Zazpi urte daramatza Plentziako Arkote Beteranoak taldeak martxan. ABE beteranoen arraun ligako talde sortzaileetako bat eta ligako talde garrantzitsuenetakoa izan da azken urteetan, hiru aldiz txapeldun eta bi aldiz txapeldunorde bukatu ostean. Baina, iazko denboraldi bukaeran, kirol arlora mugatu beharrean elkarte bat sortzea erabaki zuten, bai ABE ligan, bai Plentzian, kirol eta antolakuntzan erreferente bihurtzeko asmoz.
Proiektua aurrera ateratzeko, iazko denboraldia bukatuta, arraunlariek, zuzendaritzako kideek eta taldeko beste kide batzuek beharrizana ikusi zuten batzeko eta taldearen eragin esparrua zabaldu eta oinarri sendo bat sortzeko. Horretarako, elkarte bat sortu zuten beteranoen arraun taldean. Elkarteari Arkote Beteranoak Batera izena jarri zioten, proiektuaren izaera irudikatzeko. Ricardo Lastra taldeko presidenteak azaldu duenez, “norbanakoen batuketak eramanago baitu proiektu hau aurrera”. Aurtengo otsailean abiatu zuten proiektua. Kultur elkarte bihurtzeak ez ezik, taldea sendotzearen beharrizanak ere bultzatu zituen taldearen izaera aldatzera Batera izeneko proiektuaren bidez. Taldekide kopuru handia izatea garrantzitsua dela uste du; bestela, beteranoen talde batean, bakoitzaren zereginak direla-eta askok ezin dute “ehuneko ehuna” eman. Azaldu du iaz hamabi baino ez zirela eta horrek emaitzetan eragin zuela. “Hiru liga irabazi ostean, iaz beherakada izan genuen jende faltagatik”. Ezinbesteko ikusten du trainerutik kanpo jendea laguntzen aritzea; uste du bestela “erreta” bukatzen dela. Oraintxe bertan 50 bat pertsonak osatzen dute elkartea. Asko Arkoteko arraunlari ohiak dira, baina Lastrak azpimarratu du taldea jende berriari irekita dagoela. “Aniztasuna da nagusi: adin ezberdineko jendeaz gain, Bizkai osoko jendea ere badago taldean”.
Ezagutzera eman beharra
Nahiz eta oraindik proiektuaren lehen fasean dauden, herri eta eskualdean mugitzen hasiak dira, beste elkarte kultural eta erakunde publikoekin lankidetza harremanak sortuz eta hilero ekintza kulturalak antolatuz. Horren bitartez, Arkote Beteranoak taldeak Batera proiektua herrian eta eskualdean “ezagutaraztea” du helburu. Bi estropada antolatu dituzte: lehena Plentzian jokatuko da, bihar; bigarrena, irailean, Armintzan (Lemoiz). “Arkote Arraun Taldea denek ezagutzen dute, baina Arkote Beteranoak, ordea, ez”. Horregatik, kultur proiektu ezberdinen bitartez herriko agenda sozialaren parte izan nahi dute, nahiz eta, oraindik, ideiak baino ez izan buruan. “Oraintxe bertan, arreta kirol denboraldian dugu jarria, baina horrek ez du esan nahi ez gabiltzanik arlo kulturalean lanean”, gaineratu du. Ekainean bertan Donostiara irteera bat antolatu zuten Arkoteko zaleentzat. Beteranoen egun bat antolatzea ere aurreikusi dute, eta denborarekin eskualdeko herrietako jarduera kulturaletan murgiltzea espero dute, nahiz eta Lastrak onartu duen zaila dela Plentziatik kanpo aritzea, beste herriek elkarte kultural propioak dituztelako.
Azpimarratu du Beteranoen taldea Arkote Arraun Taldearen parte dela oraindik ere, modu independentean lan egiten badu ere. Izen bera erabiltzen dute, baina beteranoek antolakuntza eta zuzendaritza propioa dute. “Enbor bereko bi adar dira”; adierazi du bi taldeen arteko harremana “bikaina” dela. Azpiegiturak eta egoitza Arkote arraun taldearekin partekatzen dituzte, eta taldearen kolore eta armarria mantentzen dituzte. Hala ere, materiala beteranoek erosia da, eta ekonomikoki burujabeak dira. Laguntza handiena Lemoiz eta Plentziako udaletatik jasotzen dute. Uztailean kanpaina bat hasi dute herriko dendetan, horien babesa jasotzeko asmoz. Arraunlariek ere hilero diru kopuru bat jartzen dute.
Bi taldeen arteko alde nagusia, baina, hierarkian dago. Kudeaketa “gardenagoa” lortze aldera, antolakuntza horizontalaren aldeko apustua egin dute Arkote Beteranoak Batera elkarterako. “Herriko bi kuadrilla gara, azken finean, betidanik ezagutzen garenak, eta ez genuen nahi inor besteen gainetik egotea”, azaldu du Lastrak.
Maila handiko liga
ABE liga orain zazpi urte sortu zen, arraun taldeetako beteranoen arteko lehia formalizatzeko asmoz. Gaur egun, hamar taldek osatzen dute liga: Getxo, Deustu, Lutxana, Sestao eta Arkote dira bizkaitarrak; Fortuna, Zumaia eta Zarautz gipuzkoarrak; Ibaialde lapurtarra ere kide da; eta Kantabriako (Espainia) Pontejos ere batu zaie. Ligak bilakaera handia izan du zazpi urteko historian. Egun, zabaltze prozesuan daude. Kirolarien maila ere “oso ona” da. Eta Arkoteko arraunlariek, beste zeregin eta beharrizan batzuk izanda ere, astean hirutan entrenatu beharra dute. Lastrak azaldu du lagunartean batu eta arraunean egiteko ideiarekin sortutako liga goi mailako lehiaketa bihurtu dela gaur egun. “Urte gutxiren buruan, afizionatuen mailatik profesionalen mailara pasatu gara”. Hala ere, hasierako lagunarteko giroa oraindik ere gailentzen da:”Estropaden ostean bazkari bat antolatzen da, eta hori ere bada ekintza soziokulturala”.