Hiria, ebakuntza gelan sartuta

Hiria organismo bizia dela-eta batzuetan ebakuntza egin behar zaiola esaten dugu arkitektook”. Zer egin, zergatik, non eta nola. Galdera horien inguruan gogoeta egingo dute datozen egunetan, Euskalduna jauregian, BIA Bilbao Bizkaia Architecture plataformak antolatutako Urban Regeneration Forum delakoan. “Bilbo eginda dago; orain, birsortu egin behar da, bizi berria eman, eta horretaz eztabaidatuko dugu”, azaldu du Joseba Bazterretxea arkitektoak.

Hainbat aditu elkartuko dituen jardunaldi horiekin batera, hilabete osorako egitarau zabala atondu du BIAk. Besteak beste, sortu zenetik gaur egunera arte hiriburua nola eraiki den ezagutzeko bisitak antolatu dituzte, bost ibilbidetan banatuta. Bakoitzak hiriaren zabaltze historikoetako bat erakusten du. Horietako batean gidari dabil Bazterretxea. Haren esanetan, gaur eguneko erronka da herritarren topaleku izango diren gune berriak sortzea. “Lur naturala ez da ukitzen, gehiegi urbanizatu dugu eta. Beraz, eraikita dagoen inguruari egiten dizkiogu ebakuntzak. Hirietan aldaketa txikiak egingo dira, eta leku horiek elkarrekin lotu. Gaur egun ez dira hobesten parke eta eremu handiak. Hobe da plaza edo berdegune txikiak sortu eta haien arteko loturak egin, oinez edo bizikletaz joateko bideekin”. Bilbon, adibidez, Kale Nagusia aipatu du. Garai batean autoek zuten lehentasuna, baina, egun, Moyua plazatik beherako espaloiak zabaldu dira, eta oinezkoarena da espazio publikoa. “Nolabait esateko, parke lineal baten modukoa da”.

Hiru kalerekin abiatu zen Bilboren historia. Eta gero beste lau gehitu zitzaizkion. Hala sortu ziren Zazpikaleak. Harresi batek inguratzen zituen. Erdi-erdian, Santiago katedrala eraiki zuten, Elizak zuen boterearen ikur. Eta gaur egun Erriberako merkatua dagoen lekuan zegoen Bilboko portua. Hura zen kaia, merkatua eta baita plaza ere. “Hiri hark ez zuen beste espazio publikorik. Ez zegoen aisialdirako plazarik”.

Hiri gutunari eta itsas merkataritzari esker, Bilbok hazkunde ekonomiko itzela izan zuen. Bi mendetako oparotasun horrek populazioa handitzea eragin zuen. Dagoeneko harresien barruan ez zegoen lekurik bilbotar guztientzat. Hala, harresiarekiko perpendikularrean, Posta, Bidebarrieta eta Santa Maria kaleak eraiki ziren. Jatorrizko zazpiak baino zabalagoak dira. XV. mendea zen; Bilboren hedatzea hasia zen. “Posta kalea orduko kale nagusia zela esan daiteke. Gaur egun ere ikus daitezke orduko jauregiak. Jende aberatsa han bizi zen”. Haren ondoren, ordura arte hareatza handi bat zena urbanizatzen hasi ziren. San Nikolas eliza, Epaltzaren Alargunaren kalea eta inguru hori eraiki zen. “Lehenengoz pentsatu zuten Bilbok astialdirako eta elkargunerako lekuak behar zituela: pasealeku bat, antzokia… Ordura arte, lurrak erosi ahala, etxeak eraikitzen ziren elkarren ondoan, segidan. Orain planifikatu egiten da. 1786koa da lehen hirigintza plana, Loredo izenekoa”. Bazterretxeak gidatzen duen ibilbidean ezagut daiteke bertatik bertara inguru hori.

Garaian garaiko irizpideak

Zabalgune hura ere txiki geratu zen, ordea. Eta Bilbok itsasadarraren beste aldera egin zuen jauzi. Abando anexionatu eta XIX. mendean zabalgune berria eraiki zuten, Kale Nagusiaren eta itsasadarraren artekoa. Pablo Alzola, Severino Atxukarro eta Ernesto Hoffmeyer arkitektoek diseinatu zuten. “Casilda Iturrizar parkea egitea erabaki zuten, eta Kale Nagusiko hiru plazak”, ekarri du gogora. Bigarren fasean diseinatu eta eraiki zen Indautxu partea. Bada alderik hedatze baten eta bestearen artean. Kale Nagusitik Errekalderako zabalgune horrek espazio publiko gutxi dauka. “Lehen zabalgunea aberatsentzat egin zen. Bigarren horretan, ordea, langile jendea ipini zen bizitzen. Paseatzeko astia aberatsek eta burgesek baino ez zuten, horregatik lehen zabalgune hartan baino ez ziren eraiki horretarako guneak”.

Gabezia hori orekatzeko ahaleginetan dabiltza orain. Berbarako, Alondegia berreskuratu da azken urteetan. “Eraikin handi bat izan dute hutsik. Ez zen ezertarako erabiliko. Kulturarako eta kirolerako topagune bihurtu dute. Hala, auzoak topaleku berri bat irabazi du”. Zazpikaleetan Yohn jauregiarekin beste horrenbeste egin zela ekarri du gogora. Etxe pribatua zen, hondatuta zegoen, eta udalak erostea erabaki zuen. Berritu, eta udaltegi bihurtu zuten.

Baina nola sortu espazio publiko irekiak? “Erortzeko arriskuan dagoen etxaldeak eskura daitezke, eta eraitsi. Hor duzu plaza txiki bat edo lorategi bat egiteko eremua. Bilbon oraindik ez da egin, baina beste hiri batzuetako alde zaharretan ohikoa da”. Alde horretatik Europan oso aurreratuta dagoela dio. Baina, edonola, Bilbo eraldaketa arloan askorentzat eredugarri dela ekarri du gogora; “batez ere, Asia aldean”.

Hirigintza etengabe aldatzen ari dela nabarmendu du Bazterretxeak. “Orain ez genuke aurreko mendeetan egin zen Bilbo eraikiko. Garai batetik bestera irizpideak aldatu egin dira. Adibidez, Zazpikaleetako etxebizitzak oso estuak dira, barruan ez dute patiorik, gela askok ez dute leihorik, eguzki argi gutxi dute. Horregatik, osasun baldintza txarrak dituzte, ezin direlako egurastu”. Horri konponbidea emateko, Abandoko zabalguneetan etxebizitza guztiek patioak dituzte barruan. “Ildefonso Cerda arkitektoa hasi zen halako etxeak egiten Bartzelonan. Ohartu ziren etxebizitzak aireztatzeko patioak behar zirela. XX. mendearen hasieran, gainera, eraikinaren garaieraren arabera, kaleei zabalera zehatz bat ematen hasi ziren, gerizpetan gera ez zitezen”.

Bilboren azken zabalgunea Abandoibarra da. “Etxebizitzak eginda daudela, hiriak aisialdi gunea behar zuen. Eta horri eman zaio lehentasuna inguru horretan”. 1986ko Bilboko Hirigintza Plan Orokorrak finkatu zuen inguru hori zer izango zen. “Industrialdea zen. Ontziola zegoen, trenbidea… Hiriak bizkarra ematen zion. Etxebizitzen atzeko aldea zen. Pentsatu zuten industria ezin zela birmoldatu, eta hiria zerbitzuetara bideratu behar zela. Ibon Areso alkatea izan zen planaren zuzendaria”. Besteak beste, inguru horrek museo bat eta kongresu jauregi bat behar zituela erabaki zuten. Eta hor ikusten du Bazterretxeak aldaketa nagusia: “Gaur egungo hirigintzan zer behar dagoen aztertzen da. Momentu historiko batean, aldaketa bat behar du hiriak. ‘Zer izan nahi dugu?’, galderari erantzun behar zaio. Eta behin hori erabakita, gero eraikitzea baino ez da falta. Zein estilo arkitektoniko erabiliko duen arkitektoak, hori moda eta gustu kontua baino ez da. Gakoa zer nahi den zehaztea da”. Bere esanetan, museoak duen arkitektura gusta dakizuke edo ez, baina gustu kontua da. “Museo horrek hiriarentzat zer esan nahi duen da garrantzitsua. Edo parkeak, edo kulturguneak. Polita edo itsusia den, hori gustu kontua baino ez da”.

Horregatik, aurreko zabaltzeetan ez bezala, Abandoibarrakoan, arkitektoekin batera, biologoak, soziologoak, geografoak, ingurumen zientzietan lizentziatuak, ekonomialariak eta abokatuak egoten dira. Horrela egiten da gaur egun. “Arlo asko hartu behar dira kontuan: ingurumenari egin dakizkiokeen kalteak, zenbat etxebizitza behar diren, zenbat jende biziko den, zer negozio mota beharko dituzten…”.

Hurrengo hazkundea Zorrotzaurren izango du Bilbok. Penintsula uharte bihurtu eta etxebizitzak eraikiko dira. Eta horrekin bizileku berriak egiteko ia aukera guztiak amaituko zaizkio hiriburuari. “Etorkizunean populazioa hazi eta gehiago eraiki beharko balitz, arkitektoek konponbidea emateko erronka izango lukete”. Beste modu bateko ebakuntzak egiten asmatu beharko dute.