Azaroan abiatuko da birmoldaketa, linea gutxiago eta zerbitzu berriekaz

Data zehatzik ez dagoen arren, azaroan abiatuko da Bizkaibus berritua. Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu kontseiluak datozen hamar urteetarako lizentzien adjudikazioak onartu ditu. Osotara, zerbitzuak 1.008,5 milioi eurotako kostua izango du epe horretan. Horietatik 747,5 milioi lehiaketan aukeratu diren bost sozietate kudeatzaileei ordainduko zaizkienak dira. Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio diputatuak azpimarratu duenez, horretarako aurreikusitakoa baino % 1,52 gutxiago izango da.

Birmoldaketan linea batzuk desagertu dira, eta beste batzuk batu. Osotara, 89 izango dira. Diputatuaren esanetan, gaur egungo beharrizanetara egokitu dute zerbitzua. “Bizkaibus sortu zeneko eskariari erantzuten zitzaion gaur arte, baina garraiobide berriak sortu ahala, egoera aldatu egin da”. Besteak beste, orain metroak ibilbide bertsua egiten duen Ezkerraldeko linea batzuk kendu dira, “ia ez dutelako erabiltzailerik”.

ELA sindikatuko ordezkari Iñaki San Andresek salatu duenez, beste aukerarik gabe ere geratu dira zenbait herritar. Honako adibide hauek ipini ditu Hego Uriben: “Bilbo, Basauri eta Galdakao lotzen dituen A-3621 linea kendu dute, Basaurin Urbi inguruko bizilagunak eta Bilbon Bolueta ingurukoak zerbitzurik gabe utziz. Bilbo-Etxebarri-San Antoni linea kenduta, beste horrenbeste gertatuko da industrialdeetako beharginekaz”.

Hiri barruko lineak udalen esku utzi dituzte: Errekatxokoa Barakaldon eta Artxandakoa Bilbon. Astelehenean bertan onartu zuen Bilboko Udalak Moyua plazatik Artxandara joango den Bilbobus linea berria sortzea. Auzoko bizilagunak hilabetez ibili dira Bizkaibus linea kenduko dietela salatzen. Santa Marina ospitalera doana, berriz, erdibana kudeatuko dute Bilboko Udalak eta foru aldundiak. Beste linea batzuk luzatu egingo dira. Berbarako, Bilbo eta Durango arteko autobusa Mañaria eta Izurtzara arte joango da. Hala, bi herriok estreinakoz izango dute Bizkaibus zerbitzua. Sindikatuek ez dute ontzat jotzen lineak batzea edo luzatzea: “Durangaldeko eta Hego Uribeko linea askotan jendea batetik bestera bueltaka ibiliko da”, salatu du San Andresek.

Zerbitzu berririk ere sortuko da. Hainbat herri Bilborekin lotzeko, espres deitu dituzten autobusak ipiniko dira, bidaien iraupena laburtzeko. Bermeo eta Bilbo arteko A-3527 lineak halako bi bidaia egingo ditu lehen orduan. Gernika, Zornotza eta Bilbo lotzen dituen A-3524 lineari ere hainbat geraleku kenduko dizkiote bidean. Geralekua galduko duten erabiltzaileek Bermeo-Gernika-Zornotza-Bilbo autobusa hartu ahal izango dute. Halako hirugarrena Ondarroa eta Durango hiriburuarekin elkartzen dituen A-3915 linea izango da.

Era berean, asteburuetan gaueko autobus zerbitzua ipiniko da eskualdeetako herri nagusiak eta Bilbo lotzeko. Orain arte, Aste Nagusian eta herri batzuetako jaietan baino ez da halakorik eskaini. Horietako bat Mungia izango da. “A-3516 linea bariku eta zapatu gauetan ere ibiliko da, 60 minuturik behin. Bilbotik, 01:30era arte irtengo dira autobusak, eta Mungiatik, berriz, 01:00era arte”. Landa eremuko herri txikietako zerbitzua ere hobetuko dela iragarri du. Eskualdeko herri nagusiekaz loturak hobetuko dira. Bereziki, Enkarterri inguruan nabarituko dituzte hobekuntzak, Karrantza eta Lanestosaren eta Zalla eta Balmasedaren arteko loturetan.

Lizentziak abiaraztearekin batera, autobusen %25 berrituko dira. Zerbitzua eskaintzen duten 285 autobusetatik 65 berriak izango dira; bost hibridoak dira, eta Ezkerraldean ibiliko dira.

Ibilerrazak eta modernoak

Autobusak ibiltzen errazak izango dira. “Gaur eguneko eskaeretara egokituta egongo dira, bai zaharrak bai berriak. Ezaugarrien arabera, gurpil aulkiak igotzeko arrapalak izango dituzte, edo autobusak espaloiaren mailara jaitsiko dira”. Eta itsuentzako zerbitzu berri bat ere izango dute: SIO sistema delakoa. Soinu bidez zein geltokitan dauden eta hurrengoa zein den jakingo dute ikusmen urritasuna dutenek. Gainera, segurtasun neurri berriak ipiniko dizkiete.

“Modernoak” ere izango direla dio Garamendik. “Doako wifia jarriko da, erabiltzaileek Internetera konektatzeko aukera izan dezaten. Horrez gainera, jendeari informazioa emateko monitore batzuk izango dituzte, kokapen mapa eta ibilbidearen diagrama ikusgai egoteko”. Monitore horiek bestelako multimedia edukiak ere izan ditzaketela aurreratu du; agian, publizitatea.