Uztailean eta abuztuan beti ibiltzen dira larri. Baina, aurten, abuztuaren lehen hamabostaldian, are estuago sentitu dira. Donejakue Bidearen Lagunen Bizkaiko Elkarteak kudeatzen dituen sei aterpetxeetan ez dute behar beste leku izan bi aste horietan jasotako ohe eskaera guztiei erantzuna emateko. “Pobeñakoan [Muskiz] aterpetxe barruan baino jende gehiago izan dugu kanpoan lo”, ekarri du gogora Juan Jose Mateu elkarteko kideak. Ostatu arloaz arduratzen da. Elkartea irabazi asmorik bakoa da, eta boluntario bidez lan egiten dute. Galiziara bidean Bizkaitik igarotzen diren erromesei doan ematen diete aterpea, “borondatearen truke”.
Aitortu du euren arazoa jendea hartzeko gaitasuna mugatua izatea dela. “Daukagun lekua daukagu, eta jende gehiago badator, ezin dugu ezer egin”. Azken urteetan, erromesen kopuruan gorakada nabaritzen ari dira. “Iaz, 15.200 laguni eman genien aterpe Bizkai osoan. 2012. urtean, berriz, 13.000 izan ziren. 2.000ka igotzen ari da. Aurten, daborduko, 13.000 pasatxo izan dira, eta espero dugu iraila bukatzerako iazko marka gainditzea, nahiz eta behin abuztua pasata apur bat moteldu egiten den kontua. Bilakaera ikusita, datorren urtean are gehiago izatea espero dugu”.
Mateuren esanetan, 2000. urtean hasi zen indarra hartzen kostaldeko bidea deritzona. Administrazioek lan handia egin dutela dio, ezagutzera emateko eta sustatzeko orduan. “Turismo kanpainetan, gidetan, hedabideetan… Beti dute ahotan Donejakue bidea. Eta hori oso ondo dago. Baina jendea etortzea nahi baduzu, horretarako prest egon behar duzu”. Hau da, publizitate arloan egindako lana “sekulakoa” izan dela iruditzen zaio. Baina ohartarazi du erromesentzako azpiegituretan ez dela “behar beste” inbertitu. “Gure elkartea asko laguntzen dute; hori aitortu behar diegu. Baina aterpetxeen beharrari ez diote erreparatu. Datozenek non egingo dute lo? Parkean? Kutxa automatiko batean? Erromesak ez du besterik gura: aterpea lo egin ahal izateko. Askotan oherik ez badute ere ez die leba”.
Elkarteak zabaldu duen azken aterpetxea Gernika-Lumokoa da. “Udalek lokal bat uzten digute denbora tarte baterako, eta gu oheak jartzeaz eta kudeatzeaz arduratzen gara. Normalean ikastetxeak izaten dira”. Hori da Busturialdekoaren kasua ere. Allende Salazar eskola publikoaren kiroldegian ipini zuten estreinakoz duela hiru urte. “Udalek mantentze lanak egiteko aprobetxatzen dituzte opor hilabeteak. Beraz, hasieran hamabost egunerako baino ez ziguten utzi. Aurten, abuztu osorako baimena lortu dugu”. 35 ohe ipini dituzte, eta gauero bete dira. “Aurten ondo portatu garela uste badute, agian datorren urtean bi hilabeterako baimena ematea erabakiko dute”, esan du itxaropentsu.
Maiatz hasieran ekiten diote denboraldiari. Orduan zabaltzen dituzte Markina-Xemeingo eta Pobeñako aterpetxeak. Lezamakoa ekainetik aurrera egoten da irekita. Portugaletekoa, berriz, uztailean eta abuztuan bakarrik. Izan ere, lokal guztiek beste erabilera bat izaten dute urtean zehar. Salbuespena Bilbokoa da. Altamira auzoko eskola zaharren egoitza eman zien udalak. Hartara, urte osoan izan dezakete erromesak hartzeko prest. Eta, bide batez, beste aterpetxeetan jarriko dituzten oheak eta enparauak gordetzeko biltegia ere bertan dute atondua. “Egokiena horixe izango litzateke herri guztietan: beharra dagoen aldiro erabil daitekeen leku bat izatea eskura”. Urtero egiten duten legez, urtarrilean berriro joko dute udaletara, 2015eko kanpainan aterpetxea jartzeko baimen eske. “Ea urterik urtera eskaintza handitzeko aukera dugun. Erromesen mesederako izango da”.