Bukatu berri da Bilboko Aste Nagusia. Hamar gaueko astea posible egiten duten guztiei zoriontzeko gogoa izan dut. Azken urteetan ezin, baina aurten bai, plazak eta kaleak betetzen ibili gara, eguna eta gaua biziz, momentu oro aprobetxatzeko nahian. Hamaika argazki berri gorde ditut nire memorian. 36 urtetan pilatuz joan direnekin batuko dira. Zuri-beltzean gogoratzen ditut lehenengo jaietako argazkiak, gurasoekin, Areatzan ogitartekoa, suak eta etxera. Txupinak koloretako argazkietan daude; udaletxean, Plaza Barrian eta, azken urteetan, Arriaga plazan. Zergatik pizten digu horrenbeste sentimendu Aste Nagusiak? Ziurrenik, gakoa jaien ereduan dago. Jaiei herri mugimenduek eta herritarrek egiten diote ekarpen handiena. Behetik gora antolatzen den eredu parte hartzailea da. Sustraiak ondo jarrita ditu gure jai ereduak, azken urteetan argi geratu da ez dugula aldatzerik nahi. Beste urte batez erlojuak zoratuta ibili dira, goizeko txupinak egunero esnatu gaitu, eta, azkenean, ke artean joan zaigu Mari Jaia datorren urtera arte.
Normalean, horrenbeste zalapartaren ostean, hirira isiltasuna dator; dena jaso, eta astebetez hiria lozorroan geratzen da. Aurten, ordea, Aste Nagusia bukatu eta bi egunetara, Areatza karpa eta agertokiz bete zaigu. Munduko saskibaloi txapelketa dela eta, Bilbao Bizkaia Fan Zone eremua bihurtu da Areatza: FIBA 2014ko txapelketako taldeen faseko partida guztiak zuzenean ikusteko pantaila erraldoia, saskibaloi jokalekuak, musika emanaldiak… Estatu Batuak, Finlandia, Turkia, Zeelanda Berria, Dominikar Errepublika eta Ukrainako selekzioen partidak ikusteko Bilbora biltzen diren atzerritarrentzako aisialdi eremua da orain jaigunea zena. Bertan dago Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bilbao-Bizkaia Euskadi-Basque Country stand izugarria, eta hura bisitatzeko aukera izan dugu. Kristalezko basoetan edan dugu freskagarria! Baina guk aspaldi ikasi genuen jaialdi erraldoietan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen. Harriduraz begiratu dugu ingurua, arrotz sentitu gara. Ez saskibaloi zaleak ez garelako, ez, gure hizkuntzaren arrastorik topatu ez dugulako, ez karteletan, ezta bozgorailuetatik datozen hitzetan ere. Agintariak harrera onaz eta irudiaz mintzatu dira, gure herriarentzat txapelketa honek duen garrantziaz… Beste behin ere pulpitutik aholkuak edo aginduak eman dituzte. Baina Bilboko alkate jauna kexu agertu da igandean Bilboko dendak zabaldu ez dituztelako. Aizu, baina gogora ekarri beharko diogu jai egunetan jai egitea tokatzen zaigula denei, ezta? Nola zen? A, bai, jaietan jai.