“Amaitzear dago hau”

Utzi egin du artaldearen zaintza Vicente Gotik. 60 urtez ibili da horretan. Ez du oinordekorik, bere ofizioari bizirik iraunarazteko. Milaka urte dituen lanbidea da harena, eta desagertzear dago Gorbeia inguruan. Teknologiak erraztasunak ekarri arren, artzainek ezkor ikusten dute etorkizuna. Hala ere, uko egiten diote euren bizitzak zeharo bete dituen eta oraindik betetzen dituen lanbidea betiko uzteari.

Austigarbira (Bizkaia) igotzeak sekula ere sendatuko ez zaion zauria sortu zion. Autora igotzeko mugimendu motel eta traketsak egiten ditu. Nagusia ere bada. Zailtasunez eta nekez eseri da gidariaren ondoko jarlekuan. Autoa martxan jarri dute. Beste bi doaz Gotirekin batera: Juan Goti iloba eta Toñi Ganzabal laguna.

Berak eginiko ogia, gazta, txorizoa eta ardo botila duen otarre baten gainean jarri du besoa Gotik. Begirada autoaren kristaletik kanpora galdu du. Duela zenbait urte pentsaezina zen halako Patrol batekin mendi puntara igotzea.

Orozko Austigarbiko tontorrera daraman paisaiarentzat bakarrik dauka begirada. Gorbeiako inguruak erabat harrapatzen du. “Errepide hau lokatzezkoa zen duela ez hainbeste”, gogoratu du Juan Goti ilobak. Osabak ez die kasurik egiten komentario horiei. Begirada paisaiak sortutako nostalgian galdua dauka. Ordu erdian egin dute bidaia. Duela bost urte oinez egiten zuen Gotik, bere artaldea osatzen zuten 200 ardiekin. Hiru ordu eskas behar izaten zituen.

74 urte egin berri ditu. Mende erdia baino gehiago eskaini dio artzaintzari. 15 urteko mutikoa zela ekin zion ofizioari. Familiako tradizioari jarraituz hasi zen zeregin horretan. Gaur, Austigarbiko txabola eta makila besterik ez ditu gordetzen ogibidearen lekuko. Osasun arazoak gero eta nabarmenagoak izan zaizkio urte hauetan. Horregatik, duela bost urte, artaldea saldu, eta bertan behera utzi behar izan zuen bizimodu bihurtutako lanbidea. “Iloba gabe ezinezkoa litzaioke hona gora igotzea”, adierazi du Toño Galzabal lagunak. “Bakarrik igo izan balitz, hemen geratuko litzateke, eta ez legoke modurik Orozkora bueltan eramateko. Baina bere mundua mendian dago”.

Gaztea zela artaldea saldu, eta Orozkoko lantegi batean lan egin zuen Gotik. Ez goiz jaikitzeak ez lan baldintza gogorrek ez zioten bere lana egitea galarazi. Baina nostalgiak eta mendian bizitzeko beharrak artzaintzara eraman zuten bueltan: “Ez nintzen zortzigarren egunera heldu lantegi hartan”, gogoratu du Gotik. Ardiak berreskuratu, eta mendira bueltatu zen orduan.

Austigarbi paradisua da artzainarentzat, baita eguna Gorbeian eguna igaro nahi duten mendizaleentzat ere. Denbora gelditu egiten da han. Toki magikoa da, herriguneetako zaratatik urrun. Haizeak, putreak eta ardien zintzarriek musika sinfonia berezia osatzen dute. Herria eta mendia lotzen duen errepidea aparkaleku txiki batean amaitzen da. Handik hiru kilometrora dago Gotientxabola, zuloz beteriko aldapa gogor bat gainditu ostean. Baimen berezia duten ibilgailuek soilik igaro dezakete tarte hori: “Honako hau autopista da antzinako lur pistarekin alderatuz”, adierazi du ilobak autoa batera eta bestera kulunkatu den bitartean. Lehen, orain baino gehiago mugituko zen.

Gotiren etxola Ipergortako tontorretik kilometro eskas batera dago. Solairu bakarreko eraikinak dira. Antzina, egurrezkoak ziren, bi isuriko teilatuekin. Gaur egun, ordea, harrizkoak dira. Gotiren antzinako txabola egurrezkoa zen, solairu bakarrekoa eta barrualdean ohe bat zeukan tximinia parean. Garai hartako oroitzapenak gordetzen ditu tximiniako apalategian: Farias kutxa pila bat, eta beti 11:15 direla dioen iratzargailu zaharra. Gaurko txabolak ez dauka zerikusirik aurrekoarekin: harrizko egitura, ohatze bat, sukaldetxoa eta bateria erraldoi baten bidez hornitzen den sistema elektrikoa. Kanpoko aldean eguzki plakak ezarri dituzte. Artzainek lan egiten duten sasoietan behar bezala lo egiteko prestatuta daude eraikinak; hau da, maiatzaren hasieratik azarora arte.

Etxolara heltzean, Vicente Gotik, ilobak eta lagunak askaria prestatu dute. Otarreko ogia, gazta eta txorizoarekin jango dute, ardo on batek lagunduta. Menu horixe izan du Vicente Gotik hainbat urtez, lanegun luzeetan indarberritzeko. Mende bat baino gehiago duen eta eskuz eginda dagoen aulki batean eseri da Goti. Ez du asko hitz egiten, eta begirada txabolako bazterretatik galdu egiten zaio. Simon Larrea izeneko beste artzain bat etxola aurretik pasatzean askarira gehitu da. Goti bueltatu dela jakin du. 60 urte baino gehiago dituzte, eta euren lanbideari bizirik iraunaraziko dion oinordekorik ez. “Hau amaitzear dago”.

Artzaintza sasoian uste baino laguntasun gehiago dute artzainek. Txabolatik hurbil badira etxola gehiago. Horietan, Gotiren lagunak bizi dira. Haiekin igarotzen zuen denbora gehiena: “Udazkena zen urtarorik onena, lan gutxiago zegoelako. Txabola guztiak artzainez beteta egoten ziren, eta ezinezkoa zen hitz egin gabe egotea”, gogoratu du Larreak. “Goiz edo berandu, guztiekin topo egiten nuen, eta lauzpabost laguneko kuadrillarekin bazkaltzen nuen. Batzuetan, pozgarria da jendartean egotea”. Eguneroko igualtsua izaten zuten beti: esnatutakoan, gosaldu, ardiak jetzi, gaztak prestatu, txerriei jaten eman —txerriak zeuden garaian— ,eta, hortik aurrera, orduak igarotzen zituen ardiekin.

Errentagarritasuna galduta

Lan gogorraren fruituak ziren gaztak: “Lehen, Orozkora jaitsi, eta den-denak saltzen ziren. Urteak pasatu ahala, gaztak prentsan egiten hasi ziren, eta, onak izanez gero, jendeak erosi egiten zituen. Errentagarria zen benetan negozio hura, arautu zen arte. Arautu zenean, artzainek ezin izan zituzten euren produktuak zuzenean merkaturatu, eta eskaini zitzaigun irtenbide bakarra esnea zuzenean esnekien enpresei saltzea izan zen. Negozioa ez zen inoiz lehen bezalakoa izan harrezkero”, azaldu du.

Aurpegia aldatu zaio Orozkora bueltatzeko orduan. 74 urterekin ez da bere ardiekin bueltatuko, eta horrek zeharo goibeltzen du. Ibilgailua martxan jarri dute, berriz ere, eta atzean utzi urteetan hainbestetan artzaina babestu duen txabola. Jaitsiera hasi baino lehen, marea zuri batek gelditu du ibilgailua. Luis Larrearen ardiak dira, 78 urteko artzain batenak. Gotik kristalaren beste aldetik ikusten du dena. Jaitsi egin da, Larrearekin hitz egiteko: “Gaur egun, negozioa ez da batere errentagarria; baina orain arte honetaz bizi izan banaiz, ez litzaidake batere axolako beste 25 urtez artzain gisa ibiltzea”.