Sua eta kea Deustuko zubian

Hamar urte nituen langileen borrokak aurrez aurre ikusi nituen lehen aldian. 1984. urtea zen. Goizero ikastolara joateko Deustuko zubia gurutzatu beharra genuen. Sua eta kea ikusten genituen zubian eguna argitzen zen ikasturte horretako lehehengo egunetan. Udazken horretan, goizero, era berean, Euskaldunako langileek zubia moztu eta barrikadez betetzen zuten. Egunero errepikatzen ziren polizia eta langileen arteko borrokak. Langileak borroka bizian zeuden, ontziola ez ixteko. Periodikoetako lehen orrialdeak bete zituzten Bilbo erdiko ontziolako borrokek. Baina gure begiekin ikusitako argazki batzuk dira burmuinean iltzatuta geratu zitzaizkigunak; langileak tiragomekin torlojuak jaurtitzen eta parez pare polizia nazionala marroiz jantzita oldarkor jokatuz. Euskal Herrian izan den langile borrokako gatazka bortitzenaren irudiak utzi zizkigun Euskalduna ontziolak. Irudiak punkak ziren, rock, punk, ska eta reggaearen garaia zen horretan, gazteriak bozgorailuetatik doinu bortitzak entzuten zituen. Hertzainak taldeak Euskaldunako borroken inguruan kantua egin zuen: “Eutsi gogor, euskalduna, tuerkak gomazko piloten aurka”, zioten hitzek. Beste eredu sozioekonomiko baten aldeko borrokan zeuden. Orduan ere, krisi ekonomiko larri batean sartu baikintuzten.

30 urteren ostean langileen kontrako erasoek berdin jarraitzen dute. Hego Euskal Herrian sei aldiz atera gara tiragoma gabe greba orokorretan. Kaleak bete ditugu, protesta egin dugu, badirudielako langileei geratzen zaigun torloju bakarra greba dela. 2012ko maiatzaren 29ko greba orokorrak Deustuan ondorio latzak utzi zituen. Bilboko epaitegien parean izandako istiluak zirela eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra jarri diete Jon Telletxea eta Urtzi Martinezi. Hasieran, 15 hilabetekoa zen zigorra, baina desordena publikoa eragitea leporatuta zigorra handitu egin zieten. Langileok, eskubideak galtzeaz gain, kalera protestan ateratzeko eskubiderik ere ez daukagu. Duela hogei eta hamar urte ez bezala, grebalarien kontrako auziak ez ditu periodikoetako lehen orriak bete. Zigorra mendeku da, eta greba orokor horretan kalera atera ginen guztiak auzipetu eta kartzelatu ahal izan gintuzten, horrela kaleak hustu eta kartzelak betez. Gaurkoan, bada, elkartasun kamiseta gorria soinean eta tiragoma eskuan, kalera aterako gara eta ontziola zegoen lekuan, gaur merkataritza zentro den horretan bertan, kantak zioen moduan, “Eutsi gogor, euskalduna, eutsi gogor, grebalari”, margotuko dugu.