“Behin bakarrik delako”

Urtean jaiegun bakarra, eta berezia delako. Halako hautua egin dute azken urteetan Gernika-Lumoko dendari batzuek. Aste Santuko jaiegunetan itxita egon ostean, pazko astelehenez ateak zabaltzen dituzte, egutegiak itxita egotea dagokiela dioen arren. Gernikako astelehenetako azokak ere ez du jai egiten. Astelehena bada, astelehena da. Eta hark daukan erakartzeko indarra aprobetxatzea erabaki dute zenbait merkatarik. Oraingoz, ez dira asko, baina urterik urtera gehituz doaz.

Astelehenero jende dezente gerturatzen da herrira. Eta udaberriko oporretako azken egun horretan, oraindik gehiago. “Inguruko herri handietatik jendeak Gernikara egun-pasa etortzeko ohitura dauka. Zornotzatik, Bermeotik, Lekeitiotik, Mungiatik… Eta Aste Santuan gure herria bisitatzen duten turistak ez dira gutxi; batez ere, Katalunia aldekoak”, dio Marisa Cruzek. Hala, herria jendez lepo egoten dela ikusita, negozioa zabaltzearen inguruan hausnartu du azken urteetan. Eta aurten animatu egin da.

Arropa denda bat dauka San Juan kalean. Lehen, beharginak zituen arren, gaur egun bera bakarrik arduratzen da dendaz. “Orain arte gogoa nuen arren, oporretara joaten ginen. Aurten hemen egon naiz, aukera izan dut, eta zabaldu egin dut. Baina goizez bakarrik”. Domeketan eta jaiegunetan zabaltzearen aurka dagoela dio. Baina egun hori apartekoa dela iruditzen zaio, gainontzeko jaiegunetan ez dagoen giroa egoten delako herrian. “Urtean egun bakarra den neurrian ikusten dut ondo, bestela kontra egongo nintzateke. Atseden hartzeko eskubidea dugu. Bestela zer egingo dut? Langile bat hartu, eta jaiegunetan ekarri? Merezi al du?”.

Uste du bestelako egunetan ez litzatekeela errentagarria izango, baina pazko astelehenez, bai. Aurtengo esperientziarekin sano pozik dago. Edozein hiru astegunetan goizetik arratsaldera adina saldu zuela dio. Horregatik, hurrengo urteetan ere, aukerarik badu, zabaltzeko asmoa duela iragarri du. “Aspaldion larri gabiltza, eta halako egun batek hileko kontuak orekatzen lagunduko badu, zer du horrek txarretik?”.

Gernika-Lumoko dendak zapatu arratsaldez itxita egoten dira. Baina Cruzek badaki batzuek zabaldu egin dutela. “Nik ez nuke egingo. Herria hutsik egoten da. Zertarako? Zabalik izateak gastu gehiago sortzen ditu”.

Barrenkalebarrena kaleko andreentzako arropa denda batekoek bigarren urtez izan dute zabalik. Iazko arrakastak aurten ere animatu ditu. “Oso urte txarra izaten ari gara. Salmenta gutxi dago. Ez dugu zulotik irtetea lortzen. Gure kasuan erabakia argia da. Hiru bazkide gara, hirurak autonomoak, eta, gure ustez, ia-ia behartuta gaude zabaltzera”, azaldu du Cristina España Jandiolak. Bizpahiru orduz zabaltzen dute, eta, haren esanetan, ohiko astelehenetan beste saltzen dute. “Baina egin kontu astelehenak direla guretzat egun indartsuena. Gainontzekoetan, oso eskas ibiltzen gara. Horregatik guk ez dugu pentsatzen jaiegun batez zabaltzen ari garenik, beste astelehen batez beharrean ari garela baino”.

Merkatu plazaren ondo-ondoan daude, eta horrek lagundu egiten duela iruditzen zaio. Egun horretako bezeroetako asko turistak direla azaldu du, baina betiko Gernikako jendea ere bai. “Guk zapatu arratsaldeetan itxita edukitzen dugu. Astegunetan beharra egin behar dutenek egun hori aprobetxa dezakete arropa erosteko”.

Negozioa itxita edukitzen duten batzuekin ere hitz egiten saiatu da Bizkaiko Hitza. Ez dute adierazpenik egin nahi, baina ez dute ontzat jotzen. “Jaiegunak atseden hartzeko dira”, diote. Merkataritza berpizteko Gernika-Lumoko Udalak gehiago egin beharko lukeela diote batzuek; “besteko egunetan herria bizirik egoteko neurriak hartu”, berbarako.