Bilboko Udala “ziur” da hiriburuan darabilten aparkatzeko TAO sistema legezkoa dela. Hautsak harrotu dituzte egunotan Europako Auto Gidarien Elkarteak kolore urdina ez beste duten seinaleei buruz esandakoek. Hain zuzen, Mario Arnaldo elkarteko presidentearen arabera, “txandakako aparkaleku sistema hori mugatzeko seinaleak urdinak ez badira, ikurrok ez dute baliorik”. Haatik, eremu berdean zein gorrian aparkatzeagatik erabiltzaileek jaso ditzaketen isunek ere ez lukete izango baliorik; beraz, herritarrek horien aurkako helegiteak jarriko balituzte, epaitegiek arrazoia emango liekete. Horretaz ohartarazi du Arnaldok.
Europako Auto Gidarien Elkarteak dioenez, Espainiako Gobernuak onartutako lege bat urratzen du beste kolore horien erabilerak; hain zuzen, Zirkulazio Araudi Orokorreko 171. artikulua. Txandakako aparkalekuko eremuak mugatzeko kolore urdina erabili behar dela zehazten du artikulu horrek.
Hala ere, Asier Abaunza Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Saileko zinegotziaren aburuz, elkarte horrek araudiaren “oso irakurketa estua egiten du”. Haren esanetan, araudiak zehazten du “marra urdinek adierazten dutela aparkalekua txandakako aparkaleku kontrolatua dela”. Badakite katalogoak jasotzen dituen ikur eta seinaleak ezin daitezkeela aldatu, eta sinetsita dago Bilbon ez dutela egin halakorik.
Azaldu du seinaleen ezaugarriak jasotzen dituen katalogoa ez dela batere zehatza. “Obrak seinaleztatzeko erabiltzen diren seinaleak laranja kolorekoak izan dira betidanik. Laranja kolore hori, ordea, ez da azaltzen katalogoan. Horrek esan gura du seinale horiek ez dutela balio?”, galdetu du. Urritasun fisikoak dituztenentzako aparkalekuen seinaleak ere aipatu ditu: “Gehienetan, erabiltzen den ikurra lauki urdin bat da, barruan elbarritasun fisikoaren irudia duena. Hori ere ez dago katalogoan, ordea. Horrek zer esan gura du, seinale horrek ez duela balio? Erreserba horiek ez direla legezkoak edo gaizki seinaleztatuta daudela”.
Jurisprudentzia, eskuan
Beraz, Bilboko Udalaren ordenantza “ondo oinarrituta” dagoela iritzi dio Abaunzak. Hori baieztatzeko, jurisprudentzia ezarriko luketen bost sententzia ere badituztela adierazi du.
Mario Arnaldoren adierazpenak kritikatu ditu zinegotziak. Auto gidarien elkarteko presidentearen arabera, “berde koloreko gunean jarritako isun guztiak baliogabeak dira”. “Herritarrak udalen kontra helegiteak jartzera bidaltzea edo zuzenean TAO ez ordaintzera deitzea benetan larria da”, dio Abaunzak. Eta lege urraketa antzemanez gero elkarteak berak salatu beharko lukeela deritzo zinegotziak.
Beraz, erabiltzaileei “zuhurtziaz jokatzeko” eskatu die, uste duelako epaitegiek ez dietela arrazoirik emango. “Eta helegitea galtzen badute, kostua handiagoa izango da”.
Egoera aztertuta, Bilboko Udalak ez du asmorik TAO sistemaren seinaleetan aldaketarik egiteko. Txandakako aparkatzeko sistemak hogei urtetik gora daramatza martxan hiriburuan. Gainera, hasieran bost kolore zituztela ekarri du gogora Abaunzak. Egun, berdea eta urdina baino ez dituzte. Eremu berdeetan, tokikoek dute aparkatzeko lehentasuna; eremu urdina txandakako aparkalekua da.
Udaleko alderdiek afera horrek zein ondorio izan ditzakeen jakin gura dute. PPk azalpenak eskatu dizkio udal gobernuari. EH Bilduko Helena Gartziak, ostera, ez du uste kontu horrek ibilbide luzea izango duenik.
Gernika-Lumon ere, urdinaz gain, beste kolore batzuk darabiltzate TAO eremuetan: gorria eta berdea. Hango udalak ez die erantzun gura izan auto gidarien elkarteko adierazpenei.
Europako Auto Gidarien elkarteak esan duenez, hasieran, txandakako aparkalekuetan, erabiltzaileek ez zuten ordaindu behar aparkatzearren. Ordaintzeko sistema ezartzean, udalek enpresen esku utzi zuten zerbitzuaren kudeaketa. Zenbait kaletan aparkatzeko eskari handiagoa zegoela konturatu zirenean, udalek kaleetan kolore desberdinetako seinaleak jartzeari ekin zieten, bakoitzean tarifa desberdin bategaz.