“Haurtzaroko panpina ikustean ezustekoa hartzen du jendeak”

Langabezian geratu zenean, proiektu berri bati ekin behar ziola pentsatu zuen Jose Rubiok (Santurtzi, 1970). Txikitatik gustukoak izan ditu eskulanak, eta, Mari Asun arrebarekin batera, bere ibilbide profesionalari bira eman eta Peliñecos izeneko panpinak ekoizten hasi zen duela urte eta erdi.

Zaletasun gisa, lagunentzat hasi ziren panpinak sortzen. “Aisialdirako denbora asko duzunean, burua martxan jartzen da, eta ideia xelebre asko etortzen zaizkizu”, dio Rubiok. Eskulanetarako trebezia baliatuz, zaletasun hori ogibide bihurtu du azkenean. Nebak kontatzen duenez, Mari Asunek eskuekin lan egin du denbora luzez; besteak beste, jostun eta ile apaintzaile lanetan ibilia da. Buruari eraginez eta hariari tiraka, eskuei beste erabilera bat ematea pentsatu zuen Jose Rubiok. “Hobby moduan hasten dira lanbide asko, eta kasu honetan ere halaxe izan zen”. Lagunek animatuta, “serio” hartu zuten negozio aukera, eta, pixkanaka-pixkanaka, ezagutzera eman dute euren lana.

Egundaino, 500 panpinatik gora egin dituzte. Egunean bat amaitu ohi dute, gutxienez, eta Santurtzitik mundu osora zabaltzen dituzte. Etxean bertan lan egiten dute. Gero, sare sozialen bidez saltzen dituzte panpinak. “Batez ere, Euskal Herritik eskatzen dizkigute gehienak, baina Madril eta Bartzelonatik ere jasotzen ditugu eskaerak”, dio sortzaileak. Oihartzuna gero eta handiagoa da, eta Peliñecos direlakoak nazioartean saltzen hasi dira. “Azkenaldian, AEBetatik eta Alemaniatik jarri dira gurekin harremanetan panpinak eskatzeko. Hori dela eta, ingelesa ondo menperatzen duen beste lagun bat sartu dugu proiektuan; berak laguntzen digu nazioarteko eskaerekin”. Arrakastari eusteko, panpinen eskaintza zabaltzea erabaki dute. Hala, arrebari pelikuletako pertsonaiak eta musika izarrak egiten hastea proposatu dio. “Denetarik egiten dugu, helduentzako edo umeentzako filmetako pertsonaiak, pertsona anonimoak zein famatuak”.

Rubioren arabera, gakoa abilezia izatean dago. “Azken boladan, azkarrago egiten dugu lan, besoak eta buruak moztuak ditugulako; horrek arinago aritzeko aukera ematen digu”. Nahiz eta molde jakin batzuk erabiltzen dituzten, panpina bakoitza “berezia” da, eta xehetasun ezberdinak ematen dizkiote. Panpina talde bakoitzak bere ezaugarri propioak dituela azpimarratu du. Baina horiek sortzeko prozesuan badira gogokoago dituen batzuk. Dendetan jada saltzen ez diren panpinak egitea gustuko du Jose Rubiok. “Ezusteko handia hartu ohi du jendeak haurtzaroan zuen panpina berriz ikustean; esaterako, Barrio Sesamo haurrentzako telesaileko pertsonaiek atentzioa eman ohi dute”.

Eskaerak “askotarikoak” izaten dira, baina beldurretako filmetako izarrak, Predator eta Saw pelikuletako protagonistak eta zonbiak eskatzen dira gehien. Rubioren arabera, Star Wars pelikulan oinarritutako pertsonaiak saltzen dituzte gehien. “Film horrek jarraitzaile asko ditu, eta pertsonaiak oso ezagunak dira”. Panpina bakoitzak 20 eta 30 euro artean balio du, baina lanaren araberako prezioa ematen dietela azpimarratu du santurtziarrak. Adibidez, Alien filmeko estralurtar protagonistak lan handia eman ziela azaldu du. “Ia 50 zentimetro luze zen, eta askotariko materialak erabili behar izan genituen errealismo kutsu bat lortzeko; hankak egiteko, hodiak erabili genituen. Burdindegi batean sartu eta buruari eragiten diogu, aukerarik egokiena zein izan daitekeen”.

Askotariko eskaerak

Panpina ezagun asko egiteaz gain, kaleko jende arruntarenak ere sortzen dituzte. “Alaba edo semearen argazkia ekartzen digute; xehetasun berezienak kopiatu, eta panpina bat sortzen dugu”, dio Rubiok. “Edozein panpina egiteko gai gara; oraingoz, ez dugu ezer baztertu, nahiz eta bitxiak izan. Behin, Los Ramones musika taldeko bateria jotzailearen panpina eskatu ziguten. Hori xelebrea da”.

Santurtziko Dorretxean aurkeztu berri dute Rubio neba-arrebek euren lehenengo erakusketa; bertan, 70 panpina ikusteko aukera izan dute bertara joan direnek. Gaur egunera arte atondu duten erakusketa zabalena izan da azken hori, lan gehien bildu duena. “Jende asko ezagutzen dut herrian, eta taberna batzuetan arratsalde bakarreko erakusketak egin ditugu. Horrek gure lana ezagutzera emateko aukera aparta eman digu”.

Gaur egun, ekimen berriei so daude. “Barakaldoko Udalarekin berba egiten ari gara, eta, hurrengo urtera begira, zerbait egiteko asmoa dugu bertan”. Gainera, proiektua indartzeko asmoa dute, eta saretik herrira salto emateko pausoak aztertzen ari da santurtziarra. Horrez gain, klaseak emateko proposamena jaso dute, eta aukera ikertzen ari dira egunotan. “Gure ametsa herrian lokal bat eskuratu eta denda zabaltzea da. Dena nahi bezala badoa, laster alokatuko dugu, eta bertan salduko genituzke geure panpinak, nahiz eta sare sozialetan jarraituko dugun”.