“Hiritik etorri, eta ezer jakin gabe egin naiz artzain”

Hiritarra izan da beti Patxi Solana (Bilbo, 1955). Bilbo Zaharrean taberna bat zuen, eta gustura bizi zen ostalaritza lanetan. Mendizalea da, eta, Anboto mendikateko parajeak txunditurik, Mendiola auzoan (Abadiño) baserri erdia erosteko aukera izan zuten emazteak eta biek. Hiriburutik hanka egin zuten, eta hala izan zuten lehen hartu-emana baserriarekin, baserri bizitzarekin eta animaliekin. Berrehundik gora ardi ditu orain. Eta, gazta egin eta saltzeaz gain, Alluitz Natura deituriko baserri giroko negozioa dute.

Hirian bizita, ez zuen inongo harremanik artzain bizitzarekin, baserri giroarekin eta ardiekin. “Animaliekin izan dugun harreman bakarra mendian haien atzetik jaten ematen joaten ginekoa da”. Baserrira bizitzera joanda ere, artean Bilbon zuten tabernan lan egiten zuen. Bigarren etxebizitza zuten Mendiolan; baina, denbora aurrera joan ahala, gauzak aldatuz joan ziren, eta hasieran bigarren etxebizitza zena etxebizitza bakar bihurtu zen.

Belarra erraz hazten da inguruetan, eta mozteko ordua iritsi zitzaion Solanari. Horretarako, hamahiru ardi erosi zituen. Hori izan zen ardiekin izan zuen lehenengo hartu-emana. Ondoren, egoerak behartuta, artaldea handituz joan zen. Bilbo Zaharrean zuten taberna utzi, eta, baserri giroan guztiz murgilduta, artzain lanei ekin zieten. Eta horrela hasi zen gazta egiten eta bizitza baserritik bideratzen.

Solanak badaki aldaketa handia dela hiritik mendirakoa. “Ez da positiboa izan, ez eta negatiboa ere. Ostalaritza asko gustatzen zitzaidan, eta oraindik atsegin dut. Baina momentuko egoera zela-eta mendian bukatu dugu. Aldaketa izugarria da. Adibidez, hirian ez duzu zertan autoa izan, eta hemen, berriz, derrigorra da”. Bilboko tabernan lanean “lasai” bizi zela dio Solanak. Abadiñon, berriz, une oro dabil lanean, “gelditu ere egin gabe”.

Artzain peto-petoa da gaur egun. Azaroan hasi ohi da lanaren garairik “gogorrena”, Solanaren irudiko; izan ere, erditzeak eta jezteak izaten dira uztail erdira arte. Egun osoa ematen du lanean Solanak: “Beste edozer egiteko aukerak urriak dira; hau da, lagunekin egoteko, egun-pasa joateko eta horrelakoetarako. Egun osoa lanean eman, eta mila lan egiteke dituzula esnatzen zara, eta eginbeharrak bukatu gabe oheratzen zara”. Uztailetik aurrera lana “murriztu” egiten da, eta “lasaiago” ibiltzen da. Bi lanak banatuak dituzte: Solana arduratzen da ardiak zaintzeaz, eta haren emaztea da gaztagilea. “Baina, oro har, ezin naiz ibili orduari begira. Egun osoko lana izaten dut normalean”.

Idiazabalgo gazta “asko saltzen zen lehen”, baina “beherakada” nabarmena izan duela dio. Horrenbestez, orain gutxi beste mota bateko gazta egiten hasi dira. “Orain urte batzuk egiten zen gazta berreskuratzeko asmoz gabiltza”. Euskal Herrian artzain askok egiten dute Idiazabalgo gazta. “Gehienok egiten dugun gazta mota da; horrela, osasun arautegia Idiazabalgo gaztara moldatu dute. Oso zorrotza da arautegia hemen, eta honek beste gazta batzuk egiteko zailtasunak besterik ez du ekartzen”. Solanaren aburuz, Ipar Euskal Herrian “malgua” da arautegia Hegoaldekoarekin alderatuz: “Hemendik, Abadiñotik, ehun kilometrora joan, Iparraldera joan, eta pentsaezina da han ikusten diren gazta mota batzuk hemen egitea, ezinezkoa”. Beste mota bateko gazta egiten ahalegintzen da Solana, baina gastuak ere handitu egiten zaizkiola azaldu du: “Beste gazta bat egin nahi baduzu, Osasun Sailekoek esaten dizute beste gazta ganbera batzuk behar dituzula, eta, azkenean, gazta berri hori ez zaizu errentagarria irteten, gastu asko baitauka aurretik”.

Alluitz Natura

Krisiaren ondorioz gaztagileek aurrera egitea zaila dutela dio Solanak. Salmentek “gogor egin dute beherantz”, eta, hori dela eta, denengan izan du eragina. “Gainera, inbertsio handiak eginda eta ordainketak amaitu gabe izanda, are gehiago zailtzen da”. Bi urte dira Alluitz Natura proiektua abian jarri zutela, oztopoei aurre egiteko. Ordutik, baserri bizitza erakusten dute.

Solanak dio artzainarena eta gaztagilearena “lan bakartiak” direla: “Mendian ardiekin edo baserrian, denbora asko igarotzen duzu bakarrik. Andreak gazta egiten du, eta hori ere lan oso bakartia da”. Urte luzez ostalaritzan ibiliak dira biak, eta Solanak badaki “aldaketa nabarmena” izan dela berea. Ostalaritzan ohikoa da jendearekin harremana izatea une oro; mendian, aldiz, bakarrik egoten da ia beti. Jendearekin harremanak izateko “gogoak” eta ekonomikoki beste irtenbide bat bilatu behar izateak bultzatu zituen Solana eta familia askotariko tailerrak ematera: artilearen tailerra, xaboia egiteko tailerra, argizari tailerra eta beste hainbat tailer irakasten hasi ziren. Horrez gain, naturarekin harremana duten jokoak egiten dituzte umeekin. Egun batez artzain izateko aukera ematen duen tailerra ere badute eskaintzaren barruan sartua.

Bi urte hauetan negozioa zabaldu dute. Eusko Jaurlaritzak, gainera, Bizkaiko turismoari begirako sei eskaintzatan sartu du egun batez artzain izateko tailerra. “Gure aukeretan arrakastatsuena da hau; jende gehienak aukeratzen duena”. Lau ordu irauten du, gutxi gorabehera. Hainbat jarduera egiten dira, artzain baten bizitza nolakoa den erakusteko: gatzatua egin, artzain txakurra hezteko lanetan aritu eta ardiak jetzi, adibidez. Lehenengo, gatzatuak egiten dituzte. “Gatzatuaren unea gaztari buruz hitz egiteko aitzakia moduan erabiltzen dut: lehen nola egiten zuten, gaur egun nola egiten den…”. Gatzatuak egindakoan zelaira joaten dira, eta han aukera izaten dute artzain txakurra ardiekin lanean ikusteko. Ardiak gordetakoan, horiek jezteko gela ikusteko parada izaten dute. “Gaur egun nola egiten dugun erakusten diet, eta lehen nola egiten zuten. Gainera, aukera ematen diet ardiak antzinako eran jezteko”. Bukatzeko, lehen orduan egindako gatzatuak jan eta tailer ugaritan aritzeko aukera dago.

Oraingoz, tailerrak eta erakustaldiak etxaldean eraiki berri duten lokal batean egin dituzte. Baina azoka ugaritan ere hasi dira zerbitzu hori eskaintzen; artzain txakurrek ahate eta antzarekin nola lan egiten duten erakusten dute, besteak beste. Abadiñon, irailero, Baserri Eguna antolatzen dute. “Jendeari parte hartzeko aukera ematen diogu, askotariko tailerrak baititugu, eta urtero gauza berriak sartzen ahalegintzen gara”.