Santurtzitik Bilbora itsasadarraren hegaletik eta gona jasota doazen sardina saltzaileen abestiak ezagun bihurtu du kostaldeko herria han eta hemen. Emakume horiek urteetan egindako lana aitortze aldera eta haien omenez egindako monumentuak 50 urte bete dituela aprobetxatuta, Santurtziko Udalak eta herriko hainbat elkartek Sardina Saltzaileen I. Eguna antolatu dute biharko.
“Emakumeari duen garrantzia emateko” modu bat da biharko ospakizuna, Mendialde dantza taldeko kide Raimundo Floresek adierazi duenez; talde horrek laguntza eman du ekitaldia antolatzeko. “Ia nahi gabe, herri osoa batu zuten sardina saltzaileek”. Santurtzin “tradizio handia sortu da, jaietan, bereziki, haien antzera janzteko; herritarrak identifikatuta sentitzen dira haiekin”.
Bihar ere horrela edo arrantzale jantzita joateko deia egin dute antolatzaileek. 10:00etan jarri dute ordua, sardina sailtzaileen omenez egindako monumentuaren ondoan. “Emakume langileen lana aitortzeko” jarri zuten, duela 50 urte. “Txaro ederra ezizenekoa izan zen modeloa. Oso emakume ospetsua zen, alaia eta xelebrea”. Eskulturaren ondoan omenaldi xume bat egingo diete andre haiei. Baldintza oso gogorretan lan egin behar izaten zuten. “Hala kontatu didate haien alabek zein ilobek: arrantzontziak Abratik zetozela, sirena hotsak entzuten zituzten, eta 04:00etan edo 05:00etan portura jaisten ziren korrika, arrainik onenak eskuratu ahal izateko salmentan. Horren ostean, hainbat kilo sardina zituzten otzarak buruan hartu eta Bilbora arteko bidea egiten zuten. Gainera, kalean oinutsik ibiltzen ziren, bustita. Gorriak ikusten zituzten familia mantentzeko”.
Sardina saltzaileen martxa
Garai hartako ibilbide hura oroitzeko, sardina saltzaileen lehengo martxari ekingo diote 10:30ean. “Sardineraren parketik atera, eta Portugaletera arteko bidea egingo da”. Pin oroigarri bat banatuko du udalak. Gaur da azken eguna martxan parte hartzeko izena emateko. Turismo Bulegora jo behar da horretarako; 94-483 94 94 telefono zenbakira deituta izena emateko aukera ere badago.
Mendialde taldeak berreskuratutako erraldoiak eta txistulariak lagun izango dituzte martxara doazenek. Ibilbide osoa egingo dute elkarregaz. Arrantzalea eta sardina saltzailea ordezkatzen dituzten erraldoiek parte hartuko dute ibilbidean.
Eguerdian itzuliko dira Santurtzira, trikiti doinuek lagunduta. 12:45ean sartuko dira portura. Erromeria eta sardina jana izango dituzte prest han.
Bestalde, Santurtzi Itsasoa museoan ere zenbait jarduera prestatu dituzte: argazkiak ateratzeko photocall bat eta Santurtziko emakumeari buruzko erakusketa. Horrez gain, 12:30ean bisita antzeztuan parte hartzeko aukera emango dute.
Aurtengoa lehenengo omenaldia eta lehenengo Sardinera Eguna izango da, baina antolatzaileek ez dute gura azkena izaterik. Aurrerantzean ere iraileko zapatuetan egiteko asmoa dutela iragarri du udalak. Ricarto Ituarte alkatearen esanetan, helburua da “Santurtzik daukan tradizio arrantzalea gogora ekartzea jai giroan eta herritarren parte hartzeagaz”.
Eta biharko egunak arrakasta handia izango duela aurreikusita dago. “Hainbat lagunek eman dute martxarako izena. Lehenengo urtea izateko, ziur gaude erantzuna oso ona izango dela”, iragarri du Floresek.