Irakurleen historiaz oso gutxi egin da. Hala uste du, behintzat, Jon Kortazar irakasle eta idazle mundakarrak. “Alegia, oso gutxi landu da nor den irakurle, non sortzen den gustu literarioa…”. Horregatik, Estepan Urkiaga Lauaxeta idazle izandakoagaz egin modura, Fraternidad Mundaquesa elkarteagaz gauza bera egin du: horren biblioteka historikoa ikertu eta idatzi du Sancho El Sabio euskal kultura eta ikerketa aldizkarian. “Biblioteken azterketak egiten direnean agertzen baita irakurleen profila”.
Duela lau bat urte hasi zen Mundakako Casinoan dagoen biblioteka aztertzen. Ordutik, lanaren helburuak argi izan ditu: “Herria [Mundaka] historikoki nola sortu zen ezagutzea, eta bibliotekak biltzen duen altxorra mantendu eta gorde egin behar dela kontzientziaraztea”.
Uda osoa ikertzen jardun zuen orduko hartan Mundakako idazleak: Casinoko gutunak, inbentarioa, agiriak, kontabilitate liburuak, diruzaintza liburuak… Dokumentazio guztia goitik behera irakurri zuen. Hortik atera zituen bere jakinmina asetzeko behar zituen datu denak: Fraternidad Mundaquesa elkartea noiz sortu zuten, zenbat bazkide ziren, nola egin zituzten eraikuntzak eta behatokiak…
Datu horiei erreparatuta, ikus daiteke elkartea 1867. urtean sortu zutela, eta bere helburu garrantzitsuenetako bat liburutegia eta hemeroteka sortzea zela, “bazkideen hezkuntzarako baliagarri”. Mundakarraren arabera, “Jose Manuel Etxeita nobelagile eta marinela izan zen elkartearen bizitzan funtsezko garrantzia izan zuen pertsonetako bat”. Horregatik, haren heriotzaren urtea hartu du Kortazarrek ikerketaren epemuga jartzeko. “Bera hil zen urtetik aurrerako agiriak falta dira; beraz, ziurrenik Etxeitak zerikusia handia izango zuen liburuak erosterako orduan”.
Urte horien artean egindako inbentarioak izan ditu oinarritzat, hortaz. Horiek kontuan hartuta ezagutu du “orduko hartan biltzen zutena, biblioteka nolakoa zen, zer egiten zuten bertan, zein zen bertan zuten katalogoa…”.
Gehienbat geografia eta itsasoagaz lotutako liburuak zein entziklopediak erosten zituzten garai haietan. Euskarazko liburu gutxi zegoen, ordea; horien artean leudeke Etxeitak berak oparitutakoak. Hala ere, bibliotekako gorputz handiena Fermin Herranen Biblioteca Vasca zela jakin du, eta, oraindik ere, hala da: “Liburu nahikotxo baitaude, gaur egun, bertan”.
Hemeroteka, handiagoa
Biblioteka, dena den, ez zen oso handia; 300 bat liburu omen zeuden. Hemeroteka zen, berriz, handiagoa. Aldizkari eta egunkari asko erosteko ohitura zuten; bertokoak eta Madrilgoak. Halaber, New Yorkeko (AEB) egunkari bateko harpidetza ere egina zuten. Harreman sarea handia zen gainontzeko estatu eta nazioekaz: beharbada, aberatsa, gainera. Tinta, musika partiturak eta karpetak, esaterako, atzerrian erosten zituzten. Kontrola ere handia zen; zerbait ez heltzekotan, korreoz eskatzen zuten.
Hemerotekako interes puntuak berberak zirela dio Kortazarrek: erreportajeak, irudiak… Hala ere, agian, elementurik aberatsena La ilustración Española y Americana litzatekeela aitortu du. “1869an hasi ziren erosten, eta 1915era arte, urtero urtero erosten eta koadernatzen zituzten; gaur egun, ia-ia osorik mantentzen da”.
Gaur egun erabilgarri ez dagoen arren, bere garaian biblioteka izandako horrek “interes lokala zein zientifikoa” du. Hori dela eta, giltzapean dagoen altxor horregaz zerbait egin behar dela dio. “Gauza asko baitaude jokoan: alde historikoa, ekonomikoa, emozionala, identitarioa…”. Hala, 1977. urtean izan ziren 150 liburuetatik, egun, 60 bat geratzen dira —batez ere, koadernatutakoak— eta horietatik bakarra ere ez du galtzerik gura. Horretarako, baina, elkarlanean jardun beharko dute Casinoko jabeek eta Mundakako Udalak.
Idazlea eta irakurlea
Ofizioz irakaslea da, baina idazletzat ere badu bere burua, eta, era berean, “irakurlea” ere bada. Hori guztia, euskararekiko lotura etengabean. Euskararen alde egindako lan horregatik, esaterako, 2010. urtean Lauaxeta saria jaso zuen, “ohore eta poz handiz”, berak egindako “gutxi horren” aitorpen gisa.
Merkatuaren ahuleziak “oso argiak” direla jakin arren, gaur egun, euskal literatura garai onean dagoela deritzo. Eta momentu hori aprobetxatuta jarraituko du berak ere lanean. Orain, esaterako, egungo euskal literaturaren historiagaz lotutako lan batean buru-belarri dabil, ikerketa lan talde batean. Zortzi aletan argitaratu gura dituzte, eta bakarraren faltan daude. Halaber, literatura eta identitateari, literatura eta nazioari, eta 1936ko gerra eta euskal nobelari buruzko lan proposamenak ere baditu, beste batzuekaz batera.
Hainbat dira orain arte Kortzarrek egindako lanak —XX. Mendeko euskal literaturaren historia eta Luma eta Lurra lana, esaterako—, baina handia da baita Joseba Sarrionaindia idazlearen biblioteka historikoa ikertzeko duen gogoa. Horretarako, baina, Iurretako idazlearen familiagaz hitz egin beharko du. “Ez da zaila, baina jartzea da”.