“Ordu mordoa” eman ditu Enrique Mendigurenek (Orozko, 1952) bere lagun leialarekin lanean. Mendira igo eta asko entrenatu dira, ardiekin azken hiru urteetan. Aginduak errepikatzearen errepikatzeaz, lehiaketetarako eredugarri bihurtu da Riki II.a. Egindako esfortzuak fruituak ematen hasi dira, eta Mendigurenenak 50. Bizkaiko Artzain Txakur Txapelketa irabazi zuen zapatuan, Mungiako Errementari zelaian. Baina asteburukoa ez da Riki II.a-ren lehenengo kopa: iaz lehiaketa bera eta Euskal Herriko saria ere lortu zituen.
Noiz eta nola erabaki zenuen txakur txapelketetan parte hartzea?
Betidanik gustatu izan zaizkit ardiak eta txakurrak. Duela 23 urte, Orozkoko lagun batek txakurrekin egiten nuen lana ikusi eta lehiaketetan parte hartzera animatu ninduen. Halaxe hasi nintzen. Geroztik, txakur ugari eduki ditut, eta txapelketa askotan izan naiz, nahiz eta beti ezin den irabazi. Trebetasun gehiago eta gutxiago duten txakurrak izan ditut, baina Riki II.a-k txapelduna izateko bertute asko ditu.
Zein bertute izan behar dituzte txakurrek lehiaketetan aritu ahal izateko, bada?
Txakurrari ardien lana gustatu egin behar zaio, eta hori txikia denetik antzeman daiteke; berezko sena izan behar du. Artaldea gidatzen eta banderen artetik pasatzen ikasi behar du minutu gutxi batzuetan, adibidez. Denek ez dute balio txapelketetan aritzeko; hau da, aginduak berehala betetzeko gaitasuna izan behar dute. “Geldi” esatean, tokian bertan gelditu behar dira; “mugitu” entzutean, segituan jarri behar dira martxan.
Nola erakusten zaizkie txakurrei aginduak? Irakaskuntzak zenbat irauten du?
Lehiaketei begira, egunero eraman behar da txakurra ardiekin lan egitera; eguneroko beharra da. Gaztetatik erakutsi behar zaio ardiak nola tratatu, ezin dela haginka egin; eta, eginez gero, zigortu egin behar da. Ordu asko behar dira. Baina txakurra azkarra bada, laster ikasi ohi du.
Beraz, norena da meritua: txakurrarena edo jabearena?
Txakurrak dauka meritu handiena. Ni oso urduria naiz, eta txapelketa asko galdu ditut urduritu naizelako. Horren ondorioz, txakurra ere urduritu da, eta akatsak egin ditu probetan. Txakurrak artzainaren egoera ulertzen du, eta horrekin bat egiten du. Hala ere, portaerak oso ezberdinak dira baserrian ardiekin ibiltzen garenean edo lehiaketetan parte hartzen dugunean.
Lehiaketetan aritzeko, animalia bikaina izan behar da, bai fisikoki eta bai adimenari dagokionez. Edozein arrazak balio al du?
Edozeinek balio du. Arrazen artean ere badira balio duten txakurrak eta balio ez dutenak. Adibidez, abuztuan Amaiurreko txapelketan izan nintzen, eta edozein arraza aurkezteko aukera egon zen. Lehiaketan garrantzitsuena esaneko txakurra izatea da.
Uda partean txakur asko baztertzen dituzte, eta elkarteek adopziorako deia egiten dute. Azkena Igeldoko animalien babeserako lagunartea izan da.
Udan txakurrak baztertzea oso txarto dago. Animalia etxera eraman baino lehen, argi izan behar dugu zer nahi dugun. Txakurkumeak asko gustatzen zaizkie umeei, baina handiak egiten direnean arazoak sortzen dira. Oporrak heltzen direnean, askori traba egiten die txakurrak, eta kalean uzten dute, baina bidegabekeria bat da. Tratamendu duina eman behar zaie.
Baztertzeaz gain, txakurrak hiltzen saiatu dira azken hilotan Bizkaiko zenbait herritan. Haragi eta txorizo zatiei iltzeak jarri eta parkeetan bota dituzte. Zer deritzozu horri?
Txakurra gizakiaren lagunik onena da. Ez dute inolako ardurarik, ezta errurik ere. Ezin zaizkie horrelako gauzak egin parkeetan ibiltzen diren animaliei. Lan egin behar da hori aldatzeko.
Zuk Riki II.a-rekin jarraituko duzu lanean. Zein da zuen hurrengo erronka?
Bihar Atxondon ibiliko gara, 48. Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketan. Egun guztiak ez dira berdinak izaten, eta nire aldarteak, txakurrarenak edo ardienak baldintzatu dezake azken emaitza. Faktore asko daude irabazteko orduan.