Haurra zela heldu zen Modesto Velazquez Galdakaora. Amaren familia bizkaitarra zuenez, herria utzi, eta abagune berrien bila etorri ziren Toledotik (Espainia). Berehala hasi zen pintzelen artea bereganatzen, 9 urterekin. Zeramikazko pieza biluziak hartu eta kolorez janzten zituen Velazquezek. Bilbon ikasteko aukera izan zuen, eta, orduan, indar handiagoa hartu zuen margolaritzarako zuen zaletasunak. 16 urte zituela, ikatz-marrazki teknika ikasteko kurtso bat egin zuen Atxuriko auzoan. “Urte bat igarotakoan, argi nuen margotzea pasioa nuela, eta olio pinturekin ausartu nintzen”, gogoratu du. Gaztetan egindako ikastaro horiez gain, ez du beste eskolarik hartu. Eta horretaz harro dago: “Poz handiagoa ematen du zuk bakarrik egin duzula ikusteak, zure eskuen trebezia naturalaz obra bat sortu duzula jakiteak”. Geroztik, ezin ditu kontatu egindako koadro guztiak. Haren azken lana Galdakaoko Santa Maria elizan kokatu dute, herritar guztiek auzokidearen talentuaz goza dezaten.
Velazquez beti ibili da egurrezko pintzelen eta oihalen artean, eta haren astoan beti egon da tokia obra bat hasteko. Esku artean duena bukatu bezain pronto, proiektu berri bat pentsatzeari ekiten dio; azken burutazioen artean, herriko elizari opari bat egitea otu zitzaion. Parrokoari ideiaren berri eman eta aurretiazko zirriborro batzuk erakutsi zizkion.
Astebete geroago jaso zuen baietza, eta eskuak zikintzen hasi zen erantzuna jakin bezain orduko; Gurutzetik jaistea koadroaren lehenengo pintzelkadak otsailaren 17an eman zituen. “Koadro honek sei hilabeteko lana eskatzen zuen, baina ilusio handia nuen, eta ordu gehiegi sartu ditut; lau hilabete baino lehen amaitua nuen”.
Koadroa hainbat paneletan banatuta dago, eta hiru metroko luzera eta lau metroko altuera dauka. Han margotu dituen pertsonaiak metro bat eta laurogei zentimetroko altuera dute, gutxi gorabehera.
Tamaina erreala ematen ahalegindu da, ahalik eta deigarriena bihurtzeko. “Bilboko Elizbarrutiko Eleiz Museoko aditu batzuk etorri dira, eta koadroa berezia dela esan didate; ez dutela ezagutzen ezaugarri horiek dituen besterik”.
Zuri-beltzak nagusi dira, hiru kolore erabili baititu bere ideiak irudimenetik oihalera eramateko. Velazquezek koadroko bi elementu azpimarratu ditu: batetik, haurra besoetan duen emakume gazte baten irudia; bestetik, enbor lehor batetik ateratzen den zurtoina. “Heriotzaren ostean bizitza dagoela islatzen ahalegindu naiz lan honetan. Izan ere, hori da sinesmen kristauaren oinarrietako bat”.
Bere etxea aroztegi batekin alderatzea gogoko du Velazquezek. “Nire belaunaldikoek lan ezberdin asko egin behar izan ditugu ogia irabazi ahal izateko. Baina nik beti izan dut margolaritza alboan”. Hamarkadetan, koadroak saltzeaz gain, batzuk eman ere egin ditu: esaterako, Galdakaoko udalerriari bi oparitu dizkio. “Udalak erakusketak egiteko aukerak eman dizkit, eta, borondate hori eskertzeko, bi koadro oparitu dizkiot”. Haren lanak Torrezabal kultur etxean ikusteko aukera dago egun. Galdakaon ez ezik, Basaurin, Arrigorriagan, Bilbon eta Gasteizen ere atondu ditu bere lanen erakusketak.
Autodidakta sutsua
Margotzearekin soilik ez ditu asetzen egonezin guztiak. Horrexegatik, idazten hasi zen gaztaroan. “Argitaratzen ez duen idazlea naiz”. Orotara 52 liburu idatzi ditu; batez ere, poesia eta iruzkin historikoak sortu ditu. “Norberak duen iritziaren bidez, historia konta eta osa daiteke”. Baina haren apaletan bada fikziorako espazioa ere, eta antzerki obra ugari ere idatzi ditu. “Niretzat garrantzitsuena entretenitzea da, eta, horretarako, pintura eta hitzak erabiltzen ditut”.
Entretenimendu handienetakoa Santa Maria elizarako egin duen Gurutzetik jaistea izan da. Baina, margolariaren arabera, lan bat gogotsu eginez gero, lana motibazio bihurtzen da. “Oso gustura ibili naiz hilotan proiektu horretan murgilduta. Nahiz eta handia izan, ez dut arazo larriegirik izan; beharbada, goiko norbaitek lagundu nau espiritualki”.
Koadro txiki bat egitea nekezagoa izan daitekeela uste du: “Badira neurri txikia zuten baina lan oso handia eman didaten koadroak”. Proiektu berria abiatzean sorpresak izan daitezkeela pentsatzen du, eta margolariak prest egon behar duela horiei aurre egiteko. “Koadroa abentura bat dela iruditzen zait: ez dakizu nola amaituko den”. Oso konbentzituta esaten du hori. Orain, bere azken koadroa Galdakaoko parrokian behin betiko geratzea espero du.