Alkoholikoa da da Jim. Gerra beteranoa. Zeukan dena bere herrialdeagatik eta bere herrialdearentzat emandako soldadu ohia. Atzerriak odolustu ostean, barneak odolez igeri eta bizi-larritasunak itota, etxera itzuli ziren milaka beteranoetatik bat. Kemen eta adore betez urrunera joanda, bizi izandakoak, ikusi izandakoek sena hari fin batetik eskegita utzi zietenetako bat. Eta jaioterrira bueltatzerakoan, bizkarra baino ematen ez zion gizartea aurkitu zuen. Bere onenean egotetik ezin urrunago dagoen batek behar duen azken bultzada amildegitik behera jausteko. Hilak urte eta urteak hamarkada, gerra beteranoa espaloietako beterano bihurtu zen, ardoaren konpainia bakartiarekin. Harik eta estilista talde bat hurreratu zitzaion arte.
Psikologoa da Christin. Eta estilista. Eta taxi gidaria. “Jendea bere buruarekin hobeto sentiaraztea gustatzen zait”, esan zidan bere autoan eraman ninduenean. Psikologoen eta ile-apaintzaileen lanak ezin antipodagoetan jartzen dituzten horietako bat izan naiz betidanik. Izatez, onartu beharra daukat, begitankor samar begiratu izan diot beti moda munduari. Arropa dela, makillajea dela, estilismoa dela. Begirada eta gogoetak azalean iltzatu eta hor utzi. “Animalia bisualak gara?”, jarraitu zuen Christinek: “Oso garrantzitsua da goizetan, lanerantz atera aurretik, ispilura begiratzea. Ez da ematen duen bezain azalekoa”.
Ile-apaintzailea da Emilio. Christinek taxian kontatu zidanaz egin nion berba eta Interneteko esteka bat pasatu zidan. Rob Bliss Creative etxe ekoizleak Design1 estilista taldearekin elkarlanean egindako bideo bat zen. Estilista batek etxerik ez duen gerra beterano bati ilea eta bizarra mozteko eskaintza egin eta hark onartu ostean gertatzen dena erakusten du grabazioak. Prozesuaren une desberdinak agertzen ditu, aulkian esertzen denetik bukaeran ispilu bat ematen dioten arte. Gizonak, ikusten duen pertsona hori bera izan daitekeenik sinetsi ezinik, eserlekutik altxatu eta aurrean dituen estilistetako bati emandako besarkada da azken irudia, amaierako testua agertu arte: “Bideo hau grabatu ostean Alkoholiko Anonimoetan eman zuen izena Jimek. Egun, gainera, bere etxea izateko bidean dago”.
Gogoan dut Beverly Hillseko saloi batean egiten zuela lan Christinek, haute société horretan. Bai eta, “izarrei” baino, askozaz nahiago zuela “jende normalari” ilea moztea ere. Taxira sartu nintzenean nituen hainbat ideia taxian bertan geratu ziren. Taxiak dakarrena taxiak darama. Barrutik kanporako aldaketen indarraz egiten dugu askotan berba, eta gutxitan kanpotik barruranzkoenaz. Badu azalak mamirik ere, baina.