dirudi. Itxita edo erabili barik egon da urte askoan, herritarrengandik gertu eta urruti. Orain, baina, herritarrek eurek edukiko dute haren etorkizunaren giltza: Abaroa jauregia lekeitiar guztientzat berreskuratuko dute, eta herritarren ardura izango da zertarako erabili erabakitzea.
1891. urtean eraiki zuten, eta Jose Maria Abaroa lekeitiar bankariaren bizilekua izan zen Abaroa jauregia; 1940tik 2004ra, berriz, agustindar errekoletoen Santa Rita komentua. 2004an, udal jabegoko bilakatu zen, baina, ez zuten ezertan erabili 2012ra arte. Urte horretan, Ondare Lantaldearen eskutik, bertan behera uzte horri buelta emateko lehen pausoak eman ziren: Abaroa jauregia herritarrentzat zabaltzeko prozesua hasi zen, eta kultur ondare izendatzeko lehen pausoak eman zituzten.
Hasieratik erabaki zuen Lekeitioko Udalak Abaroa jauregia herritarren esku egon behar zuela. Eta erabakietan ahal denik eta parte hartze handiena lortu nahi dute. Horretarako, parte hartzeko betiko prozesua baino askoz gehiago den proiektu bat planteatu du udalak: ikerketa ekintza parte hartzailea. Abaroa biztu! deitu duten proiektuaren helburua lekeitiarrak prozesuan subjektu aktibo bilakatu, Abaroa guneaz jabetu eta espazioaren eraldaketa martxan jartzea da.
Bide horretan sortuko diren galderak asko eta askotarikoak izango dira; oraindik gehiago erabaki behar dutenak asko direlako. Printzipioz, lekeitiar guztiak izango dira. Zelako espazioa nahi edo behar dugu? Abaroa guneak funtzio bakarra edo asko izan behar du? Nola berpiztu behar da Abaroa jauregia? Galdera horiei guztiei erantzun nahian dabiltza lekeitiarrak, edo batzuk behintzat bai. Abaroa gunearen inguruko erabakiak hartzera gonbidatu ditu udalak, eta hiru batzar eta beste hiru ekintza egingo dituzte espazioaren antolaketa eta kudeaketa ereduak erabakitzeko.
Irailaren 18an hasi ziren batzarrekin. Lehenengora 25 herritar joan ziren, eta Abaroa gunearen funtzio nagusia kultura eta sorkuntzakoa izan beharko lukeela adierazi zuten orduan herritarrek. Bigarrenean, kudeaketa eredua aztertu zuten; hau da, nola egin iraunkor Abaroa gunea. Gernika-Lumoko Astran, Urnietako Saroben, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), Madrilgo La Tabacaleran edo Bartzelonako Can Batillon erabiltzen dituzten ereduen berri eman eta horien inguruan eztabaidatu zuten, eta, talde txikietan banatuta, Abaroak bete beharko lituzkeen funtzioen inguruan hitz egin zuten. “Buruaski izatea” lortu behar dela eta “kultur sorkuntzarako gunea” izan behar duela azaldu zuten herritarrek.
Bestalde, ekintzekin ere hasiak dira lekeitiarrak. Irailaren 20an arkitektura puzzle bat osatu zuten Independentzia plazan, arkitekturari dagokionez ematen dituen aukeren inguruko tailerra, eta jauregiko espazioak irudikatu zituzten. Hurrengo ekintza, berriz, zapatu honetan egingo dute: gestioa marraztuko dute, antzeko proiektuen kudeaketa ereduetatik abiatuta. Abaroa jauregian elkartuko dira horretarako. Eztabaidekin hasi aurretik, baina, auzolanean ibili dira lekeitiarrak. Eraikinagaz gain, lorategi handi bat dauka Abaroak, eta bertan hasi dira lekua lehengoratzen.
Ikerketa teknikoak egin zituzten hasteko, eta lorezaintzan eta margotzen jardun zuten herritarrek astean birritan batuta. Abuztuko azken-aurreko zapatuan inauguratu zuten jauregiko lorategia, eta, beraz, orain, gune berde berriagaz gozatzeko aukera dute lekeitiarrek.
Izendapen bila
Abaroa jauregia Lekeitioko eraikin garrantzitsuenetako bat izanda, Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea nahi du udalak, besteak beste, eraikinak babes handiagoa izateagaz gain, diru laguntzetara jotzeko aukera gehiago daudelako. Horregatik, 2012. urtean ikerketa bat abiarazteko lehen pausoak eman zituen. Hain zuzen ere, Arkitektura Garaikidearen Historian aditu Gorka Perez de la Peña Oleagari eskatu zioten eraikinaren azterlana. Ikerketa horretan, jauregiaren historia bai eta eraikinaren balioa ulertzeko gakoak erakusten dira. Behin ikerlana aztertuta, Lekeitioko Udala,Eusko Jaurlaritzara joan zen dagokion espedienteari hasiera emateko eta lehenbailehen Euskal Herriko Kultur Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko Lekeitioko Abaroa jauregia.