Udako beroari aurre egiteko ezin aproposagoak izan dira Youtuben ikusi ahal izan ditugun Ice Bucket Challenge delakoaren bideoak. Ez dakitenentzat, Izotz Baldearen Erronkaren helburua edozein elkarte edo solidaritate kanpaina diruz laguntzea izan da. Nola? Bada, balde bete ur edo balde bete izotz norbere gainera botaz, bideoa grabatuz eta Interneten jarriz. Teorian, erronka onartzen duenak nahi beste diru eman behar du dohaintzan, eta beste hiru laguni bota behar die hurrengo hogeita lau ordutan bete beharreko erronka bera.
Ameriketako Estatu Batuetan hasi zen kontua, 2013 bukaeran, baina uda honetan izan du oihartzun handiena. Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (AEA) inguruan kontzientzia piztea zen helburua, eta argi dago lortu dutela. Aurtengo ekainaren lehenaren eta abuztuaren 13aren artean, The New York Times egunkariaren arabera, 1,2 milioi bideo youtuberatu dira, eta, hori gutxi balitz bezala, 2,2 milioi aldiz aipatu dute gaia Twitter erabiltzaileek, uztailaren 29tik abuztuaren 17ra bitartean.
AEBetako populazioaren erdiak baino ez zuen gaixotasunaren berri uda aurretik, AEA Elkartearen arabera. Ingelesezko Wikipedian, gaitzaren inguruko orria 8.000 aldiz bisitatzen zen, batez besteko, egunero. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina abuztuaren 21ean soilik 430.000 aldiz irakurri zen. Dezente hazi da AEA Elkarteak jasotzen duen diru laguntzen kopurua ere: 2012an, 19,4 milioi dolar jaso zituen dohaintzan. Aurten, abuztuan bakarrik, 100 milioi dolar baino gehiago jaso dituzte, entziklopedia askearen datuei so.
Ekintza horren kontra, baina, geroz eta jende gehiago hasi da agertzen, solidaritatea baino gehiago hutsalkeria dela argudiatuz. Askoz hobea litzatekeela, ura horrela bota beharrean, ur arazoak dituzten herrialdeak laguntzea. Eta bideoak hasi dira jartzen kanpaina horren aurkariak ere, ura bota beharrean zaborra botaz eta ez-dakit-zein GKE lagunduko dutela esanez.
Dudarik ez dago ura goitik behera botatzea baino eraginkorragoa litzatekeela ondo bizi garenok 10 euro emango bagenituzke behar dutenak laguntzeko. Baina kontua ez da hori, kontua da Ice Bucket Challenge-k kontzientzia kitzikatu diola kanpo estimulu uholdea jasotzen duen gizarte bati. Eta horri esker sortu ahal izan da beste kontra-ekimen hori. Ice Bucket Challenge-ren onurak eta kalteak aztertuta, esango nuke merezi izan duela. Ziur bainaiz ezezaguna zaigun gaixotasun hori sufritzen dutenei asko arindu zaiela ez existitzearen samina. Izena izan arren mutu eta mutututa ibili baitira urteetan.