Astelehenetik domekara, jaiegunetan ere bai, eta ordutegi muga barik. Baldintza horietan ireki ahal izango dute Bilboko hainbat merkatarik uztailean eta abuztuan, datorren urtean hasita. Hain zuzen ere, euren negozioa Zazpikaleetan, Abando eta Indautxuko zabalguneetan eta Deustuan dutenei onartu die “eskubide” hori Eusko Jaurlaritzak. Batzuek begi onez hartu dute neurria, nahiz eta ez duten oso argi zer geratuko den. Beste batzuk, ordea, erabat haserre agertu dira. Bizkaidenda Bizkaiko merkatari eta ostalari elkarteen federazioak egindako salaketaren arabera, 2.261 negozio itxiko lirateke hori aurrera eramanez gero, hau da, 3.886 enplegu galduko lirateke.
“Autonomoa naiz. Ez dut beharginik. Neu bakarrik egoten naiz dendan. Astelehenetik zapatura egiten dut beharra. Domeketan ere etorri beharko dut? Hara, bakoitzak egin dezala nahi duena. Ez zait gustatzen jendeari debekuak jartzea. Gura duenak zabaldu dezala. Nik ez diot arazorik ikusten. Baina ni neu ez nago prest”. Bellaniz Cortesek argi dauka bere erabakia. Indautxuko jeans estiloko arropa denda baten jabea da. Ez du uste bere inguruan dauden negozioek irekiko dutenik. Ez zaio iruditzen beharrik dagoenik ere. “Negozio handia dutenek agian aukera izango dute; horretarako baliabideak edukiko dituzte. Baina merezi die? Nik ez dut uste. Domeka eta jaiegunetan hau oso lasai egoten da. Ez dabil jenderik kalean. Hara, lehen zapatu arratsaldeetan ez genuen zabaltzen, baina batzuk hasi ziren, eta azkenean denok joan gara atzetik. Eta besteek egiten dutelako egiten dut nik. Jendea paseoan ibiltzen da kalean, eta denda zabalik ikusten badu sartzen da. Baina erosi? Erosi ez du ezer erosten. Domeketan beste horrenbeste gertatuko litzateke”.
Bat-batean jendea zabaltzen hasiko balitz, agian, zapatu arratsaldeekin gertatu zen legez, berak ere zabaldu egin beharko lukeela dio. Eta ez zaio bidezkoa iruditzen. “Errentagarria izango litzateke? Ez, lepoa jokatuko nuke. Dirua galduko genukeela uste dut. Denda zabaltzeak bere gastuak ditu. Probatu arte ezin da jakin zenbat salduko genukeen, baina seguru nago ez litzatekeela gastuak ordaintzeko beste”.
“Argitarako ere ez!”. Aurreikuspen hori egin du Begoña Lozanok. “Eta hori ez da denda zabaltzeak eragiten digun gastu bakarra”. Auzo berean dauka denda berak ere. Gehiago itoko liratekeela uste du. Beste batekin batera, duela urtebete zabaldu zuen negozioa. “Autonomoak gara, ekintzaileak. Gogotsu hasi gara, baina ez da erraza. Horrela estutzen bagaituzte, negozioa itxi egin beharko dugu”. Bazkidea eta biok ordutegiak zabaltzearen aurka daude. Uste dute eskaintza “oso zabala” dela orain ere. “Astean sei egunean daude dendak zabalik, goiz eta arratsalde. Gure kasuan, eguerdietan ez dugu ixten. Jendeak badu aukerarik. Inork ezin du esan ez daukanik dendetara joateko astirik. Eta ez dute esaten, e?”. Zabaldu beharko balute, eurek egin beharko lukete lana. Ez daukate baliabide ekonomikorik langile bat hartu ahal izateko. “Nik astean atseden hartzeko egun bat behar dut. Eskubide hori badut, ala? Horretarako dira domekak”. Eta bezeroak ere “egun batez kontsumista ez izateko” beharra duela iruditzen zaio. “Bestela, a zer gizarte eredua gurea!”.
Neurri batean, Lozanok ulertzen du liberalizazio hori justifikatzeko eman diren argudioetako bat: turista eta bisitariek eskatzen dutela. “Baina hori Guggenheim inguruan eta Kale Nagusian izango da. Indautxu alde honetan ez dabil turistarik kalean. Beste egunetan ere kostata saltzen dugu. Merkataritzak bestelako konponbide batzuk behar ditu. Hau ez da gure arazoak desagerraraziko dituen sendagai magikoa”. Bere kaleko beste dendariekin ere egin du berba, eta bere iritzi berekoak direla dio. “Hemen gehienok negozio txikiak ditugu. Kale Nagusian eta Abandoibarran dauden denda handiek ondo ikusten dute erabakia. Jabeak ez dira etorriko, langileak hartzeko aukera dutelako”.
Langile gehiago
Eta asmatu du. Kepa Uribarrenak Moyua plaza ondoan dauka gizonezkoentzako arropa denda handi samar bat. “Printzipioz, erabaki zuzena dela uste dut. Baina kontua ez da bakarrik legeztatzea edo ez. Enpresak horretarako gaitasuna behar du. Hau da, astean zazpi egunez zabalik egoteko behar beste behargin beharko lirateke, eta badakit askok ezin dutela jende gehiago kontratatu”. Eurek, gaur egun ezingo lukete, sei eguneko lan asterako txandak osatzeko lantaldea daukatelako. Baina, “negozioaren egoera ekonomikoa eta salmenten bolumena ikusita”, ahal dute jende gehiago kontratatzea. “Sinetsita nago errentagarria izango litzatekeela. Bilbon badago horrenbesterako merkatua. Denda bik bakarrik zabaltzen badute, jendea ez da erosketak egitera irtengo. Baina denok zabalduz gero, seguru”. Noiz edo noiz bezeroek gaia aipatu izan dietela dio, ea zergatik ez duten domeketan zabaltzen galdetu dietela.
Udako kontua litzatekeela ekarri du gogora, eta Bilbon turismoak duen loraldia kontuan hartuta, mesedegarria iruditzen zaio. “Aurreko bi asteetan, ikusi dugu munduko saskibaloi kopa dela- eta zenbat atzerritar ibili den gure artean. Eta erosi dute, e?”. Abuztuaren 31n, domeka, dendak zabaltzeko deia egin zuen Bilboko Udalak, partidak ikustera etorri ziren zaleek “hiria bizirik” aurki zezaten. Uribarrenaren denda itxita egon zen. “Egun bakarra izan zen, eta ez zuen merezi horretarako jendea kontratatzeak. Baina udako bi hilabeteetarako? Zergatik ez?”.
Nagusiak ahal badu
Langileen artean ere ez dago iritzi bateraturik. Vanesa Barrenak Kale Nagusitik gertu egiten du beharra, Colon de Larreategi kalean. “Berezoari eskainitako arreta hobetzeko balio badu, niri zoragarri iruditzen zait. Eta, agian, negozioarentzat ere ona izango da. Seguru nago jendea etorriko litzatekeela denok zabalduko bagenu”. Ez du berba egin ugazabarekin, baina uste du animatuko litzatekeela. “Orduak ondo antolatzeko besteko taldea gara. Eta niri ez lidake askorik lebako. Asteroko egun libreak orain arte beste izaten badira, ni gertu domekan etortzeko”.
Begoña Jimenez, berriz, San Mames kaleko ume arropa bateko behargin bakarra da. Ez du uste nagusiak irekiko duenik. “Nola moldatuko da? Bera etorrita? Ni behartuko nau? Ordu estrak ordainduko dizkit? Domeketan salduko litzatekeen apurrarekin ez luke nahikorik irabaziko”. Erabat kontra dagoela dio. “Beharginok ere atseden hartzeko eskubidea dugu. Ezkonduta nago, eta seme-alabak ditugu. Haiek asteburua dute libre, eta nik ere izan beharko dut, ba, astean egun bat haiekin egoteko?”.