“Erasoak izan dituzten emakumeei informazioa emateko, aholkuak emateko eta babes neurriak eskaintzeko programetan, sarri askotan ez dira kontuan hartu andreen urritasunak edo zailtasunak, eta, horren ondorioz, programa horiek ez dira eskuragarriak urritasunak dituzten andreentzat”. Besteak beste, Bilboko genero indarkeriaren kontrako planari aitortu dio gabezia hori Oihane Agirregoitia Berdintasun, Lankidetza eta Hiritarren Saileko zinegotziak. Horregatik, ikusmen urritasunera egokitzea hitzartu dute ONCE fundazioak eta udalak. Oraingoz, 2015eko abenduaren 31ra arteko iraupena izango du akordioak, baina aurrera begira ere luzatzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek.
Mundu osoko emakumeen %80k indarkeria motaren bat sufritzen dutela nabarmendu du zinegotziak. Eta urritasunen inguruko azken liburu zuriari egin dio aipamen ONCE Euskadiko tokiko presidente Aitor Gonzalezek. Haren arabera, Bizkaian 92.000 pertsonak dute urritasunen bat. Eta horietatik %60 andreak dira. “Gainera, berdintasun arloan egin diren azken ikerketen arabera, urritasunen bat duten emakumeek gainontzekoek baino ia bost aldiz aukera gehiago dituzte edozein indarkeria mota jasateko. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu indarkeriaren kontrako planak bereziki arreta jartzea eurengan”.
Haren esanetan, “normalean ez zaie erreparatu ere egiten” egoera horretan dauden andreek dituzten zailtasunei. “Elbarriek gainontzekoek baino mendekotasun handiagoa dute ingurukoekiko, eta hori oztopo itzela da indarkeriari aurre egiteko orduan”. Elkarteko kide diren biktimekin lanean ibili direla egoera asko aurkitu dituzte. Adibide moduan aipatu du honako hau: “Demagun urruntze agindu bat dagoela. Emakume batek bere ingurura begiratu eta erasotzailea ez dagoela ikusten badu, nolabaiteko segurtasuna senti dezake. ‘Hemen ez dago’, pentsatuko du. Baina ikusten ez duenak ezin du bere begiez baieztatu bere atzean ez dagoenik. Erabateko konfiantza izan behar du, baina hori ezinezkoa da. Horregatik, sekulako antsietatea sentitzen dute. Hainbatetan ikusi dugun egoera bat da hori, eta udaleko teknikariekin berba egin dugunean komentatu diegun gaietako bat da”. Beraz, erakundeek programak, planak eta neurriak erabakitzeko orduan hori guztia aintzat hartu behar dutela nabarmendu du.
Aurretik eta gero
Batez ere hiru ardatzen inguruan egingo dute behar, Agirregoitiak azaldu duenez: sentsibilizazioa, prebentzioa eta egokitzapena. “Genero indarkeriaren inguruan, oro har, kontzientzia sortzen jarraitu behar dugu. Jokaerak eta jarrerak aldatu behar ditugu, eta problema horren inguruan dugun tolerantzia txikitzeko pausoak eman behar dira. Indar berezia egingo dugu ONCEko bazkide diren emakumeen artean. Eta, oro har, Bilboko gizartearen parte hartzea lortu behar dugu; konturatu daitezela ikusmen urritasuna dutenak are ahulagoak direla halako kasuetan”. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia 2.000 lagun daude itsuen erakundean izena emanda; horietatik erdiak pasatxo dira emakume.
Informazioa hedatzeko lan horretan, genero indarkeriaren aurkako planaren barruan udalak sortua duen material guztia ikusmen urritasuna dutenentzat egokituko dute: inprimakiak, esku orriak eta agiriak moldatzen lagunduko die ONCEk. Eta gero banatu egingo dira elkarteko kide diren andrazkoen artean. Era berean, oztopo fisiko eta arkitektonikoak kentzeko plan bat egingo dute, eta udalaren baliabideak andre itsuen edo ikusteko zailtasunak dituztenen beharretara egokituko dituzte.
Halaber, beharginen artean ere egokitzapen prozesua izango dela iragarri du zinegotziak. Hau da, ONCEko Berdintasun Institutuko kideek prestakuntza jasoko dute genero indarkeria arloan, eta bereziki Bilboko planaren funtzionamendua ezagutuko dute. Gainera, ONCEren gizarte zerbitzuetako profesionalek ere indarkeria sexista goiz detektatzen ikasiko dute. Udaleko Berdintasun Saileko teknikariei, berriz, urritasunen bat dutenei arreta eta laguntza egokia nola eskaini behar dieten irakatsiko diete. Alegia, alde batekoek besteek daukaten ezagutza jasoko dute guztiek, batean zein bestean zerbitzu osatua eskaini ahal izateko.