Karrantzako hiltegiak ez du etorkizun argirik. Bizkaiko azken hiltegi publikoa zabalik mantendu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erreforma batzuk egitea agindu zion Karrantzako Udalari, azpiegiturak egungo araudiarekin bat egiteko. Lan horiek 75.000 euroko kostua dute, eta, udalaren egoera ekonomikoa “larria” denez, ez du diru nahiko egoerari aurre egiteko. Nahiz eta udalak neurriak hartu dituen, egun, oraindik ere ixteko arriskuan dago hiltegia. Dena den, diru laguntzarik jaso ezean, gastuez bera egingo dela kargu agindu du tokiko administrazioak.
Hilabete eskas falta da Osasun Sailak emandako epea betetzeko, baina udalak ez du zuloa estaltzeko beste diru. Hiltegian moldaketak egin ezean, urrian itxi beharko lukete. Hori dela eta, laguntza eskatu die bai Bizkaiko Foru Aldundiari eta baita Eusko Jaurlaritzari ere. Oraingoz, foru aldundiak ezezkoa eman dio. “Harrituta gaude diputazioak eta, batez ere, Nekazaritza Sailak izan duen jarrerarekin. Ulergaitza iruditzen zaigu hiltegia zabalik mantentzeko laguntzari uko egin izana”, azaldu du Rafa Arriolak, Karrantza Zabala alderdiko zinegotziak.
Ezezko horren ostean, udalak Eusko Jaurlaritzako Erein programara jo du diru laguntza arrunt bat eskatzeko. Nahiz eta laguntza ekonomikoa jaso, horrek ez lituzke kostu guztiak estaliko; gehienez ere, obren gastuaren %30 edo %40 jasoko lukete. Gainontzekoa udalak finantzatu beharko luke. “Hurrengo asteetan emango digute erantzun bat, eta, beste ezetz bat jasoz gero, Karrantzako Udalak dituen baliabideekin egin beharko dira hiltegiko konponketak”, gaineratu du.
Erabakia heldu bitartean, hilabeteotan, Karrantzako Udala arazoari irtenbide ematen ahalegindu da, eta bideragarritasun egitasmo bat osatu du. Jaurlaritzaren arabera, hiltegiko egitura egokitu behar da gaur egun indarrean dagoen araudia errespetatzeko. Hala, irekita mantentzeko neurriak bilatu, aztertu eta bideratzen saiatu dira Karrantzan. Adibidez, animalientzako gelak txukundu. “Hiltegian ez dira lan handiak egin behar, baina udalaren egoera ekonomikoa larria denez, ez dakigu nondik atera ahal izango dugun diru hori”, azaldu du Arriolak.
Ixtearen ondorioak
Karrantzako hiltegia itxiko balitz, ondorio ekonomikoak eragingo lituzke lehen sektorean aritzen diren bertako langileentzat. “Enkarterriko ekonomia abeltzaintzan oinarritzen da neurri handi batean; kontuan hartu behar da eskualde hau landa eremua dela”. Horregatik, hiltegiak eskualdeko abeltzain askori ematen die zerbitzua. Urtean, 400 behi inguru hiltzen dituzte Karrantzako hiltegian. “Egoera hipotetiko batean itxiko balitz, ondorioak nahiko larriak izango lirateke”. Arriolak bi arrazoi ematen ditu horretarako. Alde batetik, bertoko ekoizleek arazo gehiago izango lituzkete behiak eta abereak saltzeko, eta “horrek eskualdeko harategiei ere eragingo lieke”. Beste alde batetik, behiak ezin badira herrian hil, animaliak beste hiltegi batera garraiatu beharko lirateke. “80 kilometrotara dagoen beste batera eraman beharko lituzkete, eta, horren ondorioz, garraio gastuak altuagoak izango litzateke”.
Hiltegiaren etorkizuna oraindik kolokan dago egunotan, erakunde publikoen erantzunaren zain. “Karrantzako udal taldeek zabalik mantendu nahi ditugu instalazioak. Udal moduan, ez dugu aurreikusten hiltegia itxiko denik; guk, behintzat, amaiera hori galerazteko baliabide guztiak jarriko ditugu”, hitzeman du Karrantza Zabala alderdiko zinegotziak. “Moldatuko gara hiltegiak bere horretan jarrai dezan”, azpimarratu du.