Duela urtebeteko aldarrikapen berberakaz, Bizkaibus protestan

Urtebetean ezer gutxi aldatu da Bizkaibusen. Iazko arrazoi berberengatik, berriz ere lanuzteak eta greba iragarri dituzte sindikatuek. 2013ko irailean eta urrian egiten zituzten salaketak errepikatu dituzte egunotan beharginek: “Zerbitzu berrien adjudikazioek lanpostuak galtzea eragingo dute”. Langile batzordeak eta Bizkaiko Herri Lan eta Garraio Sailak adostutako akordio batekin amaitu ziren orduko protestak. Enpleguen subrogazioa berbatu zien diputazioak. Baina laster martxan hasiko den Bizkaibus berrituak orain artekoak baino linea gutxiago izango ditu. “Iazko mobilizazioak piztu zituen egitura berri berberari eutsi diote lizentziak onartzerakoan”. Horregatik, sindikatuek uste dute behar baino langile gehiago egongo direla. Horrela, bada, gaur zortzi egingo dituzte lehen protestak. Goizez, arratsaldez eta gauez, aldiro bi orduz etengo dute lana. Ondoren etorriko dira egun osoko bederatzi lanuzte. Urriaren 27an, azkenik, greba mugagabea hasiko dute.

Astelehenean aurkeztu zuten deialdia Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailaren Bizkaiko ordezkaritzan. ELA, LAB, UGT-Euskadi, Euskadiko CCOO eta LSB sindikatuetako ordezkariek iazko urriaren 4an sinatutakoa ez betetzea leporatu zioten Garraio Sailari. Besteak beste, hiri barruko lineak mantentzeko, lanpostuen amortizazioa eragozteko eta orain arteko lan baldintzak eta lan poltsak bermatzeko konpromisoa hautsi izana egotzi zioten.

Martitzenean, Bizkaiko Foru Aldundiaren asteroko gobernu kontseiluak lizentzia berrien adjudikazioak onartu ostean, Itziar Garamendi Garraio diputatuak erantzun zien. Onartu zuen “harriduraz” hartu duela albistea. “Iaz sinatutako akordioaren puntu guztiak bete ditugu. Horregatik, ez dugu ulertzen zertara datozen mobilizazio hauek. Espero dut lanuzte deialdia ez betetzea eta ez izatea presio egiteko modu bat”. Bi langile motak mantenduko dute enplegua. Batetik, lantalde finkoa osatzen dutenek. Bestetik, adjudikazioak onartu diren egunera arte gutxienez lau hilabetez beharrean ibili diren behin-behinekoek. Gainera, ohartarazi du beharginek eta adjudikazoak jaso dituzten enpresa berriek daborduko sinatu dituztela subrogazioak. Horregatik, erabat ukatu du enplegua suntsituko dela.

UGT sindikatuko Pedro Markinak “gezurtzat” jo du. Salatu du subrogaziorako zerrendak egiten ibili direnean bi langile ez zirela agertzen. “Mungia, Arrieta eta Meñaka arteko linean eta Mungia eta Gamiz-Fika artekoan zerbitzua mantendu da, baina gidariak ez. Aste honetan bertan kaleratu dituzte biak. Ez da egia langile guztiak subrogatu direnik”.

Iazko protestetan bezala, sindikatuak epe ertainera begira ipini dira. 2013ko urrian sinatutako akordioan, hirugarren puntuak hala dio: “Gaur egun existitzen diren lanpostuak mantentzea bermatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak haien amortizazioa ez onartzeko konpromisoa hartzen du. Konpromiso hau soilik berrikusi ahal izango da langileen ordezkaritza legalak eta sozietate kudeatzaileek Bizkaiko Foru Aldundiaren gainbegiratzearekin lortuko luketen akordio bidez”. ELA sindikatuko Iñaki San Andresen arabera, diputazioak ez du berbatutako hori beteko. “Lineak desagertzean edo bat egitean egituratik lanpostuak kentzen ari dira. Linea bakoitzak 11 ditu gutxi gorabehera. Beraz, guk egin ditugun kalkuluen arabera, 200 bat amortizatuko dira”.

Oraingoz, Bizkaibusek orain arteko lantaldeari eutsiko dio, subrogazioari esker. “Baina zertan edukiko dituzte sobera dauden horiek? Euren lanpostua desagertzen bada, zertan egongo dira enpresan?”. Haren ustetan, foru aldundia “une honetako arazoa saihesten saiatzen ari da subrogazioagaz”, baina, lanpostuak desagertuko direnez, “asko jota hiru urte barru” kaleratzeak egongo direla aurreikusi du. Gainera, gogora ekarri du diputazioak 12 milioi euroko diru sorta onartu duela gehiegizko enplegua orekatzeko. “Seguru gaude amortizaziorako erabiliko dela”.

Sindikatuen proposamenak

Iazko akordioan foru aldundiak zioen zerbitzua hobetzeko har daitezkeen neurriak aztertuko zituela, amortizazioa saihesteko bitarteko modura. Besteak beste, “Bizkaiko gizarteak eskatutako linea berriak eta maiztasun edo ibilbide aldaketak” aipatzen zituen. UGTko Markinak adibide bat ipini du. “Bilbotik Santa Marina ospitalera doan linea hiri barnekoa dela uste zuen. Eskualde osoari zerbitzu ematen diola ikusarazi diogu. Eta azkenean lizentzietatik kanpo Bilboko Udalagaz batera lineari eustea onartu du. Adjudikazioetan horretarako onartutako aurrekontuaren zati bat aurreztu bada, zergatik ez du diru hori erabiltzen Bizkaibus orain arte bezala mantentzeko? Santa Marinakoagaz egin du salbuespena. Datozela gehiago”.

Sindikatuek eta Garraio Sailak komisio bat sortu zuten iazko urrian, akordioa betetzen dela gainbegiratzeko eta zerbitzua hobetzeko proposamenak aurkezteko tresna gisa. “Elkarrizketa asko egon da, baiezko mordoa entzun ditugu, baina praktikan ez da ezer egin. Zerbitzua hobetzeko eta linea berriak sortzeko egin diren proposamenen inguruan ez dute pausorik eman”, salatu du CCOOko Juan Carlos Gonzalezek.

Garamendik azaldu duenez, zazpi aldiz elkartu dira; azkenekoz, irailaren 4an. Sindikatuen esanetan, estreinakoz, diputazioko ordezkariek ez zuten hurrengorako hitzordurik proposatu. Hil honen 11n, posta elektronikoz eskatu zuten zita sindikatuek, baina ez dute erantzunik jaso. Garamendik ateak irekiak dituela dio. Sindikatuak zain daude.