Lagun bat zurtz eginda etorri jata zortzi urteko semeak “inputatua” izan gura dauala esan deutsalako. “Inputatua, Leire, ez diputadua, in-pu-ta-tu-a”. Antza danez, etxeko txikiak politikari ustelen glamourra ikusi dau telebistan: auto dotoreetan doaz epaitegira, traje dotorea jantzita, etxe handi eta dotoreetan bizi dira….
Atzen datuak dinoenez, Estatu espainiarrean 500 persona baino gehiago dagoz inputatuta politikeagaz lotutako korrupzino edo ustelkeria kasuakatik. Eta 20 bakarrik dagoz kartzelan. […]
Halanda be, inputatu edo akusatu izan, danak usain bera daukie: inpunidadearena. Aurrezki kutxetako eta politika munduko personajeak lapurreta handiak egin dabez, diru publikoa neurri barik erabili dabe, eta beti euren edota gitxi batzuen mesederako.
Froga asko eta zalantza gitxi dagoz horren inguruan, baina zigor txikia ipinten jakie. Edo zigorrik ez. Kartzelan sartzean diranak, atoan urteten dabe barriro kalera. […]
Bale, ba, ez gaitezan hipokritak izan. Ea, nor ez dabe noz edo noz inputatu? Ni neu, adibidez, askotan. Lehenengoa, zazpi urte neukazala; ikastolako andereñoak gelatik urteteko esan eustan, klasean (eta deskuido baten, gura barik) berba larregi egiteagaitik. Hortxe, nire lehenengo inputazinoa, akusazinoa eta epaia: erruduna. Hori bai zala justizia express, ikastolako andereñoarena.
Eta hortxe hasi nintzan inputatu-akusatua izatearen abantailak ikusten: lagunak klasean egozan, ariketak egin eta egin, eta ni, pasilloan, ederto barrez!, kolperik jo barik. Lehenenegi esperientzia horregaz, zelan ez jatan ba gustauko okerkeritan ibiltea? Zigorra ez, saria zan pasilloan trankil-trankil egotea!
Baina nire inputazinoaren alde gozoak laster topau eban bere gazia: aste osoko arrasti guztiak aititak baserrian ebagitako bedarrak batuten pasa nebazan. Inputatu-akusatu-errudun izateaz gain, reinzidentea nintzalako.
Zigorrak atera ninduan bide txarretik. Eta zigorra da, neurrikoa, beti, inpunidadeagaz amaituteko bide bakarra.
Jaume Matas Balear irletako presidente ohia da zigorra hartu eta kartzelan sartu dan atzenetakoa. Epaileak Matasek berak orain 15 urte inaugurautako kartzelan sartu dau. Justizia astiro doa, baina bizitzak ez dau oindino bere ironia puntu berezia galdu.
Eskerrak.