Ferixa Nagusikoen jaiak

Ferixa Nagusikoak iritsi dira Elorriora. Hasiera ofiziala bihar arte egingo ez bada ere, aukeren azoka antolatu du Merkatarien Elkarteak gaur, elizpean. Bigarren eskuko produktuak, artisautza elementuak zein trukerako denetariko gauzak aurkituko dituzte egun osoan azokara biltzen direnek. Pilota partidek eta txosnetan antolatu duten Gazte Egunak jai giroan murgilduko dituzte elorriarrak eta handik kanpokoak, ospakizuna hasi aurretik. Tailerrak eta herri bazkaria egiteaz gain, Pixontxis eta South Central Londresko DJak arduratuko dira musika jartzeaz, bezpera egun honetan.

Bihar, kirola, umeentzako jarduerak eta musika tartekatuko dira. Futbol partidak jokatuko dituzte Elizalden, goiz eta arratsaldez. Haur parkea ere goizean eta arratsaldean zabalduko dute. 18:45ean, gainera, bitsaren jaia egingo dute, frontoian.

Ai Ene erromeriak lehen saioa abiatuko du 19:00etan, pregoia irakurri eta suziria jaurti baino lehenago. Aurten, Gazetako Kofradiari egokitu zaio ohorea. 400 urte bete dira sortu zenetik. “Elorrioren jatorria diren landa inguruetako auzoetako biztanleen lan guztiaren ikur da”, udaletik jakinarazi dutenez.

Txupinazoaren ostean, Ai Ene taldeak bigarren saioa eskaini eta gero, nazioarteko mariatxiek emanaldia hasiko dute Urarkan, eta handik kalejiran aterako dira.

23:00etan, danbor hotsek hartuko dute plaza, danborradagaz. Gero, zezensuzkoaren argiek emango diote kolorea eta beroa gauari, 00:20etatik aurrera. Txosnetan, Bad Sound System eta Summum Art musika taldeak ariko dira.

Nekazaritza azoka, etzi

Domekan, beste azoka bat izango dute Elorrion. Oraingoan, baina, abereak eta nekazaritzako arloak izango dira protagonista. Feriagunean egingo dute, 10:00etan hasita. Ferixa Nagusia delakoa da, jaiei izena ematen diena.

Goiz osoan txistularien kalejira ibiliko da herrian barrena. Ez da izango kaleetan entzun ahal izango den musika mota bakarra, ordea. Izan ere, 13:00ean, M’lomp kultur elkarteak Senegalgo musika eta dantzen erakustaldia egingo du.

Helduek bihar egingo dute danborrada, eta etzi iritsiko da umeen txanda. 19:00etan hasiko dute emanaldia. Ostean, London orkestrak saioa eskainiko du. 20:00etan, txosnetan izango dira jarduerak. Antzerki saioa antolatu dute. Zezensuzkoaren aurretik lasterka ibiltzeko etenaren ostean, London orkestraren ikuskizunak aurrera jarraituko du, eta hala amaituko dira guneko ekitaldiak.

Kuadrillen eguna

Astelehena kuadrillen eguna izango da. Euren arteko bazkaria eta tortilla lehiaketa antolatu dituzte hilaren 8rako Aldatsekuan. Kontzertuak, kuadrillen jaitsiera, diskoteka mugikor eta guzti, eta jokoak prestatu dituzte eurentzat, egun osoan. 19:30ean, erromeria eskainiko dute Arantzak eta Pantxoak. Zezensuzkoak aterako dute berriz ere plazara 22:15ean. Eta amaitzeko, Makro disko Abiba DJ Jaiak girotuko du festa eremua. Hortik aurera, hilaren 14ra arte denetariko jardueraz gozatzeko aukera izango dute haurrek, gazteek, helduek zein nagusiek.

Ferixa Nagusikoak, Elorrion

Gaur hasi eta hilaren 14ra bitartean denetariko jarduerak izango dituzte Elorrioko jaietan.