Zentzua duenetik maite ditu zaldiak Eider Guenaga etxebarriarrak. Gogoan du 4 urte zituenean osabaren behorrei begira igarotzen zituela orduak, eserita, mugitu ere egin gabe. “Huraxe zen gehien gustatzen zitzaidana”, gogoratu du. Txikitako afizio hura ez zaio nagusitzean desagertu, ordea, eta zaldiena ofizio bilakatu zaio azkenean. Iurretako Zelai Alai zalditegian lan egiten du Guenagak; bertan, zaldien zaintzaz arduratzeaz gain, 200 ikasle ingururi ematen dizkie eskolak aste osoan.
“Laguna, adiskidea, lankidea, erreminta… zaldia gauza asko da niretzat aldi berean. Momentuaren arabera, bata edo bestea”. Izan ere, Guenagaren bizitza animalia horren inguruan eraikita dago aspalditik. Bigarren Hezkuntza amaitu bezain pronto, 16 urterekin, argi zeukan zein izango zen bere etorkizunerako apustua, eta Gironara (Herrialde Katalanak) joan zen zaldiketetako kirol teknikari ikasketak egin eta agiria eskuratzera. “Aitak esaten zidan Batxillergoan hasiz gero ez nuela ezer egingo, zaldien mundua besterik ez neukalako buruan. Eta arrazoi osoa zeukan”. Gironako esperientzia “oso ona” izan zen harentzat, lehenengo urtea nahiko gogorra egin zitzaion arren: “Hasieran kostatu egin zitzaidan. Imajinatu Etxebarria bezalako herri txiki batetik Gironara joatea zer den! Aldaketa, sekulakoa. Bi urtez egon nintzen han, baina belaunean min hartu eta hona itzuli beharra izan nuen”. Etorri eta gutxira hasi zen Iurretan lanean, eta bertan daramatza dagoeneko lau urte.
Lehiaketetan ere parte hartzen du noizbehinka, beste zale batzuei eskolak emateaz gain. Duela gutxi Zornotzan jokatu ziren Euskal Herriko eta Bizkaiko txapelketetan aritu da Guenaga, eta baita postu ona lortu ere. Faktore ezberdinak epaitzen dituzte lehiaketetan, modalitatearen arabera. “Oztopo jauziak, hezibidea eta krossa egin behar izan nituen azkenengoan; osoa deitzen zaio horri. Hezibidean, esaterako, estiloa eta mugimenduak hartzen dituzte kontuan, zaldiaren eta norberaren arteko konexioa azken finean”, kontatu du. Zaldiketetan hasten diren gehienek zaldizko izatearekin amesten dutela dio Guenagak, baina argitu nahi izan du ez dela kanpotik iruditu lezakeen besteko erraza. Zaldizko bezala “norbait izateko”, gaztetatik nabarmendu beharra dagoela uste du. Haren hitzetan, “onena” izan ezean, eta kirol ibilbidean izena hartzen ez bada, hori “ezinezkoa” da. “Azkenean, denok irakasle amaitzen dugu”. Genero ikuspegitik, halere, beste kirol askok ez duten alderdi positibo bat aurkitu die zaldiketei etxebarritarrak: “Gizon baino emakume gehiago daudela esango nuke. Onena da ez gaituztela sexuka ezberdintzen; denok batera lehiatzen gara elkarren aurka. Hemen esku ona behar da zaldiekin, eta kito”.
Ederra bezain gogorra
Argi dago lanbide hau Guenagak bezainbeste maite ez duenak kostata egingo lukeela hark egiten duen ahalegina. Astelehenetan izan ezik, asteko egun guztietan joaten da zalditegira. “10:00etarako egoten naiz Iurretan. Tresneria guztia ordenatu, zaldiak zenbatu, mugitu, zauriren bat baldin badute sendaketaren bat egin… horrelako gauzak egiten ditut goizean. Hau da, mantentze lanetan ibiltzen naiz, lekua eta zaldiak zaintzen. Eta arratsaldean umeei klaseak ematen dizkiet. Azkenean errutina bat da, baina animaliak tartean daudenean ez dakizu noiz hautsiko den errutina hori. Edozein momentutan gerta daiteke ezustekoren bat”, laburtu du bere egunerokotasuna.
Esfortzu fisiko handia eskatzen duen ogibidea da. Etxera iristen denean lo egiteko bakarrik izaten du indarra, eta horregatik aisialdiko plan askori ezetz esan behar izaten diela aitortu du. “Lan honek sakrifizio handia eskatzen du. Nire lagunekin gutxi egoten naiz, nahi baino gutxiago; baina, era berean, lagunez inguratuta igarotzen dut eguna”.
Alderdi zailez gain, “ilunak” ere badauzka mundu honek, Guenagaren ustez. “Tratu txarrak, iruzurrak eta itxurakeria handia” ezkutatzen omen dira zaldiketen apatxen azpian. “Zaldiak erosterakoan konfiantzazko norbaitengana jo ezean, engainatu egin zaitzakete. Min hartutako zaldiak saltzen dituzte askok osasuntsuen prezio berean”, ohartarazi du. Haren esanetan, kanpotik denak “oso polita” eman arren, zaldiketen munduan “ez dago jende on asko”, eta zenbat eta barrurago sartu, argiago ikusten da hori. “Nahiko sentibera naiz, eta mundu honetan hori ez da komeni”, aitortu du.
“Basakerien” aurka
Tratu txarren kontua aipatzean, bere herriko jaietako ohitura bat gaitzetsi du Guenagak: Etxebarrian pottokak askatzen dituzte festetako gau batean, herriko denak parrandan dabiltzala. “Jendea eroen pare jartzen da, eta pottokak jo, beldurtu eta lurrera botatzen dituzte. Edozer egiten diete; basakeria hutsa da”. Guenagak jai batzuetan pottoka bat ukabilkatzen ari zen ezagun bat geldiarazi behar izan zuen, egoera hura ikustea jasanezina egiten zitzaiolako. “Neurriak hartzeko prest nago, horrelakorik berriro gerta ez dadin”.
Noizbait bere zalditegia izatea gustatuko litzaioke Lea-Artibain, eskualdean ez baitago mota horretako gunerik. “Zalditegi bat jartzea lortuko banu, umeei irakastea izango nuke helburu, lehiaketetarako prestatzeko”. Guenagaren hitzetan, bere ikasleek zaldiketen munduan jarraitzea erabakiz gero, eta pixkanaka mailaz igotzen joango balira, irakasle lana ondo egin duela sentituko luke. “Zortedun sentitzen naiz daukadan lana edukita”.